En directo
«Harrobiko txirrindularitza beharrezkoa da; konponbide bat behar du, txukuna eta iraungo duena»
Gipuzkoako txirrindularitzak bizi duen egoera salatu dute Donostian. «Azken urteotan, arazo asko izan ditugu lasterketak antolatzeko garaian», azaldu du NAIZ irratian Santi Osoro Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko presidente ohiak.
«Harrobiko txirrindularitza beharrezkoa da; konponbide bat behar du, txukuna eta iraungo duena»
Gipuzkoako txirrindularitzak egoera zaila bizi duela jakina da. «Azken bi urteetan, arazo asko izan ditugu lasterketak antolatzeko garaian», dio Santi Osoro Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko presidente ohiak. Arazo hauek ahal den neurrian konpontzen joan direla gaineratu du, «baina uda partean iritsi ginen puntu batera non kasi-kasi ezinezko egiten zen aurrera segitzea», azaldu du. Gauzak honela, dimisioa aurkeztu eta diputazioak du orain ardura.
Lasterketak antolatzerako orduan izaten dituzten traba nagusiak trafikoari eta segurtasunari lotutakoak dira. «Araudia oso zorrotza da Gipuzkoan», dio Osorok. Salatutakoak ez dira soilik Gipuzkoara mugatzen, «Euskal Herriko txirrindularitzaren egoera ordezkatzen da, baina eragina ere badu Espainiar Estatu mailan, Gipuzkoa erreferente baita harrobiko txirrindularitza lasterketetan», gaineratu du.
Mobilizazioak izandako erantzunarekin «gustora» agertu da Osoro. «Babes handia sumatu dugu, eta horrek indar eta arrazoi gehiago ematen digu aurrera segitzeko», adierazi du. Gobernuaren partetik erreakziorik ere iritsi da, garai batean hitzartu ziren mahai teknikoko batzarrak behar diren moduan egitea, «orain arte bi baino ez baitira egin, eta ez eragile guztiekin», dio Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko presidente ohiak. Gobernuaren aldebakarreko jarrera ere salatu du, erabakiak hartu edo araudiak planteatzerako orduan.
Etorkizuna ez du oso garbi ikusten Osorok, baina «itxaropentsu» azaldu da. «Nik uste inoren buruan ez dela sartzen Euskal Herrian txirrindularitza egoera honetan egotea», dio. «Harrobiko txirrindularitza behar-beharrezkoa den kirol bat da, maite dugun kirol bat da, eta nahitaez honi konponbide bat eman behar zaio, konponbide txukuna eta iraungo duena», nabarmendu du.