En directo

NAIZ Irratia

«Arazoa estrukturala da, Nafarroako landa-eremu osoari eragiten diona»

Azken aste hauetan Elizondok ez du medikurik ez liburuzainik izan. Bi jazoera hauek gure atentzioa deitu eta inguruko egoera sozio-ekonomikoari begira utzi gaitu. Gehiago jakin nahian NAIZ Irratian izan da Fernando Anbustegi, Baztango bailarako alkatea.

Audio_placeholder

«Arazoa estrukturala da, Nafarroako landa-eremu osoari eragiten diona»

Loading player...
Elizondo. Aroztegiaren aurkako manifestazioa.
Elizondo. Aroztegiaren aurkako manifestazioa. (Jagoba Manterola | Foku)

Denbora gutxian Elizondo mediku eta liburuzain gabe geratu da. Irailaren 13an gelditu ziren medikurik gabe. Nahiz eta mediku gabeziak Elizondoko osasun-etxeari eragin, Fernando Anbustegik, Baztango bailarako alkateak, azaldu du «Baztan osoak pairatu» dituela ondorioak. Izan ere, Elizondoko osasun zonaldeak Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdi barnebiltzen ditu. Liburuzainaren aferarekin ere berdina gertatu dela azaldu du, «hilabete eta erdi» egon direla «zerrendetatik norbait bidaltzeko zain».

Arazoa «estrukturala» dela nabarmendu du alkateak. «Arazoak Nafarroako landa-eremu osoari eregiten diola. Uste dugu arduradunek ez dituztela beraien ardurak betetzen. Hor zerbaitek huts egiten du». Gaineratu du dena hirigunera bideratuta, «bigarren mailako herritar izatea» sentiarazten dietela.

Azken urteetan jende askok Baztandik alde egin duela aitortu du Fernando Anbustegik. Batzuk «halabeharrez» lana egitera beste zenbait tokitara joan behar izan direlako. Eta horren ondorioetako bat da autoaren erabilera «beharrezkoa». Bestalde, Baztan 15 herriz osaturiko bailara izanik eta zerbitzu gehienak Elizondon zentralizatuta egonda, herrietan autorik gabe egotea «ia ezinezkoa» dela esan du. «Nafarroako Gobernuarekin hamarkadaz hamarkada» darabilten borroka dela Garraio publikoarena, baina hori sustatu nahi bada «baliabideak behar» direla.

Euskal Herriko beste hainbat tokitan bezala, Baztanen ere bizi dituzte turismo masiboaren ondorioak: bigarren etxebizitza eta alokairu turistikoak, kasu. Argi eta garbi adierazi du alkateak ez dutela nahi «turismoaren mendeko bailara bat izan». «Hemendik gutxira turismo alojamenduak ordenatzeko eta mugatzeko ordenantza bat onartzea espero dugu eta etxebizitza politikak garatu behar ditugu».  

Jaurlaritza Logoa