En directo

Zuriñe Iglesias - Ion Garate
Entrevista
Mikel Zabala
Bidasoa Irungo jokalaria

«Iragan sasoia luze egin zitzaigun, gogotsu gaude Europan aritzeko»

Gaur ekingo dio Europako bideari Bidasoak. Artalekun jokatuko du lehen partida, Glogow Poloniako taldearen aurka (20.45ean). Mikel Zabala (1998, Eibar) jokalariak adierazi du Alex Mozas entrenatzaile berriaren sistemara «egokitzen» ari direla, baina «ondo» ikusten duela taldea gaurko lehiarako.

Audio_placeholder

«Iragan sasoia luze egin zitzaigun, gogotsu gaude Europan aritzeko»

Loading player...
Mikel Zabala Bidasoa Irungo jokalaria ligako partida batean.
Mikel Zabala Bidasoa Irungo jokalaria ligako partida batean. (@CDBidasoaIrun)

Aro berria hasi du Bidasoa- Irunek Alex Mozasen aginduetara. Ligan jokatutako lau partidetatik bakarra galdu dute Bartzelonaren aurka. Orain, sasoiko xede nagusiari helduko diote. Gaur jokatuko dute Europako multzoen faseko lehen partida Artalekun. Mikel Zabalak esan du ezin dutela «erdizka» joan, dena eman beharko dutela lehen bi puntuak lortzeko.

Dagoeneko gogotsu eta irrikaz izango zarete.

Joan den sasoian ez genuen Europan jokatu, eta berriro ere Europara bueltatzea ilusio handia da denontzat. Gogotsu gaude, eta, gainera, etxean jokatzen dugu. Taldea ondo ikusten dut, ilusio handiarekin eta biharko [gaurko] eguna heltzeko gogo handiarekin.

Aurretik, asteburuan etxeko lanak egin dituzue. Ozta-ozta, baina azkenean 28-27 zuen alde, Cuencaren aurka.

Bai, garrantzitsuena bi puntuak eskuratzea zen. Egia da ez zela izan gure gure partidarik onena. Gauzak ez genituen oso ondo egin, eta horretan autokritikoak izan behar gara, gehienbat biharko [gaurko]. Hala ere, Cuencaren kontra zaila zen bi puntuak lortzea. Horrekin ere pozik gaude eta eta hori baloratu egin behar da.

Ikusita nolakoa izan zen joan den denboraldia eta aurtengoa nola hasi den, bada pixka bat ezustekoa Arandaren kantxan berdintzea?

Entrenatzaile berriarekin sistema ezberdina da eta oraindik ohitzen gabiltza horretara, baina uste dut taldea ondo dabilela. Oraindik hiru partidetatik bakarra galdu dugu. Arandaren aurkako partida pixka bat arraroa izan zen. Etxetik kanpo ligako lehenengoa eta ez zen gure partidarik onena izan, baina hortik ikasten gabiltza. Uste dut taldea geroz eta hobeto dagoela. Garrantzitsuena irabazten jarraitzea da eta pixkanaka Alexen [Mozas, entrenatzailea] sistemara ohitzen joatea.

Europako lehen hitzordua Artalekun jokatuko duzue, Glogow Poloniako taldearen aurka. Nola ikusten duzu lehia?

Europako partida guztiak zailak dira. Gainera, guri lagundu egiten digu lehenengo jardunaldia etxean izateak. Lasaitasuna ematen digu, gure zaleen aurrean egongo garelako, baina Glogow talde oso ona da. Oso talde europarra da. Joko oso zuzena egiten dute, beraien atezainek asko gelditzen dute eta uste dut gakoa izango dela defentsan indartsu hastea. Beraiek joko oso zuzena egiten dute, eta hori gelditzen ez badugu, gauzak zaildu egingo dira.

Zertzelada batzuk dagoeneko eman dituzu. Zertxobait aztertu duzue aurkaria.

Atzo [igandean] entrenamendua izan genuen arratsaldean, baita gaur [astelehenean] ere, eta bideoak ikusi ditugu. Europan normalean taldeak honela izaten dira: fisikoki oso indartsuak eta defentsan gogorrak. Erdizka joaten bagara, gauzak ez dira aterako. Horretarako mentalizatuta gaude.

Eta zuek nola jokatu behar duzue? Nola egin diezaiokezue min Poloniako taldeari?

Gehienbat hobetu behar duguna defentsa da. Azkeneko partidetan zalantzak eduki ditugu defentsan eta denak blokean egotea garrantzitsua izango da. Esan dizudan bezala, talketara indartsu joan beharra dugu eta gero gehienbat gure indargunea den kontraerasoei su eman. Baina, esaten dizudan bezala, garrantzitsuenak gu gara. Gure gauzak ondo egin eta, horrela bada, bi puntuak Artalekun geratuko dira.

Europa izango da denboraldiko helburu nagusietako bat, nagusia ez bada.

Gogo handia dugu Europan gauzak ondo egiteko. Joan den denboraldia luze egin zitzaigun astean behin jokatuta. Orain bi partida izango ditugu astero eta horrek motibazio gehigarria ematen digu. Hor sartzen gara dinamika batean partida  asko jokatzen dituguna eta hori beti dugu gustuko. Nahiz eta  fisikoki gogorra izango den, taldea ilusio handiarekin ikusten dut. Badago jendea lehenengo aldiz izango dena Europan jokatzen eta gogo handiz hartzen ditugu partida hauek.

Horrek esan nahi du txandaketak egin behar dituzuela. Guztiok adi egon behar duzue, edozein momentutan jokatzeko aukera izan dezakezuelako.

Uste dut gurean beti txandakatu dugula asko. Guztiok minutu antzekoak izan ditugu, eta nik uste dut hori dela gure indarguneetako bat. Argi ibili beharko gara, partida asko dira eta. Urrian bederatzi partida ditugu. Hor denok entxufatuta egon behar dugu.

Hilabete erabakigarria izango da urria. Europako lau partida jokatuko dituzue.

Urria hilabete garrantzitsua da ez bakarrik Europan, baita ligan ere partida garrantzitsuak ditugulako. Justu orain goialdean dauden taldeen kontra arituko gara: Torrelavega, Ademar de Leon eta Nava. Uste dut taldea mentalizatuta dagoela horretarako. Pixkanaka partidaz partida joan behar gara. Urria hilabete oso garrantzitsua da, baina taldea prestatuta ikusten dut. Ea lesioetan ez dugun gorabeherarik.

Zer aukera ikusten dizkiozu taldeari multzoen fasean aurrera egiteko?

Gure helburua izango da lehenengo multzoetako fasea pasatzea. Uste dut horretarako kapazak garela eta helburuetako bat hori da. Gero bigarren bueltan multzoen fase antzeko bat egiten da, eta hor jada gauzak zaildu egiten dira. Talde oso onen aurka tokatzen zaizu bai edo bai. Oraingo helburua da multzoen fasea pasatzea eta gero hurrengoan ahalik ondoen egitea.

Aldaketa nabarmena izan duzue aulkian; Alex Mozas etorri da Jacobo Cuetara ordezkatzera. Nola ari da taldea egokitzen?

Ondo uste dut. Egia da urte asko egin ditugula Jacoborekin [Cuetara], eta batzuetan zaila dela barneratuta ditugun gauza batzuk kentzea, baina taldea denboraldi honetan ilusio handiarekin  ikusten dut. Entrenamenduetan, agian entrenatzaile berria delako, topera goaz denbora guztian. Egia da beraien sistemara egokitzeko bi hilabete izan ditugula eta ez dela erraza, guztiz aldatzen baita sistema. Asko egiten dugu korrika. Fisikoki ere beharbada exijentzia handiagoko sistema da, baina uste dut pixkanaka bagoazela hartzen, pixkanaka gauzak hobetzen. Nik uste dut normala dela orain taldea jokoan ehuneko ehunean ez egotea, baina uste dut hartuko dugula sistema hau eta ondo joango zaigula aurten.

Arlo pertsonalean, pozik zaude?

Kirolari bezala polita da Europa jokatzea. Atzetik lan handia egin behar da, eta nik gogo handiz hartu dut. Sei urteren ondoren, konfort zonatik atera naiz entrenatzaile berriarekin. Lanean ondo ari gara. Ea pixkanaka emaitzak ateratzen joaten diren, eta ea denboraldi hau joan dena baina hobea den.

Jaurlaritza Logoa