En directo
Zenbat esnatu ote gara bere ahotsarekin? zenbatek dantzatu dugu bera aritzen den txarangaren batekin? Barre algara ederrak ere bota ditugu bere bakarrizketekin, eta atsotitz asko birpasatu ditugu, beste kontuen artean, 'Mihiluze' saioari esker. Asko da Antton Telleriak egiten duena, baina gaurkoan bere umoregile alderdia landu dugu Bigarren Kafean.
«Lotsatia naiz oraindik, baina disimulatzen ikasi dut» aitortu digu tolosarrak. Beraz, lotsak eragindako beldurra gaindituta, oholtzara itzuli da 'Ninini' ikuskizunarekin. Orain gutxi, irailaren 27an, estreinatu zuen Gasteizko Jimmy Jazz-en, eta asteburu honetan Donostian izango da. «Euskal Herrian, onerako edo txarreko, publikoa perfil baxukoa da; kostatzen da berotzea, baina jendeak uzten dizu kontatu beharrekoa kontatzen» dio Telleriak.
Egolatriari eginiko obra bat da, eta berak dioenez, guztiz biluztuko da lan honetan. «Bereziki atseginak ez diren gaietatik hasi eta jendea zuregana erakartzea egin daitekeen gauzarik ederrena dela iruditzen zait» kontatu digu.
Bigarren Kafean Donostian eskainiko duen lanari buruz hitz egin dugu. Baita sukaldaritzari buruz duen zaletasunari buruz ere.