En directo

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Lau kantuko ‘Flanagan’ EP-a Trini Fox taldearen eskutik

Urrestillako taldeak disko laburra kaleratzeko erabaki hartu du 2024 honetan. Gisa honetara, bigarren disko laburra atera dute, aurrekoa 2022an, ‘Deabrua’ izan zen. 

Audio_placeholder

Lau kantuko ‘Flanagan’ EP-a Trini Fox taldearen eskutik

Loading player...
Suharri Aranburu Trini Fox taldeko abeslari eta gitarra-jotzailea izan zen NAIZ Irratian ‘Flanagan’ aurkezten.
Suharri Aranburu Trini Fox taldeko abeslari eta gitarra-jotzailea izan zen NAIZ Irratian ‘Flanagan’ aurkezten. (NAIZ IRRATIA)

Lau urte dira ‘Ataraxia’ lana kaleratu zuenetik Trini Fox talde urrestildarrak. Ordutik hona, ordea, disko luzearen formatua albo batera utzi eta bi urtean behin disko labur bana atera dute. Duela bi urte, 2022an, hiru kantuz osatutako ‘Deabrua’ lana etorri zen eta, orain, 2024an, lau kantu jasotzen dituen ‘Flanagan’. 

Eñaut Gaztañagaren Gaztain estudioan grabatu dituzte lau abestiok eta haietatik hirutan kolaborazioak izan dituzte. Lehen single moduan etorri zen ‘Ez dut magian sinisten’ kantuan ezagutu genuen aurreneko kolaboratzailea, Lide Hernando donostiarra. Rockaren bueltan jarri da gisa honetara berriz ere Hernando, orain musika beltzaren bueltako proiektua, Bele, garatzen dabilen honetan.

Azpeitiko Esklaben inguruan dagoen skateparkean grabatu zuten ‘YK Riders’ kantuaren bideoklipa, baita Lasaoko mendi bueltan ere eta Juanjo Berasain, Ezpalak taldeko abeslaria, kantatzen ere jarri dute abesti honetarako. Zigor DZ izan da azken kolaboratzailea. Disko plateretan jarri dute scratchak, sampleak eta gainerakoak gehitzeko ‘Sabotajea’ kantuan. Laugarren eta azken kantua ‘Flanagan’, EPari izenburua ematen dion abestia, izan da. Hor ez dute kolaboraziorik behar izan, beren esperientzietatik abiatutako fikzio istorio bat kontatzen baitute.

EPa kaleratzearekin batera, Azkoitiko Matadeixen eman zuten lehen kontzertua eta, aste honetan, igandearekin, Azpeitiko Loiola auzoan izango dira, Kilometroak jaiaren baitan, Ro eta Eraldatzen taldeekin oholtza partekatuz. Esklabetatik ez hain urrun beraz. Ez dakiguna da YK Riders kolektibokoen showik izango den edo ez, bertan jakingo da hori. Bitartean, Suharri Aranburu taldekideak NAIZ Irratiko MusikHaria saioan eskaini zuen elkarrizketa entzuteko aukera duzue goian, diskoa abestiz abesti azaldu zigun musikari azkoitiarrak.

Jaurlaritza Logoa