En directo

Eli Pagola

«Hiltegia giltzarri da zirkuitua ixteko»

Sortu berria da Larretik elkartea, Nafarroako Pirinioetan abeltzaintzan edo nekazaritzan aritzen diren pertsonen bilgune izan nahi duen elkartea. Ez da erronka makala abeltzaintzako eta nekazaritzako erreleboarena eta instalatzearena.

Audio_placeholder

«Hiltegia giltzarri da zirkuitua ixteko»

Loading player...
Larretik elkarteko kideak
Larretik elkarteko kideak (Larretik elkartea)

Jaio berria da 'Larretik' sarea. Lehen sektoretik sortua, lehen sektoreari erremintak emango dizkion ekoizleen sarea da. Herriz herri ari dira proiektua aurkezten, asteburu honetan,  urriak 3 eta 4, Ezkaroze eta Erronkarin izanen dira hurrenez hurren. Gelditu Makinak saioan  Iñaki Zoko Larretik elkarteko kidea izan da sararen erronka eta gaur egun bizi dituzten arazoei buruz hitz egiten.

Elkartea ezagutzeko batzar irekiak antolatu dituzue baina jada hilabete batzuk badaramatzazue egituratuta. Nolako prozesua izan da?

Urteetako gauza dela esango nuke. Elkarteari izena aurten eman diogu baina taldea lehenagokoa da. Duela 4-5 urte hasi ginen Nafar Pirinioan elkartzen eta Pirinio Mahaia sortu zen. Bertan, herri eta bailara desberdinetako kargu publikoak elkartzen ziren, batez ere, indar gehiago izateko Nafar Gobernuan bakoitza bere aldetik joanda baino. Azken batean, Pirinio mailan ditugun arazoak eta beharrak oso antzekoak dira bailara batean edo bestean.
Talde handian diagnostiko bat egin zen eta bertan ikusi ziren zein ziren gabeziak. Behin hori eginda, sektore-talde bakoitzak hartu zituen diagnostiko horretatik bere sektoreari zegozkionak eta lanketa hasi zen gabeziei buelta eman ahal izateko ekintzak planteatzeko.

Zer osaketa du Pirinio Mahaiak?

Kargu publikoez gain, edozein pertsonari irekia dago eta edonor gehitu daiteke. Lehen sektoreko kasuan, kargu publikoak zeuden eta baita sektoreko langileak ere. Bilera irekiak egiten ziren eta horietan erabaki genuen lan egiteko eta gauzak aurrera ateratzeko talde motor txikiago bat sortu behar genuela eta gero noizbehinka bilera irekiak egin egindakoen berri emateko.

Zein gabezia/erronka identifikatu dituzue?

Baziren gabezia nahiko, zeren, azkenean, Pirinioak baditu bere gabeziak eta lehen sektoreak baita ere. lehentasunak sailkatu genituen eta hor agertu zen hiltegiaren kontua. Nafar Pirinio osoan ez dugu hiltegirik, gertuena Iruñean edo Iruritan dago. Eta hiltegia diodanean ez diot hiltegia hiltegi bezala hartuta bakarrik, baizik eta ekonomia zirkularraren ikuspegitik. Hemen abeltzainak daude eta animaliak hazten ditugu eta, bestetik, badaude dendak non haragi hori saltzen den. Baina galtzen dugu erdiko kate hori dela hiltegia, hau da: guk hazten ditugu animaliak etortzen da kamioi bat, eramaten ditu hiltegira -hor galtzen diegu pista gure animaliei edo gure haragiari- eta, gero, beste alde batetik, dendek erosten dute haragi bat non ez dakiten nongoa den. Katebegi hori falta da gure katean. Horregatik ikusten genuen hiltegirik eza gabezia zela, ez instalazioa falta genuelako bakarrik, baizik eta giltzarri zelako zirkuitua ixteko eta dena kontrolpean izateko.

Badu bere balioa eraikina berreskuratu izanak ere.

Lehen bagenituen hiltegiak ia herri guztietan eta, pixkanaka-pixkanaka, joan ziren ixten hiltegirik gabe geratu arte. Horrez gain, eraikuntza gehienak beste zerbaitetarako erabili dira edo, are, eraitsi egin dira. Kasualitatez, Garraldan bat aurkitu dugu non hiltegia mantentzen den nahiz eta baimenik ez duen mantentzen. Eguneratu egin beharko dugu baina eraikuntza hor dago. Bat zerotik egitea baino hobea da berreskuratzea eta administratiboki ere, errazagoa da lehengoa berreskuratzea bat berria egitea baino.

Bai? Egun, badirudi zenbait irizpide betetzeko berria egitea errazagoa dela zahartua birgaitzea baino.

Bai, oso arraroa da (barreak). Guk esaten duguna da zerbait egina badago izan beharko litzatekeela errazagoa baina beti topatzen zara kontrako politikarekin. Orain arte, berriari erraztasunak eman izan zaizkio baina iaz Nafar Gobernuak Araudi Higieniko-Sanitarioaren Malgutzea onartu zuen eta hori hiltegietan ere aplikatzen da, adibidez.

Hiltegia ikusten dugu bailararako beharrezko gauza bat bezala. Osasun zentro bat edo eskola bat derrigorrezkoa da, zerbitzu publiko bat da, herritar guztiek dugu eskubidea osasunerako eta hezkuntzarako, bada, hiltegia ia derrigorrezko instalazio bat da lehen sektorerako. Askotan esaten digute: «Iruñean baduzue». Bai, baina gu hemen gaude.


Agian, sektore desberdinak inplikatzeko erraztasun gehiago dago landa eremuan? bizimodu komunitario batera egokituago egotea?

Pirinioko mahaiak gauza askotarako balio izan du baina beste faktore oso garrantzitsua izan da Nafar Pirinioak elkartzea komunitate bezala. Orain arte, bagenekien antzeko beharrak genituela baina ez ginen elkartzen eta ez genuen elkar ezagutzen. Orain elkartuta gaude eta Pirinio mailan hitz egin dezakegu.


Turismoak zer eragin du lehen sektorean?

Alde onak eta txarrak ditu eta, gauza guztietan bezala, gainerako sektoreekin orekatuta dagoenean, ongi, baina, desorekatu, eta bat besteen gainetik jartzean, arazoak hasten dira. Hori da, nik uste, Pirinioen gertatzen ari diena: orain arte, sektoreak orekatuago zeuden, jendeak lehen sektorean edo zerbitzuetan egiten zuen lan eta zenbaitzuk turismoan. Azken urteotan turismoak ikaragarri egin du gora eta desoreka ekarri du. Pixkanaka, ari gara ikusten desoreka horrek ekartzen dituen arazoak, ez bakarrik lehen sektorean, bizitzan orokorrean. Etxebizitza ezinezko jarri da, bertakook ez dugu etxeetara sarbide aukerarik landetxeak, hotelak eta hostalak egiteko erabiltzen direlako. Lehen sektorean ere nabaria da nola ari den turismoa nekazaritza eta abeltzaintzarako lurrak bereganatzen. Irati bera, aprobetxatu izan den baso bat da, bai forestalki eta abeltzaintzarekin, baina, egun, turistikoa da. Ari gara ikusten nola ari den turismoa hartzen gero eta leku gehiago gure egunerokoan.

Larretik elkartearen asmoetako bat da egungo langileen baldintzak bermatzea eta hobetzea. Horrek lagun dezake nekazari eta abeltzain berriak instalatzen?

Nik uste baietz. Agian, ez zuzenean baina bai albo-ondorio bezala. Azkenean zuk ikusten baduzu bertako abeltzainek eta nekazariek erraztasunak dituztela euren jarduerak burutzeko, bada, ekar lezake instalatzean pentsatzen ari zaren horrek beste modu batera hartzea eta ez hainbeste kargarekin hasieratik.
Gure estima ere asko agertu da bileretan, beti gaude kexaka: behar dugu hau eta hura eta bestea. Badira gabezia asko baina horiek konpontzeko ekintzak aurrera ateratzen baditugu eta estima ona badugu, baliteke beste batzuk ere animatzea eta lehen sektorean hastea.

 

 

Jaurlaritza Logoa