En directo

Bigarren Kafea

Euskarazko irakurle gutxi #BookTok fenomeno erraldoian

#Booktok irakurketa klub digital erraldoi eta geldiezina da. TikTok sare sozialean, milaka eta milaka sortzailek literaturaz hitz egiten dute, bideo motzen bidez. Tamalez, euskarazko edukia oso urria da oraindik. 

Audio_placeholder

Euskarazko irakurle gutxi #BookTok fenomeno erraldoian

Loading player...
Booktok fenomeaz aritu gara Bigarren Kafean
Booktok fenomeaz aritu gara Bigarren Kafean (Leah Newhouse)

Duela hilabete batzuk, Liburuaren Egunaren harira, Gazteen Euskal Behatokiak txosten bat plazaratu zuen: 'Gazteak eta aisialdia. Kirol, irakurketa eta musikari lotutako Euskadiko gazteen ohiturak eta zaletasunak 2023an'. Txostenak 15 eta 29 urte bitarteko 1.701 gazteen erantzunak jasotzen ditu, eta bertan irakurzaletasun mailari buruzko datuak agertzen dira… Gazteen % 66,5ek dio galdetu aurreko hilabetean libururen bat irakurri zuela aisialdian (hau da, ez lanagatik edo ikasketengatik). Zenbaki hori antzeko mantendu da azkeneko urteetan, baina igoera nabarmena izan zuen 2020an, itxialdi bete-betean. Eta beraz, nik garai hartara bidaiatuko nuke, zenbaki hark gora egitearen arrazoietako bat azaltzeko: BOOKTOK fenomenoa. 

Zer da #BookTook? Bada, irakurketa klub digital moduko bat da, mila milioi pertsonatik gorako komunitate bat konektatzen duena literaturaren inguruan. Modu erabat naturalean jaio zen, egunero handituz, kritika, berrinterpretazio, gomendio, dibulgazio-bideo eta abarretan oinarrituta. Literaturazaleek topagune bat aurkitu dute liburuekin, irakurketarekin, edo argitaletxeen industriaren inguruko guztiarekin lotutako edukia partekatzeko. 

Sare sozialetan agertu zen lehen irakurzale komunitatea YouTuben izan zen 2010ean. Irakurketan oinarritutako sortzaileen arpidedunak hazten joan ziren heinean, editoreak konturatu ziren sare sozialetako plataformen ospeak liburu baten salmenta areagotu zezakeela. YouTubeko iraupen luzeko bideoen formatu arrunta dela eta, laburpenak mamitsuak ziren 2010ean. Nahi beste hitz egin zenezakeen, pertsonaietan sakondu, hausnarketan egin…  Baina 2014 eta 2015 urteen artean liburuen edukia Instagramera zabaltzen hasi zenean, kritika eta gomendio laburragoak ohikoagoak bihurtu ziren. 

Benetako arrakasta 2020an iritsi zen. Antza denez, BookTok Cait Jacobs (@caitsbooks) tiktokeko erabiltzaileak sortu zuen. COVID-19aren pandemian, kontu bat ireki zuen liburuei buruz hitz egiteko eta berehala lortu zuen jarraitzaile kopuru majo bat. Baina non daude euskarazko eduki sortzaileak? 

Booktok fenomenoaz aritu gara Bigarren Kafean. 

Jaurlaritza Logoa