En directo
Euskal zinemaren galan Sua Enparantzak Elena Iruretari Irizar saria ematean esan zuen bezala, aktore gazteei telesail eta filmetan parte hartzeko aukera ematea ederra da eta askorentzat, 'Goazen' izan ohi da lehenengo aukera hori.
11. denboraldia estreinatuko dute gaur, Donostiako Belodromoan eta bertan izango dira pertsonaia berriak. Joritz (Julen Taboada), Alaia, (Adriana Sanchez), Manex (Ander Murillo), Leire (Sara Cozar), Izar (Irati Marin) eta Oihane (Garazi Urkola). Azkeneko biak elkarrizketatu ditugu Bigarren Kafean.
Milaka lagunen aurrean aurkeztuko dute lehenengo atala, eta beraientzat ere lehenengo aldia izango da. «Ez dugu atala ikusi oraindik» kontatu digute, beraz zaleak bezain urduri egongo dira. «Beldur gehiago ematen dit eserita egoteak, atala ikusten; une horrek jartzen nau urduri» aitortu digu Marinek.
Telesaileko aurpegi berriak dira, baina aspalditik dute garbi mundu honetan aritu nahi dutela, eta gazteak izan arren, ibilbidea hasia dute dagoeneko. «Aukeratzeko unea iritsi denean, ez nuen onartu nahi, baina betidanik jakin dut oholtzan aritu nahi nuela eta beldurrak alde batera utzita aurrera egin nuen» esan digu tolosarrak. Aldiz, «asko lagundu zidaten antzerki eta musikako irakasleek eta baita orientatzaileak ere» esan digu Urkolak, nahiz eta onartzen duen hori ez dela ohikoena.
Zale ugari dituen telesaila da, eta horrek bertigoa ematen duela aitortu digute aktore gazteek. «Zuk badakizu zale asko dituela, baina ez duzu ikusten barruan zauden arte; aurkezpenak, photocall-ak, emanaldiak... dimentsio handia hartzen du». Gaurkoa emanaldi handi horietako bat izango da.