En directo

Bigarren Kafea

«Badaude lekuak zapore aldetik ondo jateko, Mugaritz beste zerbait da; errorearen sistema gara»

‘Mugaritz. Sin Pan ni postre’ dokumentalak eman dio hasiera 72. Zinemaldiko Culinary Zinema sailari. Andoni Luis Aduriz sukaldariaren jatetxea itxita egoten da urtero sei hilabetez, menu berria sortzeko. Prozesu hori kontatzen du dokumentalak. 

Audio_placeholder

«Badaude lekuak zapore aldetik ondo jateko, Mugaritz beste zerbait da; errorearen sistema gara»

Loading player...

Van Goghen ‘Eguzkiloreak’ vs. lore-hatzak; Da Vinciren ‘Gioconda’ vs. Hanamia; Hokusairen ‘Olatua’ vs. pinazi nougata; Boticelliren ‘Venusen jaiotza’ vs. munduaren zilborra. Ez, Mugaritz jatetxeko jakiek ez dute munduko artelan ospetsuenekin zerikusirik. Gehiago dute arte modernotik. Badira, Mondrianen ‘New York 1’, Maurizio Catellanen ‘Comediante’ edo Duchampen ‘Fountain’. 

Baina koadro abstraktuekin ez bezala, nekez esango du norbaitek: «Hori nere semeak egin dezake»; 30 pertsonako lantaldea baitago Mugaritz jatetxeko menuaren atzean. Nazioarteko eta bertako sukaldariak, zientzialari ero moduan, laborategian. Eta horixe kontatu nahi izan digute ‘Mugaritz sin pan ni postre’ dokumentalean. 

«Leku asko daude zapore aldetik ondo jateko, Mugaritz beste zerbait da eta uste dut Paco Plazak oso ondo ulertu duela hori» esan digu Jon Eceiza Mugaritz jatetxeko lantaldeko kideak. «Guk askotan esaten dugu gorputzari jaten eman baino, adimenari ematen diogula».

Ondo islatu du hori Paco Plaza (Valentzia, 1973) zuzendariak. «Jatetxearen benetako izaera jaso du zuzendariak». Dokumentalean 30 pertsonako lantaldearen sormen prozesua ikus dezakegu. «Probokazioa baldin badago, zentzua dauka; lantaldeak hilabete asko ematen ditu zentzu horren bila» dio Eceizak. Probokazio horrek ordea, haserrea sortzen du askotan. «Jendearen ideiak zalantzan jartzen dituzunean, tentsio uneak sortzen dira eta beraz, askok gorrotatu egiten gaituzte» onartzen du Eceizak. 

«Bezeroak ere badu erantzukizuna; pelikula kontzeptual edo ohikoa ez den kontzertu batera joaten zarenean, zuk zerbait jarri behar duzu zure aldetik, jakin behar duzu zertara zoazen, jatetxe honetan bezelaxe». Kritikak gorabehera, arrakastatsua da jatetxea.

«Garestiak garela, arroroak garela, deserosoak garela esaten digute, baina jendea etortzen da; errorearen sistema garela diogu».

Jaurlaritza Logoa