En directo
Amaitzear da uda, eta hastear udazkena. Arraun munduan horrek gauza bakarra esan nahi du: amaitu dela denboraldia, eta atseden hartzeko garaia iritsi dela.
Uda osoan zehar bi ontzi nagusitu dira ororen gainetik: Urdaibai eta Arraun Lagunak. “Lugañenek” Euskotren Ligako bandera guztiak astindu ditu, eta Bou Bizkaia, berriz, Eusko Label ligan gailendu da, banderen errekorra ezarrita, gainera. Hamalau garaipen lortu dituzte bermeotarrek eta noski, Kontxako Bandera poltsikora.
Gora begira bakarrik ez, behera begira ere egon da zeresana: Euskotren Ligako Galiziako bi ontziek ez dute datorren denboraldian urrezko mailan arraun egingo. Cabok eta Tiranek. Haien ordez, ETE ligako bi ontzirik indartsuenak arituko dira. Zumaia eta Astillero.
Eusko Label Ligan, berriz, Bueu Galiziako traineruak maila galdu du, San Pedrorekin batera. Malkoak Pasai San Pedron, algarak Pasai Donibanen. Sei urteren ondoren, San Juan gorengo mailara itzuliko da, Ares Galiziako txapeldunarekin batera.
Denboraldi honetan distira egin duten bi ontzietako arraunlari hauekin solastu gara: Alain Colunga Urdaibaiko arraunlariarekin eta Aiora Belartieta Arraun Lagunakekoarekin. «Ametsetako denboraldia» izan dela azpimarratu dute biek.