En directo
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun ituna sortzeko lehen bilkura egin dute ostegun honetan. EH Bildu deitu zuten bilerara beste eragile batzuen artean, eta bertan izan da Rebeka Ubera parlamentaria. Uberak azaldu duenez, lehen bilera «informatiboa» izan da. Beraz, oraindik «ikustear» dago ituna nola gauzatuko den.
Ikasturte politikoan zehar EH Bilduk egiturazko aldaketak aldarrikatu ditu. Eta Uberak azaldu du osasungintzaren arloa «egokia» izan daitekeela horretarako: «Ikusten baldin badugu bertan diagnostiko zorrotz bat egiten dela egoera honetara ekarri gaituen politikak identifikatzeko eta diagnostiko horri erantzun bat emateko neurri egokiak jasotzen badira, ituna egokia izango da gaur egun daukagun egoera iraultzeko eta herritarrak eskatzen ari direnari erantzuteko».
Uberak argi du ituna sortzeaz gain aldaketak behar direla: «Ituna ez da errezeta magiko bat izango. Osasun sailak neurriak hartu behar ditu egunero; aldaketak behar dira edukian eta formetan». Izan ere, hori da udan faltan sumatu dutena: «Emergentzien, etenik gabeko arreta guneen eta lehen arretaren inguruan badakigu gauzak ez direla konpontzen egun batetik bestera, baina pentsatzen dugu jada neurri batzuk hartzen ahal zirela, eta oraindik Gobernuak ez dio bide horri ekin». Hala ere, Uberak gaineratu du «poztekoa» dela mahaia deitu izana, tresna guztiak direlako «beharrezkoak».
«Pandemiatik aritu gara esaten beharrezkoa zela mekanismo bat. Osasun arloan ez dago kulturarik eragile desberdinen artean neurriak adosteko. Pentsatzen dugu itun honek bide horri ekin beharko liokeela», adierazi du. Bide horretan lehen pausoak ematen hasiz gero, emaitza «positiboa» izan daitekeela uste du EH Bilduko parlamentariak.
Rebeka Uberak azaldu duenez diagnostikoa «datuen pilaketa bat da», eta ez du aztertzen «zerk ekarri gaituen egoera honetara» kontatu du: «Datuek errealitatearen argazki bat eman dezakete, baina datu horietatik ondorioak atera behar dira». Uberarentzat guzti hori aztertu eta mahaigaineratu egin behar da, eta hor, denek, «baita Gobernuak ere», bere azterketa egin beharko luketela uste du.
Errotik aldatu beharreko elementuak
EH Bilduren ustez pertsonalaren politika «errotik» aldatu behar da: «Ikusi dugu urteetan bultzatu dela behin behinekotasuna eta langileen mugikortasun handia. Asistentziaren kalitatean eragina izan du horrek». Alderdiari garrantzitsua iruditzen zaion beste elementuetako bat «kudeaketa ekipoa» da. Bestalde, 2023an egindako osasun inkestak erakusten duenari dagokionez, azaldu du Euskal Herriko biztanleriaren osasun bilakaeran «beherakada» bat eman dela. «Horri buelta eman behar zaio», ondorioztatu du.
«Egoera honetara ekarri gaituena osasun eredu zehatz bat da», adierazi du Uberak: «Eredu hori aldatuko balitz sustapenetik lan egiten hasi daiteke». Izan ere, kontatu duenez, orain arte Osasun Sailak asistentziari eman dio garrantzia, eta ez pertsonak artatzeari. Zaintzaren inguruan ere hitz egin du: «Beste eredu baterantz joan behar gara. Zainketari dagokionez, herrietan hau artikulatzeko lan politak egin daitezke lehen arretarekin, komunitatearekin, gizarte zerbitzuekin eta bestelako politikekin».