En directo

Peli Lekuona - Sara Iriarte

«Gure helburua biktima guztiak aitortzea da, bat ere ez baztertu gabe»

Nafarroako Gobernuak hitzarmen bana sinatu du Nafarroako Torturatuen Sarearekin eta Egiari Zor fundazioarekin. Ainara Esteran Egiari Zor Fundazioko kideak eta Ainara Gorostiaga Nafarroako Torturatuen Sareko kideak hitz egin dute hitzarmenaren inguruan, NAIZ Irratian.

Audio_placeholder

«Gure helburua biktima guztiak aitortzea da, bat ere ez baztertu gabe»

Loading player...
Ana Ollo lehendakariordea eta Ainara Gorostiaga Nafarroako Torturatuen Sareko lehendakaria
Ana Ollo lehendakariordea eta Ainara Gorostiaga Nafarroako Torturatuen Sareko lehendakaria (Nafarroako Gobernua)

Motibazio politikoko indarkeriaren biktimei aholkularitza eskaintzeko eta laguntza teknikoa emateko hitzarmena sinatu du Nafarroako Gobernuak Nafarroako Torturatuen Sarearekin eta Egiari Zor fundazioarekin. Ainara Esteran Egiari Zor Fundazioko kidearentzat halako akordio bat sinatzearekin batera errekonozimenduaren eta erreparazioaren bidean pauso bat eman dute: «Egiten dugun lana sostengatzeko bitartekoak behar ditugu, eta tamalez dirua ere behar dugu». Ainara Gorostiaga Nafarroako Torturatuen Sareko kidearentzat ere hitzarmena «positiboa» da.

Hala ere, Esteranen ustez «oraindik asko dago egiteko». Bere ustez, biktimen mailakatzea eta Estatuaren bortxaren biktimek jasotzen duten diskriminazioa «agerikoa» da. Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari mikrofonoen aurrean adierazi dio aitortzaren garaia izan behar duela honek, eta beraz, aitortza eman behar zaiela biktima guztiei ahalik eta azkarren: «Oso erraz esan ohi da urraketa baten aurrean guztiok eskubide berdina izan behar dugula, baina ea noiz gauzatzen dugun hori».

Iritzi berekoa da Gorostiaga: «Aitortzaren eta erreparazioaren bidean lan handia dago oraindik egiteko». Horren aurrean gehitu du 16/2019 legeak erreparaziorako urrats gisa kalte ordainaren bidea proposatzen duela. Baina bere ustez, erreparazioa «horretatik haratago» doa: «Diruak eta legeak ez du erreparatzen. Gizarte osoak aitortu behar du gertatutakoa». Ildo horretan lanean jarraitu behar dutela gaineratu du.

Hitzarmenak korapilo batzuk askatuko ditu


Hitzarmenaren oinarri nagusia motibazio politikoko indarkeria pairatu duten biktimei aholkularitza eta laguntza teknikoa ematea da. Akordio banak 15.000 euroko diru partida dakar berekin. Gorostiagak azaldu duenez, horren bidez biktimari eskaera bera betetzeko eta aurkezteko prozesuan lagunduko zaio. Eskaera berak dokumentazioa aurkeztea eskatzen du, jasotako eskubide urraketa akreditatzeko.  Esplikatu du dokumentazio hori «oso zaila» dela aurkitzea: «Duela 30 urte inguru gertatutakoen inguruan hitz egiten ari gara. Normalean ez daukagu dokumentazio hori. Prozedura judizial guztiak galdu egin dira, txosten medikoak eskatzea ere zaila da. Beraz, hori guztia bilatzen ere laguntzen dugu».

Esteranek azaldu duenez, jazartua izan denak «legeek eta politikoek ulertzen ez duten prozesu propio» bat egin behar du: «Hauek beti ezartzen dituzte epe finkoak eskaerak tramitatu ahal izateko. Hamarkadak pasa dira biktima hauek urraketak jasan zituztenetik, eta beren bizitzarekin aurrera egin ahal izateko halako blindaje bat egin behar izan dute. Lehenengo pausoa eman ahal izateko (eskaera tramitatzeko), gordetako min hori berriro mahaigaineratu behar dute. Horretarako, biktimak prozesu pertsonal eta psikologiko batetik igaro behar dira». Gainera, eskaera horiek telematikoki egin behar dira, eta Esteranek adierazi duenez denek ez dute trebetasun berdina horrelako bitartekoekin aritzeko.

16/2019 legea

Ez da lehen aldia Egiari Zor Fundazioa eta Nafarroako Torturatuen Sarea Nafarroako gobernuarekin elkarlanean aritzen direna. Pasa den urteko maiatzean, lehen errekonozimenduak gauzatu zituzten, eta Ana Ollok barkamena eskatu zuen instituzio nafarren izenean, denbora luzean kasurik ez egiteagatik. Egiari Zor Fundazioko kideak adierazi du 16/2019 legeak «oztopo andana» igaro behar izan dituela, baita EAEn ere. «Surrealista dirudi. Giza eskubideen urraketez ari gara. Traba ugari jarri dituzte Estatuaren indarkeriaren biktimak aitortza jasotzea ekiditeko». Azkenean aipatutako legea martxan jarri zuten, nahiz eta  hobetu beharreko aldeak badituela uste duen Esteranek. Hala ere, «balorazio positiboa» egiten du.

Nafarroako Torturatuen Sareko kideak azaldu du legeari esker ari direla «pixkanaka» biktimen aitortzak jasotzen. Nafarroako legeak urte eta erdi darama martxan, eta denbora tarte horretan 31 biktima aitortu dituztela nabarmendu du. Horrez gain, 116 erregistro egin dituzte; eta gainera, Nafarroan ez dute dokumentazioa aurkezteko epe mugarik: «2008ko kasu batzuen biktimen aitortza batzuk eman dira jada, eta hori azpimarratzekoa da». Gorostiagaren ustez aitortza horiek «oso berandu» datoz, baina behintzat ematen hasi direla adierazi du: «Hori oso positiboa da».

Biktima guztiak aitortzeko bidean


IVACen arabera 1960-2015 urteen artean Nafarroan 1068 pertsona torturatu zituzten. Esteranek azaldu duenez, Egiari Zor Fundazioaren helburua «biktima guztiak aitortzea» da «inor baztertu gabe». Nafarroako Torturatuen Sareak ere helburu berdina du: «Gu lanean gaude Nafarroan gertatutako tortura kasu horiek aztertzeko eta beraiengana jotzeko eskaera egin dezaten. Aitortza pertsonal guztien ondoren iritsiko da aitortza kolektiboa, eta hori da guretzat garrantzitsuena».

Jaurlaritza Logoa