En directo
Algortako Arrigunagako hondartzan egin du Kosta ala Kostak bere zeharkaldiko azken geldialdia.
Uda garai honetan oso garrantzitsua den informazio praktikoa ekarri du Jon Ortiz Hiru abokatuak bulegoko kideak,Erreklamatu markarekin jardun ohi dute herritarren kexei bide ematen. Hegaldiekin izan ohi diren arazoei aurre egiteko aholkuak eman dizkigu eta jakin dugu, adibidez, Groenlandiara bidean maleta galdu ezkero beroki txukun bat eros dezakegula aire konpainiaren kontura... Erromoko jaien antolakuntzan ere aritzen da eta bere bidez ezagutu ditugu hango goitibehera bereziak, ez baitira goitik behera joaten, behetik gora baizik.
Algortan egonda, ordea, Santiago egun honetan Aixerrotan izango den hitzordu nagusia ere izan dugu hizpide, 69. paella lehiaketa izango da eta hau antolatzen aritu ohi da Ezkarne Unanue, Itxas Argia elkarteko kidea.
Saioa ixteko, zazpi itsasoei begira jarri gara. Mantxako kanaleko zeharkaldia egin zuen igeri Iskander Sagarminagak eta hau ilustratu zuen aldi berean Eider Eibarrek. Hitzordu berria dute orain, Irlandaren iparraldea eta Eskozia bereizten dituen itsasartea zeharkatzea. «Zazpi itsasoen erronka» dute helburu, aurtengoaren ostean etorriko baitira beste bost antzeko hitzordu ere, munduaren punta banatan denak ere. Katalina irlatik Los Angeles hirira doan zatia, Hawaiko irla batetik bestera, Zelanda Berriko irla batetik bestera, Gibraltarreko itsasartea eta Japonian, Tsugaruko itsasartea.
Denboraldiko azken saioa izan da Kosta ala Kostarentzat, Senegalerako bidaia banatu dugu (Banoa Bidaiak), baita Iratxeko kanpinerako egonaldia ere, eta azken argazki kamera (Samar Foto) ere bai... Baina oparia guk gerok jaso dugu, Eider Eibarrek ilustrazio eder honekin itxi baitu aurtengoa: