En directo

Peli Lekuona
NAIZ Irratia. Haria 1eko gidaria

Justizia errestauratiboa, gatazken kudeaketarako bide berriak zabaltzeko

Epaitegietatik kanpo arrazakeriari lotutako espediente bat ebazteko, esku hartu du aurten Arartekoak. Gatazkak konpontzeko bestelako bide honen nondik norakoak azaltzeko, Naiz Irratian izan zen Roberto Moreno, Arartekoaren justizia arloko koordinatzailea.

Audio_placeholder

Justizia errestauratiboa, gatazken kudeaketarako bide berriak zabaltzeko

Loading player...
EAEko Justizia jauregia. (Marisol RAMIREZ/FOKU).
EAEko Justizia jauregia. (Marisol RAMIREZ/FOKU).

Iragan urtean Zehar-Errefuxiatuekin taldeak Arartekoari Gasteizen gertatutako jazoera arrazista baten berri eman zion. Senegaleko jatorria izateagatik hiru gazteri lokal batean sartzea debekatu zieten, eta, Ertzaintzak kasurik egin ez zienez, diskriminazioaren aurkako elkarte batengana jo zuten.

Roberto Morenok, Arartekoaren justizia koordinatzaileak, NAIZ irratiko elkarrizketan azaldu zuenez, elkarteak bazekien Arartekoa bazebilela bestelako bideak jorratzen gatazkei heltzeko, eta hara jo zuten Errestaurazio Zirkulua edo elkarrizketa bidera zezaten. «Justizia errestauratiboak erantzuna ematen die askotan epaitegietara iristen ez diren egoerei», azaldu zuen Morenok.

Justizia errestauratiboa justizia penaletik jaioa dela azaldu zuen Morenok, eta ohiko justizia formalarekiko bateragarria bakarrik ez, «alternatiba osagarria» ere badela zehaztu zuen. Gaineratu zuen Lakuak badituela gisa honetako zerbitzu publikoak epaitegietan, eta Europan garapen handia izan dutela gisako mekanismoek.

Gatazken kudeaketa

«Gizarte gero eta pluralago honek erronka ugari ekarri ditu bizikidetzarako, eta ikusi da delitu aurreko gatazketarako, auzo eta herrietan gertatzen diren diskriminazio arazoetarako, baliagarria dela bide hau», nabarmendu zuen.

Alegia, justizia penalaren makineria oraindik abiatu ez arren eta salaketarik tarteko ez dela, gatazka batzuk komunitatean bertan konpon daitezkeela esan zuen.

Aipatutako Gasteizko aferan parte hartzea onartu zuen kontaktatutako bulegoak, eta Errestaurazio Zirkulu bat sortu zuen. Bertan egiten den lanaren nondik norakoak azaldu zituen Morenok. Lehenik eta behin, «bideratzaileek harremanetan jartzen dituzte inplikatutako alderdiak».

Morenok azaldu zuenez, alderdiekin konfiantza sortzea da hurrengo pausoa, eta konfiantzazko pertsonak ere gonbidatzen dituzte hainbat bilera egitera. Orduan, espazio seguruan daudela sentitzen dutenean, hasten dira hizketan: «Ez bakarrik gertatutakoaz, baita benetan dakartzaten minez ere bai, batzuetan belaunaldiz belaunaldi irauten dutenez; arrazakeriak eragindakoak, besteak beste».

Horrekin batera, hirugarren zati bat barne hartzen du prozesuak. Komunitateko ordezkariek parte hartzen dute horretan. Hizpide dugun kasuan, diskriminazioaren aurkako sare publikoko pertsona bat izan zen bertan, Arartekotik, komunitatearen ordezkari gisa. Prozesuan parekoaren mina ulertzen laguntzen die bi aldeei, eta barkamena eskatzea ere errazten omen du zenbait kasutan.

Eta gero, zer?

Hortik aurrera, aferan inplikatutako alde ezberdinek konpromiso zehatzak hartzen dituzte. Asmoa da gisa honetako kasuetan horien inguruko ebaluazioak egitea epe luzera, kasuaren jarraipenarekin batera.

Horrelako prozesuek, gaineratu zuenez, eragina izaten duten norberarengan: «Eragina izaten dute norberaren bizitza pertsonalean. Bada errealitateari begiratzeko beste modu bat; genero ikuspegiarekin beste betaurreko batzuk behar ditugun bezala, horrelakoetan antzekoa izaten da».

Adibide bat ere eman zuen: «Salaketa bat jartzeko epaitegietara joaten zarenean, gutxitan egoten da aukera jakiteko beste aldean dagoen pertsona edo kolektiboak jasan duena. Hori da, nik uste, garrantzitsuena».

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gizarteak justizia errestauratiboaren aldeko apustua egin beharko ote lukeen galdetuta, Morenok aitortu zuen «oso antipunitibista» izan dela beti. Justizia penala «oso estruktura irmoa eta gogorra» dela uste du, eta badagoela bestelako erantzun komunitario bat sortzeko aukera. Horren alde egin dute Arartekotik ere, berak esandakoaren arabera.

Jaurlaritza Logoa