En directo
Etxe batean izandako sutea da Mutrikuko azken egunetako kezka iturri nagusia, baita Udalarena ere; hala aitortu du Ainhitze Azpiazu alkateordeak NAIZ Irratiko mikrofonoetan, zaurituak berehala euren onera itzultzea, hori bere desioa.
Festa giroan da, hala ere, Mutriku, Malen jaiak dituzte eta dezenteko aje eguna zuen herriak gaur, Kristozulo kantinatik aritu gara gu eta antzematen ziren bezperako begizuloak.
Beste aurpegia kirolariek jarri digute. Lehenbizi Oihana Kortazar mendi lasterkaria; goizean goiz argazki saioa eginda gerturatu da gurera. Epe motz eta ertainean dituen erronkak izan ditugu hizpide; elikadura kontuak ere bai, nutrizionista baita.
Mikel Manzisidor ‘Manzi’ zestapunta jokalaria ere izan da gure setean, frontoian egin beharreko entsegu aurretik pasio bihurtu duen kirolak bizi duen osasunaz aritu gara.
Asteazken honetan azken aukera
Herriz herri Senegalerako bi lagunentzako bidaia (Banoa bidaiak) eta Aiegiko Iratxe kanpinerako asteburu pasa bat ditugu zozketagai, Foto Samarrek eskainitako argazki kamerak lehiaketan etxetik parte hartzen duzuenontzat; asko ari da ugaritzen parte hartzea azken egunotan. Gainera, irratiko merchandisingarekin ere justuan gabiltza, eskutatik kentzen baitizkigute.
Asteazken honetan Algortan, Arrigunaga hondartzan izango da Kosta ala Kosta, lehiaketan parte hartzeko azken aukera izango duzue eta zozketa handia bertan egingo dugu (10.00tatik 12.00tara)