En directo

Peli Lekuona

Pirinioetako Plana erdigunera itzultzea helburu

Pirinioetako Mahaiaren egoera okerrera joan dela salatu dute partaideek, baina, batez ere, Pirinioetako herrietako alkateek. Jaurrietan, bilera ireki batean herritarrekin elkarbanatu dituzte mahaiaren inguruko kezkak. Gertatutakoa gehiago ezagutzeko gurekin izan da Unai Irigarai, Auritzeko alkatea.

Audio_placeholder

Pirinioetako Plana erdigunera itzultzea helburu

Loading player...
Unai Irigarai, Auritzeko alkatea.
Unai Irigarai, Auritzeko alkatea. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Hauteskundeen ostean aldaketa etorri dela salatu dute Pirinioetako Mahaiko kideek. Proiektu estrategikoen zuzendaritza nagusia desagertu zenean, makro zuzendaritza handi batean sartu zuten plana, «eta hor diluitu egin da», Unai Irigaraik kontatu digunez. Zuzendaritza horrek suposatzen zien «leihatila bakarra» galdu zutenean, plana alboratuta geratu zen.

Izan ere, Nafarroako Gobernuak 2020an proposatutako planak bere horretan jarraitzen du, baina aldatu egin dira horren baitan aritzen diren aktore eta ordezkariak.

Gainera, mahaia osatzen duten herri gehienetan abenduan hasi ziren lanean, hauteskundeak azaroan izan baziren ere, «Pirinioetan arazoak izaten direlako herrietan zerrendak osatzeko». Ondorioz, «urte bateko desfasearekin» dabiltza.

Irigaraik salatu du aurreikusitako 3,7 milioi euroko aurrekontua ez dela egiazkoa, horietatik milioi bat Itoizko urtegiko mahaira bideratuta legoke eta. «Egiazkoa ez den aurrekontu bat sartu digute, ematen du dirutza erabiliko dutela honetarako, baina ez», deitoratu du.

Esan duenez, Gobernuan egondako aldaketek pertsonal murrizketa ekarri dute eta, «une honetan, zuzendaritza nagusia ez da gai laguntza horien oinarriak plazaratzeko eta guzti horiei aterabidea emateko».

Aterako ez diren aurrekontuez gain, badira aterata ere gastatzea zailduko dutenak, «epemuga murritza, udal txikiak, eta arazo burokratikoak» direla eta. Azaroaren erdirako egon beharko lirateke justifikatuta, eta estu ikusten dira.

«Gobernantza partekatua»

Pirinioko Plana lurraldearekin egindako proiektua dela nabarmendu du Irigaraik: eragileek zekartzaten aldarri eta proposamenekin bide orri bat osatu eta adostu zuten Nafarroako Gobernuarekin, parlamentuko talde desberdinekin, herritarrekin eta bertako erakundeekin.

Proiektu horrek «oso ondo markatzen zuen gobernantza partekatua», zeinetan aipatu aktore guztiek parte hartzen zuten.

Hain zuzen ere, hori da planaren berezitasuna, elkarrizketatuak positibotzat jo duena; horren jarraipena modu partekatuan egin dela, alegia.

Izandako bilerak eta datozenak

Uztailaren 3an eragile guztiek izandako bilkuran, «haserrea izan zen nagusi», Irigaraik kontatu duenez. «Pirinioetako herritarrek Gobernuaren utzikeria ikusi zuten, guk ere aurretiaz salatutakoa».

Pirinioetako Plana erdigunera itzultzeko eta galdutako gobernantza partekatua berreskuratzeko eskatu zioten Nafarroako Gobernuari.

Haserreak haserre, «aurrera begira» jarraitu behar dutela izan zen ondorioa, «biztanleriari zor diogulako».

Aurretik ere, zuzendari nagusiarekin biltzeko aukera izan zuten, eta hiru konpromiso hartu zituen hitzordu horretan: gobernantza partekatuaren eredu berrian sakontzea, etenda dauden diru laguntzei aterabidea ematea eta irailetik aurrera 2025eko finantzazioan lanean hastea. Ate honetatik aurrera horietan lanean hasiko direla esan du Irigaraik, «oso ados egon ez arren» hori dagokielako.

Era berean, azpimarratu du zorrotzak izango direla horiek betetzen direla bermatzeko garaian, eta hala izan ezean berriro batzarrera joko dutela, herritarrekin batera aztertzeko «zeintzuk diren Pirinioak behar dituen bideak eta zor zaizkion baliabideak».

Maria Chiviteri ere bilera eskatu zioten, Gobernuak planarekiko duen jarrera ezagutu asmoz, eta egoerak okerrera egin izana ere tarteko dela. Erantzuna, ordea, ezezkoa izan zen, Nafarroako presidenteak ulertu baitzuen zuzendari nagusiarekin biltzea nahikoa izango zela.

«Aurreko legegintzaldian, Geroa Bairen baitako zuzendaritza nagusiarekin, bere alde txar eta onekin, baina gutxi gora beherako adostasunarekin aurrera egiten ari zen», esan du Auritzeko alkateak. Orain, ordea, «aldaketa nabarmenak» sumatu dituzte alderdi sozialistaren agintearekin.

Despopulazioaren Legea

Amaitzeko, Despopulazioaren Lege anbiziotsu bat eskatu du Unai Irigaraik, «Pirinioko arazoei erantzun konkretuak emango dizkiena».

Uste dute «ezinbestekoa» dela euren parte hartzea lege horren erredakzioan, eta gobernantza partekatua izango da horretarako erabiliko duten lanabesa, «landa eremuko herritar, eragile sozial eta politikoekin batera».

Ratioekin eta etxebizitzarekin lotutako aferak jorratu beharko lituzke lege horrek, batik bat, baita lehen sektorera bideratutako neurriak txertatu ere. Normalean, «familien eta udalen gain» erortzen da kostu hori.

Une honetan, salaketa da epez kanpo dabiltzala eta ez dutela proposamenak egiteko marko egokirik.

Udaberri hasieran helarazi zieten udarako aurreproiektuaren lanketa bat mahai gainean izango zutela, horren inguruan lanketak egiteko, baina uztailak 17 dituen honetan ez dute oraindik deus jaso. 2025eko hasieran ziren legea onartzekoak, baina ez dute uste ordurako horrekin iritsiko direnik.

«Mahaiak komisio desberdinak ditu, herritarrekin biltzeko eta haien arazoak jasotzeko. Behin prozesu hau martxan jarrita, tokian tokiko komisio horietan landuko ditugu eremu desberdinetan behar ditugun proposamenak», amaitu du Irigaraik.

Jaurlaritza Logoa