En directo

NAIZ Irratia

«Iduritzen zaigu hiru hautes-eremu hauetan irabazteko aukerak ditugula»

Legegileen bigarren itzulian «lehia estua» izango den arren, FHBren aukerekiko baikor da EH Baiko Iker Elizalde. Banan-banan aztertu ditu hautesbarruti bakoitzeko testuinguruak. IV.ean bezala VI.ean ere hiru hautagaitza aurkeztuko dira.

Audio_placeholder

«Iduritzen zaigu hiru hautes-eremu hauetan irabazteko aukerak ditugula»

Loading player...
ker Elizalde EH Baiko hautetsia Pirinio Atlantikoen Kontseiluko saio batean.
ker Elizalde EH Baiko hautetsia Pirinio Atlantikoen Kontseiluko saio batean. (Guillaume FAUVEAU)

Hiru egun besterik ez dira falta Frantziako Estatuko hauteskunde legegileen II. itzulirako. Euskal Herriari dagozkion barrutietan ezin aurreratu zer den gertatuko dena aurreko itzulian nahiko gertu gelditu zirelako aukera nagusiak. EH Bai parte den Fronte Herritar Berrian, lehen itzuliko emaitzei eutsi (lehen indarra izan ziren hautesbarruti guztietan) eta hauek hobetzeko moduan daudela sinetsita daude. «Iduritzen zaigu hiru hautes-eremu hauetan irabazteko aukerak ditugula, estua izanen dela eta beraz dei egiten dugu guzti guztien mobilizatzea igande gauean garaipena ospatu dezagun», esan du Iker Elizalde EH Bairen ordezkari eta egun koalizio abertzaleko hautetsiak Pirinio Atlantikoen Departamentu Kontseiluan.

Zentzu honetan, bigarren itzulia lehen postuan gelditu ez diren alderdiek egindako mugimenduak edo mugimendurik ezak markatuta dator. EAJk, esaterako, aurrekaririk gabeko erabaki batean, Fronte Herritar Berria bozkatzera deitu du, eta Peio Etxeleku alderdiko buruak berak koalizio horretan aurkeztu den EH Baiko Peio Dufauri botoa emango diola baieztatu du etxe honetako mikrofonoetan.

Jeltzaleen mugimendua ezustekoa izan ote den galdetuta, «espero genuen» erantzun du Elizaldek, jakina baita zer nolako testuinguru zaila duten Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, eskuin muturrarekin ate joka. Jeltzaleek euskal jendarteak eskatzen duenarekiko maila eman dutela balioetsi du EH Baiko hautetsiak: «Pentsatzen dugu kasu honetan PBNko hautagai horiek eta Peio Etxeleku Ipar Buru Batzarreko kideak beren ardurak hartu dituztela, beste batzuek ez bezala».

Hautesbarrutiak, banaka

Presente izango diren hautesbarruti guztietan «lehia estua» izango dela ziurtzat jotzen da, baina testuinguruak baditu ezaugarri bereziak horietako bakoitzean. Biarnok eta Ipar Euskal Herriak partekatutako IV. hautesbarrutian hiru alderdien artekoa izango da jokoa, espero zen bezala, Jean Lasalle erregionalista-kontserbadoreak ez baitu atzera egin, hirugarren tokian gelditu arren. EH Baiko kidearen arabera, «Jean Lasalle, etorkizuna baino gehiago, iragana da». Aldiz, konfiantza handia du FHBko Iñaki Echanizengan, «erakutsi du nahiz eta Biarnokoa izan, Ipar Euskal Herriko problematikak eramaten Pariserat». Hirugarren hautagaia Sylviane Lopez ultraeskuindarra da; «han ere ez da bizi, beste bi hautesbarrutietan bezala».

V. hautesbarrutian, Batasun Nazionalari baino ez dio aurre egin beharko Fronte Herritarrak, hirugarren postuan amaitu zuen Ensembleko Florence Lasarrek bigarren itzuliari uko egin ostean, ultraeskuinari gauzak ez errazteko. Zaila da jakitea, ordea, macronista kontserbadoreenak ezkerrari eta abertzaleei botoa emateko prest ote dauden. Egoera «kezkatzeko modukoa» dela onartu du Elizaldek, macronisten artean soilik ez, Les Republicains kontserbadorean dagoen banaketari erreferentzia eginez. Dena den, «hautesleek arduraz jokatuko dutela eta Colette Capdevielle (FHBko hautagai sozialista) ezarriko dutela lehena» espero du Elizaldek.

Biarritzetik Hendaiara eta barnealderantz hedatzen den VI. hautesbarrutia da hautesle gehien dituena, eta bertan da zerrendaburu Fronte Herritar Berriaren izenean EH Baiko Peio Dufau. Florence Lasarrek ez bezala, barruti honetan bere hautagaitza mantentzea ebatzi du Christian Deveze macronista eta Kanboko auzapezak. Are gehiago, ia maila berean jartzen ditu honek ultraeskuindarrak eta abertzaleak. Lehen itzulira aurkeztu zen Emmanuelle Brisson eskuindarrak dagoeneko eskatu du Devezeren aldeko botoa, eta espero da horrek babes dezente eman ahal diola, bereziki Biarritz aldetik. «Bere sostengu ziren batzuek dei egin dute Peio Dufau bozkatzera. Beraz boz horiek aski sakabanatuko dira», iragarri du Elizaldek, jeltzale bozkatu zuten gehienek Dufauren alde egingo dutela ziurtzat joz.

Gaur egungo fronteak etorkizunean molde berberean edo ezberdinean errepikatzeko aukeraz, Ipar Euskal Herriko biztanleen kezkak eta beharrak bere egiten dituztenekin hitz egiteko prestutasuna izango dutela nabarmendu du EH Bairen hautetsiak. Baina orain, helburu bakarra dutela dio, Fronte Herritar Berriko hautagaiak Asanblea Nazionalera heltzea eta Peio Dufau «gure herriaren ahotsa izatea» Parisen.

Jaurlaritza Logoa