En directo

Naiz Irratia

6. hautesbarrutian Peio Dufauren alde bozkatuko du EAJ-PNBko Etxelekuk

Frantziar Legegileen bigarren itzulitik kanpo geldituta, Fronte Herrikoi eta EH Baiko ordezkari Peio Dufauren alde bozkatuko duela baieztatu du Ipar Buru Batzarreko presidente Peio Etxelekuk. Hautagai jeltzaleek ere ezkerreko koalizioaren alde bozkatuko dute eskuin muturrari harresia egiteko.

Audio_placeholder

6. hautesbarrutian Peio Dufauren alde bozkatuko du EAJ-PNBko Etxelekuk

Loading player...
Peio Etxeleku, EAJ Uztaritzen ekainaren 25ean egindako kanpaina ekitaldian.
Peio Etxeleku, EAJ Uztaritzen ekainaren 25ean egindako kanpaina ekitaldian. (Guillaume Fauveau | Mediabask)

Boto kopuruan gorakada handi izan zuen arren, 6.000 boto pasatxorekin ez zen bigarren itzulira pasa Peio Etxelekuren EAJ. «Gure eskubideak arriskuan» daudela sinetsita eta jeltzaleak «beti demokraziaren alde» izango direla berretsiz, eskuin muturraren aurka egitera deitu du, eta berak pertsonalki, 6. hautesbarrutian Peio Dufau, Fronte Herritar Berriko hautagai abertzalearen alde bozkatu duela aurreratu du.

NAIZ Irratian azaldu duenez, badago «aukera historikoa» Asanblea Nazionalean diputatu abertzale bat egoteko, «eta abertzaleen ikuspuntutik ere kontutan hartu behar den elementu bat da». 

Gainera, azken urteetan Emmanuel Macronek aurrera eramandako politikak kritikatu ditu, eta nabarmendu du «gaur egungo» testuingurua politika horien ondorioa dela. Dioenez, «itxura normalizatu faltsua» lortu du eskuin muturrak Macroni esker.

«Macronek egin duen lan zikinaren ondorioa da», adierazi du, Marie Le Penen alderdia demokraziaren etsaia dela azpimarratuz. Haren esanetan, «baztetrtu behar da, honen aurka agertzen diren hautagaien alde bozkatuz». Hau da,  Colette Capdeville, Iñaki Etxaniz eta Peio Dufauren alde bozkatuz.

Etorkizunera begira, jeltzaleek espero dute «lan bide batzuk eta elkarlan esparru batzuk sortzea demokraziaren alde gaudenon artean, abertzaleen artean, Euskal Herriarentzat proiektu amankomunak» adosteko.

Zentzu honetan gogora beharra dago EAJk zabaldu zuela asteartean Gernika Bataloiaren argazkia. «Duela 88 urteko altxamendu frankistaren garaian, EAJ-PNBk Euskal Herriarentzako Autonomia Estatutu bat lortu zuen, sozialistekin, komunistekin, ezker errepublikarrarekin... Frankismoaren eta, geroago, nazismoaren kontra borrokatuko da EAJ-PNB, Frantziako erresistentziaren ondoan», esan zuten jeltzaleek.

Asteazken honetan Graciane Bec, Jean-Marie Erramuzpe eta Jean Tellechea hautagai jeltzaleek Fronte Herrikoiaren alde bozkatuko dutela iragarri dute, eskuni muturrari harresia egiteko.

Jaurlaritza Logoa