En directo
«Produktibismoaren mugak ikusten dira. Etxalde batzuk handitzen eta potolotzen ikusten dira, eta kapitalizatze handiak egin diren etxaldeetan norbait sarrarazi behar baduzu eta balidazioa egin, kasik pasaezina da. Sobera garesti dira eta kapital izugarriak galdegiten dituzte kanpotik norbaitek behar badu segida hartu. Hori transmisioaren aldetik, aipatu gabe produktibismo hori zeinen kaltegarria den bestelako maila askotan». Horrelaxe ikusten du Jean Michel Duhalde laborariak lehen sektorearen oraina.
Hainbat oztopo ikusten ditu erretreta laster hartuko duen laborariak lehen sektore indartsu bati jarraipena emateko; langintzak eskatzen duen lan zama eta gazteek egin beharreko inbertsio garestiak. Lehen sektoreari erreleboa eta ofizioari jarraipena emateko, EHLG-k transmisioa lantzeko formakuntzak antolatu ditu, administrazio adituekin landuko dute erretreta eta etxaldearen segida sei saiotan; jada hasi dira eta urrian amaituko dute.
Ekoizpenak ugaritu dira, salmenta moduak aldatu, baina laborari berrientzat, batez ere, lurra eskuratzea erronka handia da. Duhaldek aipatzen du etxaldea ahaideen artean pasatzen denean ere izaten direla zailtasunak, «juridiko mailan hastapenetik gauzak argiki» ezarri behar direla ikasi duela kontatzen du. «Behar da topo egin eta lortu bien arteko ulermena. Bestalde, etxaldea ahaideen artean pasatzen denean segidan, askotan uzten duena hor dago ez dadin ekonomikoki sobera astuna izan; baina kanpotik heldu den norbaitekin egiten badituzu gauzak, zinez, araudien arabera, estimazioekin eta neurriz egin ohi dira, hartzaileak ez dezan oztopo hori sobera pisu izan».
Bizimodu aldaketa
Zailtasun administratibo edo juridikoez gain, egungo bizimoduak ere baduela bere eragina uste du laborariak. Beraien belaunaldiak «plazerez» egiten dituela etxaldeko lanak, baina hautatua ez bada, «dorpea» izan ahal dela uste du: «Ez dituzu lagunen ordutegi berak, ateraldiak eta horiek denak. Badira, hala ere, aterabideak, hazkuntzak, edo plantatzen ahal da kidetza etxaldeetan... Badira moldeak lan zama hori arintzeko eta ez du horrek lotsatu behar».
Etxaldeko lan-modua aldatu daitekeela pentsatzeak erreparoa eman dezakeen arren, pozgarria ere izan daitekeela uste du, eta horretarako ezinbesteko jarrera bat nabarmentzen du Duhaldek: «Bereziki uzten duenak behar du onartu eskuaren uztea, eta hori erratea erraza da, baina gero egitea... bi gauza dira».
Aldaketa horiek emateko garrantzitsuak iruditzen zaizkio antolatu berri diren jardunaldiak: «Baduzu adituen ekarpena, MSAko kide batzuk pasatzen dira maila juridikoan adituak direnak, psikologoak, aholkulariak, eta horrez gain, kasu berean garen laborariak elkartzen gara eta ona da taldean gai horiek lantzea, trukatzea eta ikusmoldea ematea».
Hala ere, Duhalde kezkaz da bere belaunaldiak ez dakielako ondotik zer etorriko den: «Gara belaunaldi bat nolabait kulturalki segida hartu dugunak maite dugulako, baina ez bakarrik. Zeren tradizioetan etxalde guztietan bazen haurren bat etxaldea hartzen zuena. Hori aldatzen joan da, eta ondorioak ikusten ditugu».
Bestalde, etxea eta lantokia leku bera izateak erretreta hartzea zailtzen duela aitortzen du, norberak bere modura landu nahi izaten baitu bere etxea. Utziko dutenen eta hartuko dutenen elkarrizketa defendatzen du laborariak, eta batez ere, utzi behar duenaren kudeaketa emozionala egiteko ahalegina azpimarratzen du.