En directo

Peli Lekuona
Entrevista
Iker Moreno
Nafarroako Torturatuen Sareko kidea

«Poliki-poliki, baina torturaren inguruko negazionismoa eta isiltasuna apurtzen ari gara»

Nafar Gobernuak, beste lau lagunekin batera, Iker Moreno burlatarra biktima gisa aitortu du Estatuko segurtasun indarren partetik jasotako torturak direla-eta. Haien aurkako indarkeria aitortzea zauria ixteko modua dela aitortu du eta, bidea motela izan arren, lortutakoaren balioa azpimarratu du.

Audio_placeholder

«Poliki-poliki, baina torturaren inguruko negazionismoa eta isiltasuna apurtzen ari gara»

Loading player...
Iker Moreno, Nafarroako Torturatuen Sareko kidea.
Iker Moreno, Nafarroako Torturatuen Sareko kidea. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Nafarroako Gobernuak Estatuko segurtasun indarren biktima gisa aitortu zaitu. Albistea jaso berritan, nola zaude?

Deia jaso nuenean nahiko lasai hartu nuen berria. Baina anaiari deitu nionean kontatzeko, hitzak jarri nizkionean dena nahastu zitzaidan eta nahiko mugitua nago. Era berean pozik, pertsonalki zerbait ixtea izango delako. Hori denborak esango du, baina hala izatea nahiko nuke, aitortza honek borobila ixtea. Eta kolektiboki uste dut beste urrats bat dela eta poliki-poliki ari garela ezkutuan dagoen hori edo urtetan isilarazi diguten hori argitara atertzen.

Bost aitortza iritsi dira baina gehiago ari dira kudeatzen. Zer esango zenuke aitorpenen erritmoaz?

Mantso goaz baina uste dut lana ongi egin behar dela eta horrek denbora eskatzen duela. Gauzak denboraz eta ongi egin behar dira baina ezin gara gelditu. Ni pozik nago. Atzo egunkarien bitartez jakin genuen beste 105 kasu tramitatzen ari direla une honetan. Nafarroan 1.000 kasutik gora egon dira eta sarean eskuartean dugun informazioaren arabera 300 pertsona inguru batzarretik pasatzeko prest agertu ginen. Bidea motela da, baina jarraitu behar dugu aurrera.

Nolakoa izan da prozesua?

Egia da ez dela erraza egin zigutena kontatzea eta horren inguruan hitz egitea, zauria berriz irekitzea delako. Baina era berean, nik hitz egin dudan kideekin, guztiak bat gatoz batzordeak duen tratua oso ona dela oso ongi hartu gaituztela, oso modu humanoan, entzun gaituztela, enpatia moduko bat egon dela eta zaindu gaituztela bertan izan garenean. Egia da tramite bat dela, elkarrizketa hori egitea ez dela zerbait polita. Baina haien aldetik ikusi dugu nolabaiteko sentsibilitatea eta erraztu dute gu eroso egotea, kontatu beharrekoa kontatzeko. Animatu nahiko nuke horren beldur den jendea; jakin dezatela batzordeko kideen aldetik ez dagoela inolako harrera bortitzik. Kontrakoa da; oso ongi hartuak sentitu gara.

NAIZi eskainitako elkarrizketa batean aitortu zenuen zure mendekua jasandakoa kontatzea izango zela. Horrek badu lotura errekonozimenduarekin eta prozesu honekin?

Nik uste dut baietz. Hamarkadetan isildua eta ukatua izan den errealitatea da tortura. Torturatutako pertsonak ere isilik mantendu gara eta kosta egin zaigu kontatzea. Nik argi nuen egin behar zela, baina kosta egiten da. Ezagutzen dugu hamarkadetan ezer kontatu ez duen jendea, hitzik jartzea lortu ez duena. Hori ere errespetatu behar da.

Gure belaunaldiak aldeko izan du azken urteetan ikusi dugula mugimendu independentistaren aurka tortura jada ez zela hainbeste erabiltzen eta horrek lagundu duela. Nire kasuan kontatzea aringarria, baita sendagarria ere izan da. Beste pertsona helduago batzuek ere esan izan didate gauza bera gertatu zaiela. Bikote, seme-alaba, gertukoei... ezin izan dietela kontatu eta orain egin dutenean, gogorra izan dela, baina zama bat kendu dutela gainetik. Zauria ixteko beharrezkoa dugu honi buruz hitz egitea, jendeak gu entzutea, gu sinistea. Eta Nafarroako Gobernuak halako aitortza bat egitean eta esatean baiez, sinisten duela kontatzen duguna eta aitortzen duela gure kontrako indarkeria erabili zela, bada zauria ixteko forma bat.

Iruñeko Udaletik ere iritsi da aitortza. Deigarriena UPNren abstentzioa izan da.

Iruñeko mozio horrekin bi urteko lana itxi nahi genuen. Nafarroako Torturatuen Saretik torturatuak izan diren herrietan mozioak aurkeztu nahi genituen. Zehazki, 99 herritan saiatu gara aurkezten, 63tan onartu dira, beste batzuetan erantzunik ere ez dugu jaso.

Baina Iruñekoarekin bi urte hauetako zikloa itxi nahi genuen. Iruditzen zitzaigun entitate lokalek aitortza egin behar diotela haien herrietako pertsona torturatuei eta egiaren aldeko bide horretan haien aletxoa jarri behar zutela.

Eta Iruñeko kasuan ere emozioz bizi izan genuen unea, alde batetik, PSNren aldeko bozak eta UPNren abstentzioak frogatzen dutelako poliki-poliki ari garela hamarkadetako isiltasun eta negazionismo hori apurtzen. Guretzat hori ere beste pauso bat gehiago da eta lagungarria da.

Jaurlaritza Logoa