En directo

Hegoi Belategi-Martin Arratibel

«Penintsulan gutxienez hizkuntza ofiziala izatea» dute helburu Yukataneko maiek

Garabideren eskutik, Yukataneko Yuuyum elkarteko ordezkaritza bat etorri da Euskal Herrira. Maiteder Sasieta eta Socorro Cauich dira bidai honen bi aldeetako koordinatzaileak. Maiarekiko «diskurtsoa aldatu» nahi dutela dio Cauichek eta «herria esnatu» dadin lanean ari direla.

Audio_placeholder

«Penintsulan gutxienez hizkuntza ofiziala izatea» dute helburu Yukataneko maiek

Loading player...
Askorako eman die bidaiak adiskide maiei. Besteak beste Gure Zirkua ezagutzeko aukera izan dute.
Askorako eman die bidaiak adiskide maiei. Besteak beste Gure Zirkua ezagutzeko aukera izan dute. (Garabide Elkartea )

Mexikoko hego-ekialdean kokatuta dago Yukatan penintsula, maila txikiagoan bada ere, Guatemalako eta Belizeko estatuetara ere hedatzen dena. Eta Maien zibilizazioa, kataklismo baten ostean kolapsatu eta desagertu zela dioen kontakizuna aski zaharra den arren, maiak ez ziren desagertu; eta mende luzaz mantendu den bazterkeria eta xenofobiaren ostean, paradigma iraultzen ari dira penintsulan bizi diren komunitate maiak.

Sustraiekin birkonektatzetik eta hauez harro egon beharra dagoela onartu ostean, ardatz ugariko proiektu nazionalean darabilte, eta hizkuntzarena da horietako bat. «Hori da (gure) mugimenduaren helburua, penintsulan gutxienez hizkuntza ofiziala izatea», azaldu du Socorro Cauich Yuuyum elkarteko kideak.

Harremanak sendoak eta aspaldikoak dira Yuuyum eta Garabide elkarteen artean, eta harreman horri esker hainbatetan bisitatu dute elkar. Maien txanda izan da orain, eta pare bat asteko egonaldia probestuta, ez du aukera galdu Mundu Bat Herrik Aretxabaletan Garabideren egoitzan jarritako hitzordura bertaratzeko. Hedabideen aurrean lotsatzen dela dioen arren, Yukataneko maiaren egoera suspertzeko jarraitu beharreko bidea argi du Cauichek, «mugimenduak herria mobilizatzea nahi du arlo azberdinetan. Arlo horietako bat kontzientzia linguistikodun pertsonak heztea da». Eta badakite, gaur egungo formakuntzak etorkizuneko hiztunak izango direla, Cauichen aburuz, «herria esnarazteko» lan egingo duten pertsonak, maiarekiko dagoen «diskurtsoa aldatzeko».

Harro, baina arduraz

Herri aktibazio horretan, Garabide ere ari da bere aletxoa jartzen, Euskal Herrian izandako prozesua haiekin partekatuz. Elkarteak Aretxabaletan duen egoitzan, Maiteder Sasietak ere egin dio harrera Mundu Bat Herriri. «Azken 60 urte hauetan euskararekin egin den ibilbidea, beste komunitate batzuentzat altxorra da», dio Agurainen jaiotako Sasietak, «erronka horiek gaindituta ikustea beraientzako oso aberasgarria da», gaineratu du.

Bada tartetxo bat maiak bezala, bestelako hizkuntza gutxitudun komunitateak gonbidatzen dituela Garabide Elkarteak,  euskal testuingurua lehen eskutik ezagutu dezaten. Bisitari hauen harridura «guretzako ere bada harrotasun puntu bat», nabarmendu du Sasietak, «hauentzako eredugarri baldin bagara guk ere balio pixka bat eman diezaiogun gure buruari». Hori bai, harrotasuna eta konformismoa ez direla gauza bera argi du Garabideko langileak, «hau ez da bukatu, lanean jarraitu behar dugu, barrera batzuk gainditu ditugun arren, beste batzuk sortu direlako».

Ezberdintasunetatik batasuna

Nazio bat baino, «jatorri berbera partekatzen duen herri bat» gisa ulertu behar direla Maiak azaldu du Yukataneko ekintzaileak. Mexiko, Guatemala eta Belizeko komunitateek, antzinako maien zibilizazioan topatzen dituzte euren sustraiak, baina honek izan zuen iraupenak eta hedadurak, kultura hark tokian toki ezaugarri propioak garatzea ekarri du. Yukatanen maiaren aldaeren arteko antzekotasunak badiren arren, «maia kitxe eta kaqchikelarekin adibidez, ez gara hain beste ulertzen» zehaztu du.

Hortaz maia herri bakoitzak bere «testuinguru eta arazo propioak ditu», baina bai uste du Cauichek «hizkuntza guztien arteko senidetze eta babesa» eman beharko litzatekeela, maien artean eta baita harago ere; «ikasitakoa eta norberaren esperientziak partekatu behar ditugu. Denok gara anai arrebak, herri indigenak. Min eta arazo berberak partkatzen ditugu», adierazi du Yukatanetik Euskal Herrirainoko bidea egin duen Socorro Cauichek.

Jaurlaritza Logoa