En directo

‘Yuca’ izenarekin atera du bere azken diskoa Alai ekoizle eta DJ tolosarrak

Bost abestiz osatutako kaleratze honetan, club musikara nola gerturatu den eta zer eskaini dezakeen bertan erakutsi digu Alai ekoizle eta DJ tolosarrak. Batean eta bestean zuzenekoetan dabil orain, hurrengo geldialdia BBK Live Herrian ekimenaren baitan egingo du, larunbatean, ekainak 15, Sondikan.

Audio_placeholder

‘Yuca’ izenarekin atera du bere azken diskoa Alai ekoizle eta DJ tolosarrak

Loading player...
Alai ekoizle eta DJ tolosarrak ekainaren 21ean Naiz Irratiko Sateliteak saio berezian hartuko du parte.
Alai ekoizle eta DJ tolosarrak ekainaren 21ean Naiz Irratiko Sateliteak saio berezian hartuko du parte. (Carla DEL TORO)

‘Ozen’ izeneko lan luzea kaleratu zuen 2021ean, ‘Bare’ deituriko EPa 2022an eta beste disko labur batekin dator orain Alai, ‘Yuca’ lanarekin. Club musika jorratzen duen arren, izpirituan rave eszenatik gertuago kokatu daitekeela esan daiteke atera berri duen diskoa. 

Bederatzi urtez Euskal Herritik kanpora ibili ostean, etxera, Tolosara itzuli da orain. Denetariko doinuak landu dituela esan daiteke ‘Yuca’ diskoan. Diskoari izena ematen dion kantua, bostetatik azkena, kutsu latinoko gitarra baten doinu batek koloreztatzen du, erritmoz, drum & bass estilotik gertuago dabilen arren.

Erritmo antzekoetan dabil diskoa zabaltzeko aukeratu duen ‘Crib’, nahiz eta kasu honetan chill ukitu bat baduen. «Haunditzen zarenean ikusiko duzu isilik egoteak zenbat balio dun», Xabier Leteren letra baliatu du kantu honetarako Alaik. 

Itsas bazterra eta reggaea askok uztartzen ditugun bi elementu izaten dira, eta, itxuraz ‘Orio’ kantuarekin hori ekarri nahi izan digu tolosarrak. Bob Marleyren ‘Buffalo soldier’ kantua etorri baitzaigu burura hau entzutean. Omenaldi kantu bat, gaztaroan Gipuzkoako kostaldera egiten zituen txangoen karietara. 

Tinbalak, afrobeat ukitua, merenge dantzagarria, giro desberdinak sortzeko testurekin josia. Horrela definitu genezake ‘Choroní’, diskoko kantu instrumental bakarra. Ahotsa, sinteak, perkusioa, gitarra… denetarik erabili du Alaik kantua ontzeko bidean. 

‘Floor’ kantua da aurkezteko falta zaigun bakarra. Dantzaren aldarria egiten du hemen Brava DJ eta ekoizle donostiarrarekin batera. Dub eta hip-hop erritmoak eduki ditzakeen abestia, baxuak sekulako presentzia duena. Dabadaba aretoan gogoratzen du Alaik izan zuela elektronikara gerturatzeko aukera eta beste mundu bat zabaldu zitzaiola, bada, nostalgia ariketa bat gehiago dela esan daiteke ‘Floor’. Club munduak zer eman dion eta berak zer eskaini dezakeen ulertzeko modu bat. 

Zuzenean

Batetik bestera geratu gabe dabil Alai udaberri sasoi honetan eta udara sartzerako bidean beste hiru emanaldi baditu, gutxienez. Hurrengoa larunbatean izango da, Sondikan, BBK Live Herrian jaialdian, Goiri enparantzan, arratsaldeko 18:30ean. Cala Vento, Olatz Salvador edota XSakara bezalako artisten ondoan, Alaik berak, Maria Escarmientok edota Gazzik jarriko diete giro elektronikoa Sondikara gerturatzen direnei. 

Ekainaren 21ean, berriz, Sateliteak saio berezian hartuko du parte, Zurriolako Naiz gunean Telmo Trenorrek antolatu duen solasaldian. Atzetik, gainera, Le Bukowski aretoan emango diote jarraipena ziztaldi batekin beste DJ eta ekoizle batzuk. 

Eta, biharamunean, ekainaren 22an, Elena F. Barker eta biak Eibarren izango den dan_tz point-ean jarriko dute musika. 

Ordura arte, ‘Yuca’ entzuteko aukera baduzue eta baita MusikHaria saioan izan zeneko elkarrizketa ere, bere ibilbideaz eta musikaren nondik norakoaz gehiago jakiteko.

Jaurlaritza Logoa