En directo

Peli Lekuona - Alaia Sierra
Entrevista
Uma Ulazia eta Uxue Alkorta
Euskal Herriko Gazte Feministak

«Subjektu politikoa zabaldu eta trans eta bollerei zuten estrategikotasuna aitortu zaie»

Duela zortzi urtetik Euskal Herriko Neska* Gazteak zena Euskal Herriko Gazte Feministak izatera igaro da, prozesu «luze» baten ostean, Uma Ulazia eta Uxue Alkortak NAIZ Irratian azaldu dutenez. Horrela «subjektu politikoa zabaldu» dute disidentziatik borrokatzen dutenak «beste modu batera» hartzeko.

Audio_placeholder

«Subjektu politikoa zabaldu eta trans eta bollerei zuten estrategikotasuna aitortu zaie»

Loading player...
Uma Ulazia eta Uxue Alkorta, Euskal Herriko Gazte Feministak sareko kideak, NAIZ Irratian.
Uma Ulazia eta Uxue Alkorta, Euskal Herriko Gazte Feministak sareko kideak, NAIZ Irratian. (NAIZ)

Uma Ulazia eta Uxue Alkorta Euskal Herriko Gazte Feministak sareko kideek NAIZ Irratian azaldu dutenez, Euskal Herriko Neska* Gazteak izena alde batera uztearen erabakia prozesu «luze» batetik dator eta «ez da soilik izen aldaketa bat, subjektu politikoaren zabalpen bat da».

Funtsean, urrats honekin «trans pertsonei eta bollerei lehendik zeukaten estrategikotasun hori aitortzen zaie». Hala, pertsona hauen «sarearen parte izateko modua» da aldaketa, azaldu du Uxue Alkortak. «Beste modu batean ordezkatuta agertzen dira», gaineratu du.

Honekin batera, beraien ikuspuntutik emakumearen subjektua «ez dela beti estrategikoena» azaleratu nahi dute. Alkortaren hitzetan, «une eta borroka batzuetan balio dezakeen arren, dualismotik sortzen da eta zapalkuntzatik dator».

Uma Ulaziak adierazi duenez, erabakiak harrera «positiboa» izan du, «erronka berriei heltzeko, patriarkatuaren markoa berrezartzeko, bide eta diskurtso berriak idazteko eta aliantza berriak egiteko» aukera ematen dielako.

«Klase sozial» gisa definitzen dute emakumea edo neska, horrek «gizonentzat dohainik lan egin behar izatea» suposatzen duelako, Alkortak eta Ulaziak esan dutenez.

A30eko greba

Hori dela eta, joan den azaroaren 30eko Zaintza Greba Feministaren aldarrikapen nagusia eta «subjektu politikoaren problematizazioak» batak bestea «zeharkatzen» duela uste dute.

«Zaintza gatazkaren irakurketa egiteko, posizio konkretu batzuk hartzeko eta borroka erradikaltasun batetik sustatzeko marko oso estrategiko bat ematen digu subjektuaren aldaketak», adierazi zuen Uma Ulaziak.

Hortaz, grebaren eta aldaketaren prozesuak «paralekoki» landu dituzten arren, «zuzenean elkar eragiten» dutela uste dute. «Grebako prozesuan zaintzaren auziak nola zeharkatzen gintuen hausnartzeko Baterajotze bat izan genuen. Borrokatzeko tartea hartu genuen eta tokian tokiko eragile feministekin artikulatu ginen greba antolatu ahal izateko», laburbildu du Alkortak.

Baterajotzeak

Aldaketa 2021ean Elizondon egindako Baterajotzetik dator, bertan neska* subjektua eztabaidagai atera zen-eta. Gero, Usurbilgo Baterajotzera eraman zuten «ezinegon» hau, iazko urrian. Ulaziak laburbildu duenez, Baterajotzeak dira sarearen «eztabaidagune nagusia» eta bi urtean behin egiten dira.

Beste helburuetako bat mugimenduen arteko saretzea da. «Sare hori artikulatzeko espazioak ere sortu behar dira», azaldu du Uxue Alkortak, «subjektu politikoaz hausnartzeko edo zaintzaz hausnartzeko». Horrela, «sarea indartzea, denak noranzko berean joatea eta iritzi kolektibo bat sortzea» lortzen dute feministek.

Patriarkatua irauli eta sistema berria eraikitzea da Euskal Herriko Gazte Feministen helburu nagusia. «Sistema iraultzeko lana nekeza da, luzea eta tarteko garaipen asko dituena», dio Ulaziak. «Horretan ari gara eta horretan ari garen heinean erronka lokalari eta nazionalari erantzuteko gaitasuna izan dugu, koordinzazioetan mugimendu feminista propio bezala eta sare propio bezala».

Jomuga horretaranzko bidean, herrietan gazteei «feminismotik politizatzeko, artikulatzeko eta militatzen hasteko» sareak eman dien aukera nabarmendu du Ulaziak, garaipenekin batera, erronka berriak ere sortzen direla gogoraraziz.

Jaurlaritza Logoa