En directo
«Gure industria eta nekazaritza defendatzeko neurri protekzionistetan pentsatu beharko dugu»
Proiektu europarra jarri du balioan Amaia Arrizabalaga hautagaiak eta Europar Batasunean hartzen diren erabakiek egunerokoan duten eragina azpimarratu du. Europak beste kontinenteekiko duen menpekotasunari aurre egiteko beharra aldarrikatu du bestalde.
«Gure industria eta nekazaritza defendatzeko neurri protekzionistetan pentsatu beharko dugu»
Geroa Bai Europa Solidarioaren Aldeko Koalizioaren barnean aurkeztuko da ekainaren 9ko hauteskundeetara EAJ, Geroa Socialverdes, Atarrabia Taldea, Coalición Canaria eta Proposta per Les Illes de Baleares alderdiekin batera. Zerrendako hirugarren postuan doa Amaia Arrizabalaga hautagaia.
Herritarrek datorren igandeko hitzorduari begira sentitzen duten urruntasunak kezka sortzen dio. Izan ere, nabarmendu du Europako Batasunean erabakitzen diren neurri eta politikek herritarren egunerokotasunean eragin handia dutela. Hizkuntzaren eremua izan daiteke adibideetako bat. Haren ustez, errazagoa behar luke Nafarroan zonifikazioarekin amaitzea Europan euskara ofiziala izatea baino; nahiz eta aspirazio zilegia izan. Euskara Europan «bizirik den hizkuntza zaharrena izanik, Europan euskara bezala beste hizkuntz gutxiagotuak» daudela esan du eta haiek aitortu behar direla uste du, nahiz eta zaila izan.
Protekzionismoa eta Next Generation
«Mundu globalizatu honetan» Europako industriak babes neurriak behar dituela nabarmendu du Arrizabalagak. Pandemian industriaren ahultasuna erabat agerian geratu zela nabarmendu du. Industria ez ezik, nekazaritza bera ere sustatzeko «neurri protekzionistak» beharrezkoak direla uste du. Oreka behar dela bi aldeen artean uste du, kanpoko produktuak ekarri bai, baina bertakoa sustatzeko eta errespetatzeko neurriak behar direla. «Europara sartzen diren produktuek bertako produktuek baino eskakizun gutxiago bete behar izatea ez da bidezkoa». Zentzu horretan, ispilu-klausulak jartzea neurri ona izan daitekeela deritzo.
Next Generation funtsak pandemiaren ondorioak arintzeko onak direla esan du. Aitzitik, Espainiako Estatuan oraindik 26 mila milioi kudeatzeko eman bai, baina oraindik asko dagoela banatzeko esan du. Funtsak erkidegoetara iristeko arintasun gehiago eskatu du. Espainiako Estatuak erkidego autonomikoekin zuzeneko lanketa egitea nahi luke Arrizabalagak.
Migrazio Itun berri baten alde
Migrazio politika berri baten alde dagoela azaldu du Arrizabalagak, politika hori elkartasunean eta giza eskubideetan oinarrituta behar duela egon. Berriki Europar Batasunak onartutako Migrazio Itun berriaren harira, hautagaiak azaldu du koalizioko diputatu Izaskun Bilbaok abstentziora jo zuela. Izan ere, koalizioa ez dator bat itunaren edukiarekin, nagusiki, «kanpotik etortzen diren pertsonei ematen zaien tratamenduarengatik». Europara itun berri baten proposamena eramango dutela azaldu du Arrizabalagak.