En directo
«Etorkizuna ez dago idatzita eta eskubideak defendatu eta areagotu egin behar ditugu»
Andeka Larrea Sumar mugimenduko hautagaia da Europar Legebiltzarrerako lehian. Alderdi horren proposamenok xehatu ditu NAIZ Irratian.
«Etorkizuna ez dago idatzita eta eskubideak defendatu eta areagotu egin behar ditugu»
Sumar mugimenduak Gernikatik egin du kanpainako azken ekitaldietako bat, bakearen Europa aldarrikatzeko, iragan asteazkenean. Abiapuntu hori du NAIZ Irratiak egin zion elkarrizketak. Zerrendan 35. postuan doa Larrea, Estrella Galan buru dela.
Palestinako genozidioa aipatu zenuten Gernikan. Nolako zubia dago Gernikaren eta Palestinaren artean?
Bakearen museoan egon gara, Estrella Galan zerrendaburuarekin eta Manu Pineda zerrendakidearekin batera. Bertan ikusi dugu zer nolako garrantzia daukan bakeak eta zer nolako eragina izan zuen eta duen gorrotoak. Egun Palestinan gertatzen ari den genozidioa gorrotoaren ondorio zuzena da. Gaurko ekitaldian azpimarratu dugu zein arriskutsuak diren gorrotoaren politikak, lantzean behin ahazten dira, baina gero militarizazioak bere horretan jarraitzen du.
Gernikatik Palestinari gure elkartasuna agertu nahi izan diogu eta gogorarazi dugu atzo bertan [astearteagatik] aitortu zuela espainiar Gobernuak palestinar Estatua, berandu badator ere. Urratsa da, baina gehiago eman beharko ditugu, eta Sumarren konpromisoa, Gobernuan dagoelarik, gure indar politikoa norabide horretan erabiltzea da, konponbidea bilatu eta bakeari bidea egiteko.
Belizismoa hauteskunde hauetan ere aipagai da. Horren baitan akordio aski esanguratsua sinatu zuten Ukrainak eta espainiar Estatuak. Nola uler daiteke Ukrainari mila milioi euro ematea armetarako eta gerra inustriarako, eta ez Palestinari?
Atzo bertan akordioaren berri izan ostean adierazi genuen ez dugula konpartitzen politika hori eta Gobernuan egonda gure kezka agertu genion PSOEri. Yolanda Diazek adierazi zuen gure adostasunik eza, bai gobernukide garen heinean, bai Kongresutik igaro gabe onartu delako laguntza militar hori. Horrelako erabakiak hartzeko Gobernu demokratiko batek Kongresuari galdetu behar dio zein den talde parlamentarioen iritzia, baita azalpenak eman ere.
Aspalditik eskatzen genuen Palestina aitortzea eta are gehiago eskatzen diogu orain PSOEri, neurri gehiago hartu ditzala Israelgo Gobernuarekiko exijentzia maila igotzeko eta Palestinari laguntza gehiago bidaltzeko.
Jendea ez dago oso erakarria Europar Batasuneko hauteskundeetarako. Zer egon daiteke honen atzean?
Mesfidantza, politikarekiko interesik eza... Behar bada, gazteen artean sumatzen dut gehiago, baina ez dira bakarrik gazteak. Europa urrutiko instituzioa den sentsazioa ere badago. Militanteok badakigu Europan hartzen diren erabaki askok eragin zuzena dutela gure bizitzetan. Bertan markatzen da politika ekonomikoaren marko orokor bat; esaterako, horren araberakoa izan zen pandemiari emandako erantzuna ere.
Datozen urteetako politika ekonomikoa definitzeko gakoa da, baita erabaki estrategiko batzuk hartzeko ere, gerrei aurre egiteko modua aukeratzeko, adibidez. Interes falta horri aurre egiteko saiatzen ari gara euskal herritar guztiei azaltzen zein den egitura instituzional handi hori, zer nolako erabakiak hartzen diren han eta zer nolako erabakiak hartu ditzakegun herritar moduan.
Europa urrutiko instituzioa den sentsazioa dago, baina badakigu Europan hartzen diren erabaki askok eragin zuzena dutela gure bizitzetan
Parte-hartzera itzulita, hauteskunde ziklo desberdinetatik gatoz. Alderdi politikoen baitan hausnarketa egiten da parte-hartzearen inguruan ala behin hauteskundeak igarota bigarren plano batean geratzen da?
Sumarren hausnarketa egin dugu, gure emaitzak zein egoera soziopolitikoa aztertzeko. Lantzean behin alderdien barruan sortzen diren polemikak eta ika-mikak ez dira batere lagungarriak herritarren konfiantza pizteko. Egoera politikoa, orokorrean, oso tentsionatuta dago eta erantzule desberdinak dauzka. Gu saiatzen gara esfortzua egiten hauteskundeen aurretik eta baita ondoren ere, gure ekintza politikoa planteatzeko, herritarrekin eztabaida izateko.
Next Generation funtsen banaketa apaldu delarik, austeritatea etor daiteke?
Baliteke. Alderdi batzuek agerian utzi dute haien ikuspuntua. Alderdi kontserbadoreek beti izan dute austeritatearen aldeko jarrera, 2008ko krisian pairatu genuen moduan. Orain, europar sozialdemokratak horren aldeko apustua egiten ari dira.
Ekonomiaren paradigma aldatu egin behar da. Pandemiari eman zitzaion erantzunak argi utzi zuen austeritatea erabaki politikoa dela, ez legea, eta atzerakoia dela. Erantzun hori egokia izan zen eta abian jarri ziren mekanismo batzuk, argi utzi zutenak badagoela jendartea babesteko modua.
Horrez gain, argi daukagu trantsizio ekologikoa, ezinbestean, trantsizio ekonomikoa ere izango dela, eta hori nola egin zehaztea dagokigu Europan.
Bestelako sistema ekonomiko horretan ere zeresana izango du lehen sektoreak. Europa mailan haserrea adierazi dute nekazari askok; nolako neurriak hartu behar dira?
Sektorearen egoera oso larria da, horrela izan da azken urteetan. Atzean dagoen arazo nagusia agroindustriaren interes ekonomikoak dira. Nafarroan oso ondo ezagutzen dugu afera, badakigu ez dela gauza bera sektoreko profesionala izatea edo agroindustria. Azken horiek finkatu dute markoa, ekoizleen kalterako, lobby oso handiak baitira, eragin handia daukatenak EBn.
Guk bestelako eredua planteatzen dugu, multinazionalen boterea murriztea eta laguntza ematea lehen sektoreko profesionalei. Baserritarrek planteatzen dute merkataritza libreko tratatu batzuk ez direla batere bidezkoak, sartzen diren produktuek ez dituztelako betetzen Europan haiei eskatzen zaizkien estandarrak, eta tratatu horiek bertan behera uztearen alde gaude gu ere. Europa mailan, alderdi kontserbadoreek eta sozialdemokratek tratatu hori mantentzearen alde egiten dute.
Ultraeskuina asko aipatu da kanpaina honetan. Akaso, diskurtsoa aldatu behar da eta ‘ez dira pasako’ esatetik ‘gaindituko ditugu’ esatera igaro?
Baliteke, ez da batere erraza. Salatu behar dira gorroto diskurtsoak. Euskal Herrian kostata lortu ditugu eskubide batzuk eta balio horien aurka egiteko saiakerak salatu behar ditugu. Gai izan behar dugu proposamen propioak aurkezteko, aukerak badaudela esateko gorrotoaren aurrean. Etorkizuna ez dago idatzita eta eskubideak defendatu eta areagotu egin behar ditugu. Esperantza hori daukagu, baita Europan ere.