En directo
Giroak, testurak eta elektronika nahikoa esperimentala uztartzen dituen disko interesgarria da Ke Lepo proiektuaren estreinakoa, ‘Izpi’. Forbidden Colours zigiluaren azpian atera da diskoa eta horrek dagoeneko zerbait adierazten du, izan ere, elektronikaren munduan asko ibili den eta asko sortu duen Aitor Etxebarria (El Txef_A bezala ezagunagoa elektronika munduan), dago zigiluaren atzean. «Aitorrek berak animatu ninduen eta esan zidan kantuak disko formatuan kaleratzeko nahia zuela, oso eskertuta nago», kontatu digu Alejo Orbegozo ekoizle eta musikariak.
Urte askoan Grises taldearekin aritu ostean, bakarkako bidea «oso bestelakoa» dela ere aipatu digu. ‘Sutondoa’ kantuarekin irekitzen da diskoa eta giro horretara, sutondora, eramaten gaitu sintetizadore atmosferiko eta electro mundutik gertuago dauden soinu sotilekin. Espazioa du abestiak eta ahotsen eta perkusioen testurek are goxoago bihurtzen dute.
Geruza asko dituzten kantuak badira, baina horiek kentzen ere lan handia hartu duela nabari zaio diskoari. ‘Kamutza’ kantua horren adibide. Abestietan bonboak dira protagonista, baina ez dira elektronikan ohikoak egiten zaizkigun bezalakoak, kutxarik ere ez da entzuten eta horrek guztiak berezi egiten du proiektu honen musika. ‘Outro’ bat ere badu kantuak, bigarren pista moduan aurkeztua, ihesbide moduan ere ulertu daitekeena.
Eguzkiaren onena itzala omen da, eta hori modu bikainean iradokitzen du ‘Kexpe’ kantuarekin Orbegozok. Hip-hop mundutik gertu egon daitekeen erritmo edo ‘beat’ bat sortu du, beroa, eta horrek itzala irudikatzea errezten du. 8-bit soinuak ere baditu eta plastikozko hodiekin eginda diruditen soinu batzuk ere sartu ditu abestian, istorio bat kontatu nahiko balute bezala. Itzalen eta argien arteko jolas horretan kokatu dezakegu ‘Izpi’ kontzeptua bera.
‘Bare’ kantu progresiboak ematen dio jarraipena, ahotsarekin sortutako pasarte goxoa duena eta soinuan ere aldaketaren bat edo beste sumatu daitekeena. Barealdi hori bakoitzak bere tokian kokatuko du, baina ‘Barru paxira’ abestirako bidean lagungarria egiten da oso. Eguzkitako ‘Kexpe’ hori norbera ‘Bare’ jarri eta ‘Barru paxira’ egiteko modua bilatzen du nolabait ere kantuen bilakaeran diskoak. Hau da, barrura begira jartzeko sortutako abestia dela hiru horietan azkena. Euriaren soinua duena eta disonantzia puntu bat ere bai, baina iluntasun hori modu argitsuan bukatzen du. Barrura begira jarri eta bakea sentitzen den une horretara iritsiko bagina bezala.
Uda eta beroa nabari dira ‘Xarma’ kantuan eta ez da kasualitatea txakur bat eta txitxarrak entzuten direla abesti horretan. Soinu gozoak ditu, marimba edo antzerako instrumenturen bat ere entzuten da. Askorentzat bero eta soinu horiek berek dute xarma, udak berak xarma berezia izaten duelako.
Soinu robotikoak, espazioa, haizea diruditen halako zaratatxoak… hori dena nahastu du ‘More’ kantuan Ke Lepok. Hutsunerik ez duen abestia. Itotasunarekin lotu daiteke, nahiz eta horrela ez izan, baina kantuen izenburuekin jolas egiteak dakar hori. ‘Arnasa berriz’ kantuarekin ematen zaiolako jarraipena. Shakerraren protagonismoa, nahasketa berezia duen kantua… Jolasean aritu da garbi Orbegozo.
90etako elektronikan erabili izan diren bonboen soinua entzuten da ‘Asuna ta menta’ kantuan. Kantu iluna, baina asunaren errea eta mentaren freskoa nahasteko ahaleginaren parte da hori. Guztia argitsu bukatzen da, ordea. ‘Izpi’, diskoari izena ematen dion kantuarekin agurtzen du debuteko lana Ke Lepok. Goxo-goxo eta argitsu.
Zuzenekoak abian
Aste honetan bertan, maiatzaren 25ean, Bergarako kartzela zaharrean arituko da Ke Lepo. Zuzenekoan Alejo Orbegozo musikarekin eta Gvridi bisualetan izaten dira, giro bereziak sortzen saiatzen dira. Kontzertu honetan, gainera, bailarako beste proiektu elektroniko hasiberri bat izango du ondoan, Zatibi, Mikel Iraeta azkoitiarraren proposamena. Elektronika zuzenean eginda eta Euskal Herrian sortuta. Moderat, Caribou, LCD Soundsystem eta halakoei begira ibiltzen gara askotan, bada, etxean, modu xumean bada ere, hasi gara halakoak sortzen.
Uda honetan Dantz jaialdian, uztailaren 17an, edota EHZ Festibalean, ekainaren 29an, izango da Ke Lepo bere ‘Izpi’ lana aurkezten. Orioko Azkura jaialdian, ekainaren 22an, edota Izarrako Harrikada Festibalean, uztailaren 27an, izango da. Bitartean, ez utzi MusikHaria saioan izan genuen elkarrizketa eta diskoa entzuteari, interesgarria baita Ke Leporen proposamena.