En directo
‘Autorretratua santu mozkor baten gisan’, hori da Mamu taldearen lehendabiziko diskoko lehendabiziko kantua. Izenburu bitxia inondik inora ere. Hogeita hamaika urte eta galduta dagoen pertsona baten irudia iradoki dezake, «arimarik gabeko gorputz» bat ere kontatzen du. Eta Bilbon kokatzen da, beno, Santutxun hobeto esanda. Argi uzten dute nondik datozen rock klasikoa eta distortsioa topera dituen abestian.
Ahots apurtuarekin abesteko hautua egin du disko honetan Jokin Erkorerak, Haxotz taldean melodikoago agertzen baita. Baina hemen, modu batera edo bestera, melodikotasun horri eusten dio. Power pop munduko ‘Doniene’ kantuak ematen dio segida, bateriaren soinua ere aldatzen diote hemen Mamukoek, gainera.
Calatravak diseinatutako Loiuko aireportuaren erreferentzia ikusi dugu, berriz, ‘Usakabi’ abestian. Maitasun kantu bat dirudi, aireportu horretan bertan askotan agurtu izan den bikote baten istorioa kontatzen digutela baitirudi. Nahasketan mimo handia jarri dutela agerikoa da abesti honetan, soinu bakoitza toki desberdin batetatik etortzen baitzaigu argi eta garbi.
Enpatia eskean datoz ‘Gauza guzti hauek’ kantuan. Mungiako soinua duen kantua, eta, zergatik ez, 2000etako rock britainiarretik gertu dator. Erabat desberdina den ‘Nor naiz’ kantuak ematen dio segida albumari. System of a down, BAP!! edota Jousilouli bezalako taldeak etortzen zaizkigu burura abesti honekin. Lehortasuna du adierazgarri nagusia Jokinek berak Gasteizen bizi izandako uneak gogora ekartzen dituen abestiak.
Ahotsa lehen lerrora etortzen zaigu ‘Abere’ kantuan eta hardcore melodikoaren munduan bukatzen dugu diskoari izena ematen dion ‘Mapa eta lurraldea’ kantuarekin. Amaiurren askatzeko beharraz hitz egiten duen kantua, gure herriaren historiari erreferentzia eginaz.
Naiz Irratiko MusikHaria saioan izan ziren guztia kontatzeko. Beraz, ETEN Espazio Sonoroan grabatutako diskoaren azalpenak xehetasun gehiagorekin ezagutu nahi dituenak, goiko aldean du elkarrizketa entzuteko aukera.