En directo

Ziraun taldea, akademia batean hasi eta ‘Argitik’ diskoa grabatzeraino

Gernikako boskotea da Ziraun, rockaren bueltan sortutako proiektua. Modu bitxian sortutakoa gainera, musika akademia batean, beren kontuak ikasten ari zirela, elkarrekin nola funtzionatzen zuten ikusteko jotzen hasi eta Ziraun atera zen hortik. Debutek diskoa kaleratu dute aurten, ‘Argitik’.

Audio_placeholder

Ziraun taldea, akademia batean hasi eta ‘Argitik’ diskoa grabatzeraino

Loading player...
Ziraun talde gernikarrak estreinako lana aurkeztuko du Lekunberriko Printzan maiatzaren 11n.
Ziraun talde gernikarrak estreinako lana aurkeztuko du Lekunberriko Printzan maiatzaren 11n. (Peio CAPDEVILLE)

Pello Arriola, Ibon BIlbao, MIkel Conde, Asier Morales eta Nerea Rute dira Ziraun taldea osatzen duten musikariak. Argi eta garbi rockaren maitaleak dira, antzematen da hori beren doinuetan. Papa Roachen nu metala, The Strokesen riff itsaskorrak, stoner klasikoagoa, Red Hot Chili Peppersen unibertsoa, edota, zergatik ez, Sua taldearen esentzia ere ikusi ditugu haien kantuetan.

Koldo Gezuraga eta Mikel Retolaza izan dira hitzak egiteaz arduratu direnak eta pare bat kolaborazio dotore ere izan dituzte diskoan. ‘Landare beltza’ kantuan Lide Hernandok hartu du parte eta Moonshine Wagoneko Goiatz Duttok ‘Deser[ta]tu’ abestian. 

Itzalak asko duela argitik eta gaizki egotea ere posible dela esanaz hasten dute diskoa. Bidean, hitzaren garrantziaz, harremanen hauskortasunaz, damuaren zamaz, bizitzak batzuetan sortzen duen itolarriaz edota apurketa baten aurrean bakoitza den bezala onartzeaz hitz egiten digute. 

Ainhoa Moralesen diseinuarekin kaleratu dute diskoa, lore beltz baten itzala ikusi dezakegu pareta zuri batean. Izatez ez dagoen lorea, baina norberak ikusten ez duelako. Lorea, egon, badagoelako. 

Datozen emanaldiak

Larunbat honetan, maiatzak 11, Lekunberriko Printzan izango dira Sua taldearekin batera oholtza partekatzen. Eta, atzetik, maiatzaren 25ean Bilbon, ekainaren 22an Gasteizen eta uztailaren 4an Gernikan izango dira iragarri dituzten kontzertuak. Sorta ederra aurretik beste bederatzi eman dituztela kontuan hartuta.

Bitartean, NAIZ Irratiko MusikHaria saioan izan zireneko elkarrizketa eta diskoa dituzue entzuteko moduan. Baita Beste Bat saioetan izan duten parte-hartzea ere. Proposamen interesgarria Ziraun taldearena.

Jaurlaritza Logoa