En directo

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Banatu dituzte VillaSound Bilbaoren 2024ko sariak

Rally 48 taldeak irabazi du biran aritzeko aukera eta S.A.D. taldeak, berriz, Musika Bulegoak ematen duena.

Audio_placeholder

Banatu dituzte VillaSound Bilbaoren 2024ko sariak

Loading player...
S.A.D. taldeak irabazi du Musika Bulegoa saria VillaSound Bilbaoren 2024ko edizioan
S.A.D. taldeak irabazi du Musika Bulegoa saria VillaSound Bilbaoren 2024ko edizioan (@ederrocket)

Hilabeteetako jardunaren ostean, aurreko asteburuan jakinarazi dira zeintzuk eskuratu dituzten VillaSound Bilbao ekimenaren 2024ko sariak. Bilborock aretoan astez-aste zuzenekoak eskainiz ibili dira hainbat proiektu azken ostegunetan eta dagoeneko jakitera eman dituzte zein kategoriatan irabazi duen proiektu bakoitzak.

«Rally 48 Bizkaiko talde bat da. M. Sanchez galdakoztarrak, Choisy eta Mark-L arrigorriagarrek, eta Etxebarriko Quiet-G ekoizleak osatzen dute. Soinu freskoak eta sentimenduz betetako hitzak dakartzate, eta hori guztia agertokietara eramateko gogoa dute», aipatu dute VillaSound Bilbaotik. Epaimahaiak haiek aukeratu ditu VSB TOUR 24 saria emateko, eta, ondorioz, lau kontzertu eskainiko dituzte lau hiritan, Son Estrella Galicia zikloaren eta aretoen barruan, banda ezagun baten kontzertuak irekiz.

Horrez gainera, Rally 48, Kalipotxo, Xabier Badiola, Mikosis, Markos García eta Gydeon dira 4. VillaSound Bilbaoren mentoring pertsonalizatuko faserako hautatu diren 6 talde eta bakarlariak. Sari horrekin, proiektu bat aurrera eramateko ikastaroak eta gidalerroak eskuratuko dituzte irabazleek.

Musika Bulegoa saria

Mentoringerako sarbiderik eskuratu ez duten arren, S.A.D. (Sistemak Arriskutsuak Dira) taldeak Musika Bulegoak emandako saria eskuratu du. ‘Nika’ izeneko disko indartsua eskuratu zuen Leioako taldeak. Liam O Maoalin, Xabier Seoane eta Aitor Urrutia dira taldea osatzsen dutenak eta rockaren ertz desberdinetatik jorratu dute beren azken lana. 

Goiko aldean duzue NAIZ Irratiko MusikHaria saioan izan zireneko elkarrizketa entzuteko moduan.

Bestelako sariak

Kalipotxo proiektuak eraman du BIME Live Saria, Mikosisek Aste Nagusia saria, Gideonentzat izan da Lokal Sessionsena eta Markos Garciarentzat Bilbao Basketek ematen duena. Horrekin osatu zen larunbatean La Paloma eta Alai proiektuen musikaz lagunduta egin zen sari banaketa. 

 

Jaurlaritza Logoa