En directo
«Zer egongo ote da beste aldean? Horrek mugitzen nau»
Hogei urte daramatza Imanol Larrañagak itsasertzetik itsasertzera jauzika, inon sustrairik bota gabe. Mexikon, Kalifornia Beherean da, egun, afizio bezain ofizio duen itsas bizitzari estuki lotuta.
«Zer egongo ote da beste aldean? Horrek mugitzen nau»
«Mundua handiegia da beti toki berean egoteko», dio Imanol Larrañaga bidaiariak. Azkoitia jaioterritik atera eta bi hamarkada osoz ibili da hara eta hona, motxila soinean. Hori bai, beti itsasotik gertu. Hogei urterekin egin zuen bere lehen jauzia, lagun batekin, Mexikora, anaia bisitatzeko aitzakiaz. Horrela, bidaiatzeko grina asetu baino, biderkatu egin zitzaiola dio Larrañagak: «Negargurarekin itzuli nintzen etxera, bizitzako bidaia izan zena amaitu egin zelako». Hala, abenturak jarraipena behar zuela sentituta, beste amu bati eutsi zion Azkoitia zapaldu orduko. Bidaiatu bitartean, zerbait ikasteko gogoz zebilen; horrela ingelesa ikastera joan zen, nora? Mapa hartu eta urrutien dagoen tokira begira jarri zuen begirada: Australia.
Hizkuntzan trebatzeaz gain, aurretik ezezaguna zitzaion ate bat ireki zen uharte erraldoian, urpekaritzan murgiltzeko aukera izan baitzuen. «Betidanik» gustatu izan zaio itsasoa bidaiariari, «ur azpian zer dagoen ezagutzea»; bada, egunerokoa merkeagoa izango zelakoan, Thailandiara joan zen bizitzera, zaletasuna lanbide bihurtzeko asmoz. Harrezkero, itsasertzetik itsasertzera ibil izan da abenturazalea, batez ere Asia hegoaldeko kostan, baita Mexikoko Kalifornia Beherean.
Ez du batere gustuko errutina errepikakorra Larrañagak. Hortaz, egunerokoan, monotoniak pisua hartzen duenean, bizitokiz aldatu ohi da: «Gogoko ditut aldaketen aurrean sabelean sentitzen ditudan tximeletak». Txanponaren beste aldean, neurria hartuta die egoera ezezagun zein berriek sorrarazten dizkien urduritasunei eta beldurrei: «Zer egongo ote da beste aldean? Horrek mugitzen nau».
Aldaketak aldaketa, kostaldetik gertu bizitzea du lehentasun, harreman estua baitauka itsasoarekin. Cabo San Lucasen bizi da egun. Oraingoz, behintzat, ez du inon sustrairik botatzeko asmorik. Nolanahi ere, hiru fantasia ditu buruan azkoitiarrak: «Erdialdeko Amerika zein Hego Amerika motorrean gurutzatzea, Afrika inguruan ibiltzea, ez baitut ezagutzen, eta Ozeano Atlantikoa itsasontzian zeharkatzea». Beteko al ditu bere erronkak?