En directo

Garazi Castaño
HENDAIA

Muga? Ez, zubia

Korrikaren 23. honek hasi eta berehala izan du aurtengo edizioko une garrantzitsuenetako bat, estatuek muga bihurtu dutena berriro ere zubi gisa adierazteko balio izan duena; Irun eta Hendaia arteko bidea milaka herritarrek egin dute, «ez, ez, ez... mugarik ez» oihukatuz. 

Audio_placeholder

Muga? Ez, zubia

Loading player...

Korrika Irundik abiatzearekin batera, honako hau da korrikako lehen egunean berezi izatea espero zen une nagusienetakoa. Gipuzkoa eta Lapurdiren arteko pasabidea da Santiago Zubia Bi lurraldeak batzen ditu, Bidasoa ibaia gainetik zeharkatuz.

Muga naturala behar lukeena, ordea, inposatutako muga da. Irun eta Hendaia arteko pasabideak Espainia eta Frantziako estatuen arteko banaketa ere irudikatzen baitu.

Ostegun honetan ordea, zatiketarik gabeko herriaren forma hartu du. Irundik abiatu da Korrika eta arratsaldeko bostetan Hondarribiatik Irunera itzultzera bidean zegoen. Ordurako ehunka lagun Santiago zubiko espaloietan kokatuta zeuden. Xutik, ilaran, tarterik libre utzi gabe. Ikurrinak, nafar ikurrak, presoen etxeratzearen aldeko banderolak, Palestinako banderak… Ikurrez estalita zegoen pasabide osoa. Eta jendea zain, irrikaz, urduri.

Geroz eta gertuago zegoen Korrika. Lehenik, motor bat pasa da. Etorreraren berri emateko sirena joaz. Pasa da petoak salgai dituen furgoneta ere. Urduritasunak gora egin du. Baina joaldunak iritsi dira, ordena jartzeko asmoz.

Eta bai, azkenean bai, iritsi da Korrika Santiago Zubira. 36. kilometroan Hendaiako gaztetxeak, Mintzaian elkarteak eta Hendaia Koopek hartu dute lekukoa. Bidasoa Etorkinekin eta Irungo Harrera Sarea elkarteek hartu dute ostean. Migratzaileen eskubideen alde egiten dute lan bi elkarteek, bakoitzak zubiaren alde batean. Muga zeharkatzea libre dela aldarrikatu dute. Mugarik gabeko herri bat baita geurea.

Txalo zaparrada artean egin dute aurrera lekukoarekin. Mugarik ez, eta independentzia oihukatu du jendeak. Atzetik iritsi da olatua. Irundik ehunka korrikalarik jarraitu dutelako Hendaia aurrera, euskal herri euskaldun eta harroa aldarri.

Jaurlaritza Logoa