En directo
«Datuek osatzen duten negozioa gero eta handiagoa da»
«Datu biometriko» horiek zertarako erabiliko dituzten jakin gabe, Worldcoin enpresak ehunka laguni irisa eskaneatu die, jarduera behin-behinean debekatu arte. Unai Aberasturi Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako zuzendariak norberaren pribatutasunaren garrantziaz jabetzera deitu du.
«Datuek osatzen duten negozioa gero eta handiagoa da»
Teknologiak legeak baino azkarrago garatzen direnean, herritarraren eskubideen babesa ezbaian gelditu daiteke, Bilboko Zubiarte merkataritza gunean duela gutxi lanean ibili den Worldcoin enpresaren kasuak agerian utzi duen bezala.
Bertan ehunka lagunen irisak eskaneatu dituzte, kriptotxanpon gutxi batzuen truke, eta datu pertsonal horiek zertarako erabiliko dituzten jakinarazi gabe. «Datuek (pertsonalek) osatzen duten negozioa gero eta handiagoa da», Unai Aberasturi Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako zuzendariak NAIZ Irratian esan duenaren arabera.
Datuak Babesteko Euskal Agintaritza izan da presio gehien egin duenetako bat lurralde mailan, enpresaren jarduera behin behinean eten ahal izateko. Etorkizunean ugarituko diren egoerak direla iritzita, alegia «datu biometriko» hauek kudeaketa desegoki eta ezkutu baten menpe geratu daitezkeela, hauxe da Aberasturik herritarrei egiten die aholkua: «Ezer baino lehen, garrantzia eman gure pribatutasunari».
Izan ere, eskubide bat «monetizatzen» ari dela nabarmendu du, eta galdera bat bota du: «Egingo zenuke hori beste eskubide batekin?». Adingabeen egoeraz ohartarazi du, «adin txikikoen datuek osatzen duten merkatua gero eta handiagoa delako». «Tresna eta aplikazio gehiago sortzen dira adingabeei zuzenduta bere datuak eman ditzaten. Bai bideojokoetan bai Instagramen bai Tiktoken bitartez. Gero eta aplikazio gehiago daude espresuki adingabekoei zuzenduta», azaldu du.
Hezkuntza arloan erabiltzen diren plataforma digitalen arriskuak ere aipatu ditu. «Datuen babesaren ikuspuntutik lan handia dago egiteko plataforma handien erabilera hitzarmen bitartez adosten delako, eta askotan hitzarmen horiek planteatzen dituzten klausulak edo arauak oso eztabaidagarriak direlako», esan du. EAEren kasuan, Lakuako Gobernuak ziurtatu behar du hitzarmenak betetzen direla, Aberasturik adierazi duenez.
Baina aditu honek aitortu duenez, zailtasunak daude hitzarmen horretan agertzen dena betetzen ez bada. «Nola egin dezakegu enpresak egin duen datuen erabilera desegoki hori kontrolatzeko?». Aukera bat da burujabetza erabiltzea tresna propioak aurrera eramateko, eta badirudi horretan pausuak eman direla jada. «Gure interesa da, batez ere Eusko Jaurlaritzarekin, kontaktu zuzena izatea ildo horretan bide hori egiteko».
Bideo kamerak, «segurtasuna versus intimitatea»
Bideo kameren hedapenari buruz ere hitz egin du NAIZ Irratian. «Askotan zailtasunak ditugu terreno lokaztu horretan funtzionatzeko, gai delikatua delako. Eztabaida historikoa da segurtasuna versus intimitatea. Eta egia da gaur egun sentsazioa dela segurtasunak irabazi duela talka horretan».
Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako zuzendariaren esanetan, halako sistemak «berme guztiekin» erabili behar dira. «Dagokion baimenarekin, informazioa emanez, herritarrek jakin dezaten zainduak izaten ari direla bideo sistema baten bidez, zein eskubide dituzten grabaketak egiten direnean, ea aukerarik dagoen grabaketa horiek ezabatzeko, noiz, nola eta nora jo kasu horietan, eta beren eskubideak urratu direla uste badute gugana etor daitezen».
Askatasun handia Poliziari kameren erabileran
«Bideo zaintza berez ez da txarra, baina derrigorrezkoa da berme guztiekin egitea, batez ere polizien partetik, horiek direlako polemika gehien sortzen diren eremuak», gaineratu du, eta argi utzi du «ez dela berdina kamera finko bat toki zehatz batean egotea karteltxo batekin, edo polizia bat ikustea bideo kamera batekin jakin gabe noiz aktibatzen duen eta nola eta zertarako erabiliko duen».
«Arriskua zein da? Askatasun handia ematen zaiola Poliziari kamera horien erabilera aurrera eramateko eta arriskuak handitu egiten dira. Gure lana izan behar da adi egotea eta protokoloak aztertu datu babesteko araudira egokitzen diren baieztatzeko», azpimarratu du.
Horretarako tresna bat dauka Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak, joan den uztailean Legebiltzarrean izapidetutako Datu Pertsonalak Babesteari eta Datuak Babesteko Euskal Agintaritzari buruzko lege berria hain zuzen. 20 urteko ibilbidea du dagoeneko erakundeak, baina haien lehentasunetako bat izaten jarraitzen du, are gehiago gaur egun, herritarrek jakin dezatela euren eskubideak babesteko lan egiten dutela.
«Ez da ona gure datuen gaineko kontrola galtzea. Hobe da garrantzia ematea intimitateari», nabarmendu du.