En directo

NAIZ irratia

«Zubietako herriak eman dizkigu ‘Negu Hurbilak’ filma egiteko pistak»

‘Negu’ kolektiboaren 'Negu Hurbilak' iritsi da zine aretoetara. Nafarroako Zubieta herrian kokatua, 2011 urtera eramaten gaitu zine antropologikotik asko duen fikzio honek. Epika alde batera utzita, muga gurutzatu nahi duen iheslari baten itxaronaldia kontatzen du.

Audio_placeholder

«Zubietako herriak eman dizkigu ‘Negu Hurbilak’ filma egiteko pistak»

Loading player...
Negu Hurbilak filmeko fotograma bat
Negu Hurbilak filmeko fotograma bat (Negu Hurbilak )

Mikel Ibargurenek 16 urte zituen eta Ekain Albitek 12, ETAk su-eten iraunkor, orokor eta egiaztagarria aldarrikatu zuenean. Biak dira ‘Negu’ kolektiboko kideak, dozenaka zinema jaialditik pasa eta gero, horien artean, Locarnokoa,  aste honetan estreinatuko da  Hego Euskal Herriko zinema aretoetan, baita  Estatuko hainbat aretotan ere. Estreinaldi bezperan izan dira Ekain Albite eta Mikel Ibarguren zuzendariak NAIZ irratiko 'Bideokluba' saioan.

Muga gurutzatu nahi duen neska gazte baten bizipena eraman dute pantaila handira. «Gure belaunaldiak duen naturaltasun batetik kontatu nahi genuen pelikula. Dokumentazio lana egiten konturatu ginen isiltasun eta kontentzio handia zegoela gaiarekin, oraindik. Horrek oso harrituta utzi gintuen. Galdera da: nondik datoz zauri horiek?» azaldu du Ekain Albite zuzendari zumaiarrak filmak duen izaera kriptikoaz galdetzerakoan.

15 egunetan egin dute filmaketa, bi kolpetan, eta  16 mm-tan, gainera. Baina aurretik lan asko egin dute bai dokumentazioan, baita Zubietako herritarrekin ere. Urte oso bat eman zuten dokumentazio lanak egiten, iheslarien esperientzia ezberdinak biltzen. «Grabagailurik gabe, eta errespetu osoz egin ditugu elkarrizketak eta  prozesu emozional oso gogorra izan da» kontatu du Mikel Ibargurenek. Bildutako esperientzia horiek guztiek goitik behera aldatu zuten hasieran gidoia idazteko zuten ideia: «Guk egitura bat genuen, epizidade batekin, baina lekukotasunak biltzen genituen heinean aldatzen joan zen hori», gehitu du Ekain Albitek.

 

'Negu Hurbilak' ez da ohiko film bat, batez ere, egiteko moduagatik. Hasteko, hasieran aipatu moduan, ‘Negu Hurbilak’ filma modu kolektiboan egin da, eta sortze-prozesuko bizipenetatik ondu dute filma. Zuzendaritzan lau lagun ari dira, horietako bi katalanak. Talde tekniko txikiarekin atera da ekoizpena aurrera, 15 lagun denetara, ia denak kataluniakoak, Terrassan dagoen ESCAC zine eskola baita proiektu honen abiapuntu.

Apenas izan dute dirurik filma aurrera eramateko, eta garrantzitsuena, «pelikula bizirik egon da beti, ez zegoen paper batean idatzita». Ez baitira Zubietara hurbildu gidoi itxi batekin, prozesua kontrakoa izan da, hala azaldu du Mikel Ibargurenek: «Guk gidoian egin dugun inbertsioa izan da Zubietarrekin denbora pasatzea. Beraiek eman dizkigute filma egiteko pistak». Buruarekin baieztatu du hori Albitek, eta gehitu: «Herrian egun batzuk pasa eta gero, etxera bueltatzerakoan, hitz egiten genuen bizitutakoaz. Eta galdetu: guzti horretatik zer balio digu pelikularako?».

Etengabeko transformazio horretan berebiziko garrantzia izan du Zubietako herriak. «Zubietara iritsi ginenean, dena hankaz gora jarri zen» esan du barrez Albitek. Denboraldi luzeak eman dituzte han, herritarrekin, beraien ohituren berri izaten, eta batez ere, egunerokoaren parte izaten. «Beraiek erakutsi dizkigute lokalizazioak, baimenak eskatu, elkar konbentzitu dira aktoreak, izugarrizko lana egin dute», gehitu du.

 

Jaurlaritza Logoa