En directo

NAIZ

Otegi: «Noiz demontre egin behar dugu polizia ereduari buruzko eztabaida?»

NAIZ Irratian egon da Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia, eta iristear diren hauteskundeez gain Tolosan gertatutakoa izan du hizpide. «Espainiar eredua» duten poliziakideek «Espainian lekua dutela» aipatu eta euskal ereduaren inguruko eztabaida «noiz demontre egingo dugun» galdetu du.

Audio_placeholder

Otegi: «Noiz demontre egin behar dugu polizia ereduari buruzko eztabaida?»

Loading player...
Arnaldo Otegi, NAIZ Irratiko egoitzan.
Arnaldo Otegi, NAIZ Irratiko egoitzan. (Jagoba Manterola | Foku)

Tolosan adin txikiko bat larri zauritu duen Ertzaintzaren oldartzea eta iristear diren Gasteizko Legebiltzarreko hauteskundeak izan dira Arnaldo Otegiri NAIZ Irratian egin dioten elkarrizketaren gako nagusiak. Lehenengoari buruz arnas luzeko hausnarketa utzi du EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, polizia ereduari buruzko eztabaida behingoz egiteko beharraz ohartaraziz.

Oldartzea «jai giro batean eta jendez lepo zegoen kale batean» gertatu zela aipatu du, «baina ez da lehenengo aldia. Polizia ereduarekin arazo bat dugula esan dugu aspaldi. Polizia propioa behar genuela, Polizia espainolak suposatzen zuen eredutik at, honek gure herria babesteko ez zuelako balio. Eztabaida demokratiko bat da. Ze Polizia mota nahi dugun erabaki behar dugu, herriaren zerbitzura omen dagoelako, herria babesteko. Eta noiz demontre egin behar dugu eztabaida hori?», galdetu du.



«Trantsizioan oso argi genuen hau, zein eredu nahi genuen. ‘Bobby’ena aipatzen zuen EAJk...», ekarri du gogora. Baina Ertzaintzak ez du bestelako jokabiderik garatu, ondorioztatu du. «Espainiar eredua kopiatu nahi dutenek badute tokia Espainian, ez hemen», adierazi du Otegik.

Bere ustetan, ohikoa da egitura instituzionalen barruan «bizitza propioa hartzen duten gorputzak» sortzea, «korporatibismoa» lantzen dutenak eta agintarien kontroletik kanpo askotan. Ertzaintzaren barruan horrelako zerbait gertatzen ari den susmoa du: «Zerbait deskontrolatua dago hor, ez dakigu Gobernuak noraino kontrolatzen duen Ertzaintza». Bere esperientzia propiotik azaldu du askotan oso jarrera ezberdina dutela polizia agintariek kaleetan, «baina interbentzio polizialak ezin dira agintari baten araberakoak izan», ohartarazi du.

Hausnarketa horren beharrean sakonduz, «ez da inoren kontrako eztabaida, ez da Ertzaintzaren aurkakoa», zehaztu du Arnaldo Otegik, «baina eredua finkatu behar da, zein profil behar diren zehaztu behar da…».

EAJ-PSE aliantzaren kalteak

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan laster egitekoak diren hauteskundeei buruz, bestalde, ez da harritu inkestetan EH Bilduri iragartzean dioten igoerarekin. Izan ere, «aspaldi ari gara esaten Euskal Herrian jendeak dituen baloreak askoz feministagoak, askoz independentistagoak, askoz berdinzalegoagoak direla» Lakuako Gobernuak ordezkatzen dituenen aldean, baloratu du.

EAJ eta PSEren arteko aliantzak, ordea, gehiengo hori desitxuratu eta izoztu nahi izan du. Joko horretan «batzuek abertzaletasuna mugatzen dute eta beste batzuek ezkerrera egitea mugatzen dute», «suma cero» estrategia landuz. «Eta nork egiten du sintesirik onena? EH Bilduk –erantsi du–. Gu independentistak eta ezkerrekoak garelako».

Eneko Andueza PSEko hautagaiak aurrekanpainan erabiltzen duen leloari heldu dio gero Otegi: «Gidoia aldatu da, bai, baina enteratu al da bera?». Iruñean gertatutako iraulia jarri du adibide, bai aliantza berrien aukeraz, bai eta EH Bilduren «filosofiaz» ere, eskuinari aurre egitea lehentasun jotzen duen neurrian.

«Faxismoaren igoera ez da broma bat. Europako Legebiltzarrean alde nagusiena izan daiteke», nabarmendu du. Horren aurrean indar batuketa aurrerakoiak behar direla uste du Otegik. Eta bide horretan EAJ eta PSErekin ere adostasunak behar direla defendatu du, «antifaxistak direlako gutxienez, historikoki izan dira».

«Herri pultsua» moteldu ote den, bestelako agendei lehentasuna emanez, ere galdetu diote Arnaldo Otegiri elkarrizketan. Honela erantzun du: «Hemen askapen mugimendua izan bada, nazio zapalkuntza dagoelako izan da, eta zapalkuntza horri lotzen zaizkio gainerakoak. Espainiar Estatuan kontraesan nagusia kontraesan nazionala da. Gure errezeta nahiko erraza da: feminismoaren ikuspuntutik, edo langileen ikuspuntutik, edo klima aldaketaren ikuspuntutik, nondik amaitu daitezke zapalkuntzak era errazenean? Euskal Herritik, Estatutik edo mundutik? Euskal Herritik, argi dago. Euskal Herria da enborra».

Jaurlaritza Logoa