En directo
... puntuz hasten da liburuaren izenburua, zer zegoen hiru puntu horien aurretik?
Denak dauka jarraipen bat eta liburuan agertzen diren pertsonaien istorioek, pertsonaien borrokak, guztiek daukate jarraipen bat. Horregatik ere jarri nituen eten puntuak izenburua hasteko. Pixka bat arraroa, eta argitaletxetik ere , ia hiltzen naute. Esaten zuten, hau gero katalogatzeko oso zaila zela, baina azkenean errespetatu zuten. Nire aukera hau.
Bada hautu estetiko bat ere...liburuak oro har, bilatzen du estetika berezi bat, ezta?
Bai, estetika ere garrantzitsua da. Liburuan kontatzen denaz gain, liburuak nik asko maite ditut, eta liburua objektu bezala ere gustatzen zait e a hori islatzen da. Irudiak, formatua... zaintzea garrantzitsua iruditzen zitzaidan, eta estetika bat izatea, eta izenburuak ere horretan harzten du parte.
Baziren urte batzuk narratibari heltzen ez zeniola, zerk bultzatu zaitu’...eta gauetik, euria’ idaztera?
Aurreko eleberria argitaratu nuenetik pasatu dira urte dezente, hamalau edo hamabost. Baina horrek ez du esan nahi ezer egin gabe egon naizenik. Gauza txikiak egin ditut, baina leberri hau idatzi aurretik, amaitu eta argitaratu gabe geratu diren beste eleberri batzuk ere izan dira.
Momentu batean ari zara idazten eta ez zaitu konbentzitzen, eta egin gabe geratzen dira... baina bat batean etorri zitzaidan ideia zoro bat, Tarzanena, Jonnhy Weismüllerren Tarzan izaten ahal zela historiako lehen proto-punka. Eta ideia horri tiraka, hasi nintzen berreskuratzen aurrez idatzitako pertsonaia batzuk, istorio batzuk... eta hortik etorri zen eleberri hau.
Eleberriaren muinean tesi bat dago hortaz...
Inaxiori, eleberriko protagonista nagusiari, bururatzen zaio, Tarzanen filma zaharrak ikusi, aztertu eta defendatu nahi du bere tesian hori dela historiako lehen proto-punka. Eta horretarako nahi ditu topatu hainbat paralelismo, adibidez The Clash taldearen ‘White Riot’ abestiarekin paralelismoa. Izan ere abesti honetan taldeak aldarrikatzen zuen beltzekin batera joateko matxinada zuria ere beharrezkoa zela. Irudimen handia jarri behar da paralelismo hauek bilatzeko, baina nik irudikatzen nuen Inaxio hau, Tarzanen filmak ikusten eta Tarzanek irudikatzen zuela matxinada zuri hori. Filmak oso kontrajarriak dira, baina batzuetan bakoitzaren interpretazioa eginez gero, ba topatzen dira zantzuak: esate abetra safarietara doazenean zuriak marfilaren bila eta Tarzan nola dagoen hauen kontra, irudikatzen nuen Tarzan bertako tribuekin bat egiten... nolabait paralelismo horiek aurkitu daitezke Tarzan eta The Clash taldearen aretan.
Tesiaren kontuak hasiera batean pisu gehiago zuen, baina arinduz joan nintzen, eleberriak horrela eskatzen zuela ohartuta.
Inaxio da pertsonaietariko bat baina ez bakarra...
Bera da protagonista argiena baina ez da bakarra ez, alboak ditu esate batera bi lagun Amaia eta David, hirukote polita osatzen dute. Gero ere badaude, oso klabeak diren bestelako pertsonaiak: liburu-saltzailea, Luis txatar-biltzailea, Bixintxo intsumisoa... auzo horretako eta Inaxioren lantegiko unibertsoa osatzen dute.
Errazagoa egin zaizu narrazioa ahots desberdinetatik kontatzea ahots bakarrean baino?
Errazago ez dakit, baina istorioak horrela eskatzen zidan. Trama nagusiarekin bakarrik hasi nintzen (zeren gero tartekatzen dira ikuspuntu desberdinak), eta hori zen nire asmoa, trama nagusi hori idaztea, baina aurrera joan ahala jabetu nintzen behar nituela ikuspegi hegiago, behar nuela pertsonaia bakoitzari tarte gehiago eman, azpi-hari horiek sailkatu behar nituela... eta horretarako ezinbestekoa zen beste ahots horiek ere jasotzea.
Askotariko pertsonaiak eta askotariko soinu banda ere badu eleberriak. Liburua irakurtzeaz gainera entzun ere egin daitekeela esan dezakegu!Musikak garrantzia handia du lan honetan.
Bai ezin dut saihestu, idaztena ari naizelarik etortzen zaizkit kantak, soinu banda nire buruan ere entzuten dut...eta hortaz liburuan ere agertzen dira. Alde batetik uste dut kantu hauek laguntzen dutela istorioa girotzen, kokatzen gaituzte ere garai batean, eta bestetik esango nuke tramaren parte ere badirela. Tramarekin bat egiten dute eta trama bera hobeto ulertzen ere laguntzen dute. Liburuaren amaieran bi QR-kode datoz, bata Spotify-koa eta bestea Youtube-koa, eta hauetan aurkitu ditzake irakurleak eleberriko abesti guztiak.
Musikak garai batera ere bagaramatzala aipatu duzu, hain zuzen ere 90eko hamarkadara, hor kokatu duzu istorioa zergatik?
Zehatz mehatz 93. urtearen amaieran eta 94.aren hasieran gaude. Oso garai interesgarria iruditzen zitzaidan. Baita musika ikuspegitik ere, 80ko hamarkada indartsu hartatik igarotzen ari ginen beste garai musikal batera, beste estilo batzuk sortzen diren garaira. Politikoki ere oso garai interesgarria da, zapatisten altxamendua kasu, XX. Mendeko lehen eta azken iraultza. Euskal Herrian ere gatazka ezberdinak zeuden pil-pilean, intsumisioaren besteak beste. Krisi ekonomiko bat re bizi zen 92aren ostean etorri zen ajea. Elementu asko elkartzen ziren nire ustez oso interesgarriak zirenak istorio hau garai hartan kokatzeko.
Liburu baten idazketa bada nolabaiteko bidaia bat ere, idazten hasterako irudikatzen zenuen bidea jarraitu duzu, aurrikusitako mapa jarraitu duzu, edo beste norabait eraman zaitu prozesuak?
Ez nekien nora eramango ninduen. Gainera norbaitek esan zuen idazteko bi modu daudela, bata maparekin, dena zehaztuta edo iparrorratzarekin, badakizularik norantz jo nahi duzun, baina ez dakizu ze bide egingo duzun. Nik normalean iparrorratzarekin idazten dut. Badut ideia bat eta banoa hari tiraka. Horrek ere bere arriskuak ditu, zeren bidegurutze batzuetan galduta sentitu zintezke, zeren gainera lau-bost urtetako prozesua izan da, ez da egunero idatzi dudana, gehienbat udan eta tarteak izan ditudanean, beraz buelta asko eman dizkiot. Baina bidaiaren amaiera ederra izan da eta oso gustura geratu naiz.
Liburua irakurtzean, ematen duen sentsazioa da, lan asko egin duzula bai (egitura aldetik, testu genero desberdinak...), baina gozatu duzula lan horrekin.
Bai asko gozatu dut. Lana izan da, irrati gidoia idaztea, balizko aldizkari baterako elkarrizketak eta beste hainbat testu mota esate batera, baina egin ditut istorioak horrela eskatzen zizkidalako, nobelak ematen dituen aukera horiek guztiak probestu nahi nituen. Hori da literaturaren magia. Testu mota hauek sartzeak beste ukitu bat ematen zioten bai narrazioari eta baita liburua beraren estetikari ere.