En directo
«Mendiak hitz egiten du; aurten informazio asko eman digu eta jakin dugu onena itzultzea zela»
Alex Txikon (Lemoa, 1981) Euskal Herrian da, Annapurna neguan igotzeko saiakera bertan behera utzi ostean. Arrisku nahikoa hartuta, denak bizirik itzultzea lehenetsi zuten. NAIZ Irratian onartu du sekulako esperientzia izan dela, «gure bakardadean mendiaren handitasunaz» disfrutatu egin dutela.
«Mendiak hitz egiten du; aurten informazio asko eman digu eta jakin dugu onena itzultzea zela»
Ez da gailurra egin behar mendian garaipena sentitzeko. Halaxe adierazi du Alex Txikonek, Annapurnara eginiko neguko espedizioa (“Annapurna Cold Peaks”) bertan behera utzi ondoren. Bihotzarekin harturiko erabakia izan zela adierazi du. «Suarekin larregi jolastu ginen», eta balioa eman dio denak onik itzuli izanari. Oraindik «burua eta bihotza» bueltaka dauka eta, beraz, zuhurtziaz mintzatu da lemoarra, hurrengo espedizio posibleez hitz egiterakoan.
Gustura hartzen da etxerako buelta, ezta?
Etxea gustura hartzen da, baina burua eta bihotza oraindik bueltaka dauzkat. Hain zuzen ere, Manasluko tontorra zapaldu eta 11 hilabetera joan ginen Annapurnara. Ez neukan hainbesteko tontor goserik. Hori ez da izan gakoa tontorra ez egiteko, baina Annapurna Annapurna da, eta bizi izan genuen tontor bat bezala, garaipena balitz bezala. Behe kanpamentuko azken orduetan poz-pozik ginen denok, han goian bizi izandakoa bizi eta gero.
Zer dela eta hartu zenuten espedizioa bertan behera uzteko erabakia?
Eguraldia oso ona izan da. Elur gutxi egin du eta horrek kalte egin digu. Aurrera egiteko garaian ondo ibili ginen, baina arriskua handiegia zen. Hartutako erabakiak ondo hartutakoak izan dira. Ohikoa izaten da Annapurna eskalatzeko franko-alemaniar bidetik soilik behin igarotzea, bigarren kanpamentutik gora. Gure taldean lau eta bost aldiz egin genuen goraka eta beheraka, hau da, zortzi eta hamar aldiz pasatu ginen leku arriskutsu konkretu batzuetatik. Gailur saiakeran eguraldi ona eduki genuen, baina desagertu zen goiko depositoa, kolapsatu egin zuen. Bertan behera utzi genuen saiakera hori. Bageneukan material gehiago, beti eramaten dugu sobera. Baina berriro egin behar genuen prozesu guztia, gehi gailur saiakera. Gehiegitxo zen. Suarekin larregi jolastu ginen . Penatuta, noski. Baina indarrak ere gastatzen joaten dira. Gailur saiakerarako justu antzean ibiliko ginen.
Toki hori, Grand Couloir, da alderdi bat, elurjausiak-eta izaten direna.
Hor daude hiru lau serak, itzelezkoak; 100 metroko altuera daukate. Ezin dugu imajinatu zer nolako arriskua daukagun hor goian. Bigarren kanpamentura arte nahiko eguzkitsua da Annapurna, baina hortik gora ez duzu eguzkia ikusten. Goizeko 7etatik 10etara bitartean, bost minutuero ikusten genuen elur jausi bat. Esperientzia daukat aurretik Annapurna mendian, eta bihotzarekin hartutako erabakiak izan dira.
Prezipitazio urriak eta tenperatura baxuek ere bere arriskuak dituzte. Zeintzuk?
Aurreneko igoeran ez genuen mendiaren garrasirik entzun, ez genuen ikusi elur jausirik. Baina bigarren igoeratik aurrera, ordu konkretu batzuetan, batez ere goizetan, mendia garrasika entzuten zenuen bost minutuero, eta gero balantzaka. Ez da mendi oso teknikoa, baina nahiko tentea da eta ez genuen ekipatu oso-osorik; tarte batzuetan sokarik gabe, arrakalak han eta hemen. Eta, beraz, hartutako konpromisoa handia izan da gure aldetik. Askotan ibiltzen gara goizean goiz, gero bueltan nekatuta zatoz, eta ezin duzu egin akatsik horrelako baldintzetan. 8.000 metrotako mendi batean arriskuak nonahi dauzkazu.
«Ezin duzu egin akatsik horrelako baldintzetan. 8.000 metrotako mendi batean arriskuako nonahi daukazu»
Arriskuak hartzearena izan da arrazoietako bat, baina akaso faktore erabakigarria izan da hirugarren kanpamentuan material guztia galdu izana.
Bai. Beti dauka eragina, beti bueltak ematen dizkiozu buruari, eta buruak lan asko egiten du hor goian. Isolatu egiten gara hor goian eta existitzen den mundu bakarra gurea da, ezin baitzaizu inor laguntzen etorri. Nork bere burua aurrera atera behar du, eta beldur horiei aurre egitea garrantzitsua izaten da. Burua da %80.
Horrelako erabakiak taldean hartzen dira. Zuregatik balitz jarraituko zenuke?
Beti izaten naiz burugogorra, baina azkenengo hiru-lau espedizioetan egon naiz Simonekin [Moro], eta egia da mendiak berba egiten digula, informazioa ematen dizu. Aurten informazio asko eman digu, eta jakin dugu onena zela etxera itzultzea. Tontorra ez dugu zapaldu, baina ez dugu pentsatzen tontorra premiazkoa denik. Kasu honetan zaila zen. Eta egunero gozatu dugu, arratsalde zoragarriak igaro ditugu, gau gogorrak baina ederrak aldi berean. Bakardade hori, handitasun horretan! Giro aparta eduki dugu. Hainbeste gozatu dugu, pena merezi izan duela.
Iaz Manasluko gailurra lortu izanak, nolabait, eragina izan du, ez duzuela hainbesteko presioa izan gailurra lortzeko.
Aspaldi ikasi nuen presiorik ez sentitzen. Bai tentsioa, gauzak ahalik ondoen egiteko. Ez dugu behar dirurik; altxor bakarra gure osasuna, ongizatea eta denboraren kudeaketa dira. Bizi izan duzunean horrelako egoera gogorra, Manaslun bizi izan genuen sufrimendua, hain presente izan dugu hori, ez dugula beharrik izan suarekin jolasteko. Horrelako gailur saiakera bortitzean ez dugu arriskatu nahi izan. Bestalde, aurten presente izan dugu Tenjen Lamaren desagertzea; horrek ere baldintzatu gaitu.
Azken urteetan espedizio asko egiten ari zara neguan.
Zein ederra den bakardade hori, isiltasun hori, mendiaren garrasi hori... Neguan sentitzen dena guztiz ezberdina da, are ederragoa da. Horregatik ibiltzen gara neguan. Hasi ginen ezustean, 2010ean eta 2011n parte hartu genuen neguko espedizioetan, eta harrapatu egin gintuen. Zahartzen hasiak gara adinez baina psikologikoki eta motibazioz gehiago ematen dugu. Aurten indartsuago topatu naiz, baina arlo guztietan bezala, jakin behar da gelditzen.
“Manaslu neguan” liburua aurkeztu zenuen Annapurnara abiatu aurretik. Ongi islatzen da bizi izan zenuten sufrimendua. Bizitzari agur esateko aukeraren aurrean hotz jokatzen duzu.
Ez dakit indartsua naizen edo ez, baina odol hotzekoa naiz, beti nago lasai. Momentu gogorretan lasaitasuna behar da. Eskarmentuak eraiki du gaur egun naizen Alex hori. Odol hotz horrek mantendu nau bizirik, inoiz ez naiz itsutu. Egunean zehar ditugun hainbat bidegurutzetan hartu behar ditugun erabakietan beti saiatu izan gara nahiko koherenteak izaten, eta ez erotzen. Nahiz eta batzuetan akatsak egiten ditugun eta ez dugun erabakiekin asmatzen. Buru hotz hori da dena, eta horrelako baldintzetan lasai egotea. Hil behar baldin badugu ere, lasai. Hau esan ahal dizut orain, 20 urte luzeko esperientzia pilatuta daukadala.
«Lagunen bat galtzen duzunean ez diozu inolako zentzurik aurkitzen egiten duzunari, ez eta bizimoduari ere. Tenjen Lamarekin hori gertatu zaigu»
«Tontorrean sentituriko emozioren bat deskribatu beharko banu, ez nuke esango poza denik», aipatzen duzu liburuan. Baina hortxe izan zara berriro Annapurnan. Paradoxa ere bada.
Askotan galdetzen dut ea zeren bila goazen. Nik neuk ere ez dakit. Erronka bat da, erronka bat den bezala eskalatzera ateratzea, hobetzen segitzeko. Baina eskalatzen nagoenean nahi dut marka hori txikitu eta hobetu. Benetan, ez dakit zertara goazen hara gora. Pozik gaude hau egiten, motibazioak mugitzen gaitu, gure nahiak asetzeak, aske sentitzen gara, gogotsu, irribarretsu 30 kiloko motxilarekin gorantz goazela... Guri merezi digu, eta merezi digun bitartean bertan egongo gara.
Liburuaren aurkezpenean aipatu zenuen Manaslukoa inoizko espediziorik gogorrena izan dela, sekula horrelakorik neguan ez zenuela egingo. Baina berriro bueltan izan zara. Zenbat aste irauten dizu horrelakorik egingo ez duzula ideia horrek?
[Barrez] Egunak izaten dira. Esan ahal dizudan gauza bakarra da: lagunak galdu ditudanean, orduan egon naiz gogo gutxirekin. Lagunen bat galtzen duzunean, ez diozu inolako zentzurik aurkitzen egiten duzunari, ez eta bizimoduari ere. Tenjen Lamarekin hori gertatu zaigu. Bakardade hori sentitzen duzu, gogo gutxirekin sentitzen zara.