En directo
Berrogei eta hamar urte atzera egiteko aukera eskaintzen du Atzar Hadi proiektu musikalak. Errobi taldeari omenaldi bat egin asmoz abiatu zuen Xabi Pery (Itoiz, Fermin Muguruza…) gitarra-jotzaileak burutazioa eta Jojo Bordagarai, Xabi Albistur, Patrick Calvet, Mikel Artieda, Javier Perez de Azpeitia eta Patxi Etcheverry batu zitzaizkion gerora.
«Urte eta erdi inguru daramagu honekin lanean, zortzi hilabete luzez entseatzen ibili gara eta duela sei hilabete edo aurkeztu genuen guztia Biarritzen, Atabal aretoan, 600 inguru ikusleren aurrean», kontatu digu Etcheverryk MusikHaria saioan.
Errobi taldea omendu nahian hasi zen guztia, haien musikak gaurkotasuna baduelako eta Xabier Pery bera musikan murgiltzera bultzatu zuen taldea izan zelako Anje Duhalde eta Mixel Ducau buru zituen Errobi. «Baina ezin aipatu gabe utzi Daniel Landart, haren hitzek ere gaur zentzurik ez baitute galdu», esan digu Angeluko musikariak.
Datorren larunbatean, urtarrilaren 27an, Astigarragako Oialume biltokian izango Hegoaldean emango duten lehen kontzertua. «Egun osorako plana antolatu dugu nahi duenarentzat, gainera. Sagardotegiak dira inguruan eta Baionatik autobusa antolatu dugu sagardotegira lehendabizi eta kontzertura gero joan nahi duenarentzat», aipatu digu Etcheverryk. NAIZen harpidedunen txokoan ere bada gonbidapenik zozketatzeko, baina bizi ibili beharko da, ostegunean, hilak 25, 10:00etan itxiko baita zozketan parte hartzeko aukera.
Gainerakoek, hemen eskuratu ditzakezue sarrerak. Hori bai, aurretik entzun goian Atzar Hadi taldekoekin izan dugun elkarrizketa.