En directo

Alba Cabrera

«Herrialdera eta bertan bizi den jendera gerturatzen laguntzen dizu bizikletan bidaiatzeak»

Kirgizistan eta Uzbekistan bisitatu ditu, berriki, bizikleta gainera igota, Asier Arroita bidaiariak. Bere abentura guztiak txiribuelta.eus atari digitalean ditu gordeta.

Audio_placeholder

«Herrialdera eta bertan bizi den jendera gerturatzen laguntzen dizu bizikletan bidaiatzeak»

Loading player...
Asier Arroita bizikleta bidaiaria
Asier Arroita bizikleta bidaiaria (Asier Arroita )

Bidaiak hiru aldiz egiten omen dira, Asier Arroitaren hitzetan: lehenik, bidaia amesten eta prestatzen duzunean; bigarrenik, abentura bera gauzatzean; eta, azkenik, behin amaituta, hori gogora ekartzen duzunean. Hala, berriki poltsikoratutako esperientzia bat du hizpide Ortuellako bidaiariak saio honetan: Kirgizistan eta Uzbekistan. Helmugek bezainbesteko garrantzia hartzen dute helmuga horietara iristeko bideek Arroitaren abenturetan. Bizikletan igo eta, pedalkadaz pedalkada, makina bat errepide gurutzatu baititu hamabost urtetan: «Herrialdera eta bertan bizi den jendera gerturatzen laguntzen dizu bizikletan bidaiatzeak».

Bisitatuko dituen errepideen ezaugarrien arabera prestatzen du bizikleta Arroitak: «Batzuetan, merkeago ateratzen zait, etxetik eman beharrean, bertan, bigarren eskukoa erostea». Gozamena bilatzen du elkarrizketatuak bizikletara igotzen den bakoitzean: «Bidaiatzen dudanean, bizikleta da nire etxea, sukaldea, logela, komuna…Etxea da, gurpilekin, baina etxea».

Aldapak eta zaldiak

Bixkek hiriburutik abiatuta, bakarrik ekin behar zion bideari, baina, azkenean, Murtziako hiru kide izan zituen lagun. Murtziako hiru kide, eta, errepide ertzeko belardietan, etengabean ikusten zituzten zaldiak. Arroitak adierazi bezala, garrantzi handiko animaliak omen dira Kirgizistango lurretan: «Oso errotuta dago beren kulturan zaldian ibiltzea. Lanabes gisa darabilte, baina baita aisialdirako ere: futbolaren eta errugbiaren arteko nahasketa egiten dute, zaldi gainean».

Naryn bitarte izan zen beren lehen etapa, Issyk-Kuletik, Titikakaren atzetik, munduko bigarren mendi-aintzira handienetik igarota. «Kirgizistanen ez dabil txirrindulari gehiegi, besteak beste, oso malkartsua delako». Dena dela, gozatu ederra hartu zuten bidean, eta Kirgis komunitate nomadarekin egoteko aukera izan zuten. «Nahiz eta beheranzko joera eduki, bada oraindik yurtetan bizi denik, azaldu du elkarrizketatuak, are gehiago, guk ezagutzen dugun etxe finkoaren alboan, etxola zeukaten muntatuta askok, eta denbora gehiena bertan igarotzen zuten, oso gustuko dutelako».

Bide maldatsuetatik, Samarkandara

Son Kul lakua ezagutu ostean banatu ziren Murtziako kideen eta Arroitaren norabideak, hirukoteak iparraldera jo behar baitzuten. Hala, Kirgizistanek Uzbekistanekin nahiz Tajikistanekin duen mugara gerturatu zen, Osh hirira, hain zuzen ere. «Erreferentziazko gunea» dela aitortu du Arroitak «bertan elkartzen gara hiru herrialde horietan bidaiatzen ari garenak. Guztira, bizikletan bidaiatzen ari ziren hamabi kiderekin egin nuen topo, nor bere bidetik etorrita».

Bere momentuko premiei Uzbekistango lautadak hobeto egokitzen zirela ikusita, aspalditik buruan bueltaka zeukan geldialdia egiteko aukera izan zuen: Samarkanda. Argazkietan bezain txundigarria omen da Zetaren Bidean dagoen geldialdirik nabarmenetarikoa, «ikaragarria» Arroitaren ustez: «Amestutakoa baino politagoa iruditu zitzaidan». Itxiera magikoa bezain ederra eman zion abenturazaleak bidaiari, etxera itzuli aurretik.

Saio honetan kontatutakoak eta gehiago gordetzen ditu Arroitaren txiribuelta.eus atari digitalak. «Fresko freskoan» idazten ditu kronikak, xehetasun handiz biltzeko, etorkizunari begira, toki bakoitzean bizitzakoak nahiz ezagututakoak ondo baino hobeto gordetzeko. Lesbos aldera ipini du begirada, orain, Arroitak, Zaporeak proiektuarekin bizpahiru astez egoteko. Bestalde aspaldi ziztatu zuen arantza kentzeko gogoz dabil: Zetaren Bidea eta Pamir mendikatea gertutik ikustea. Ahal bada, bizikletan, jakina.

Jaurlaritza Logoa