En directo
Hamarkadez sare herrikoiak ehundu ostean, estua eta iraunkorra da euskal herritarren eta sahararren arteko harremana eta sarritan gizabanakoz osatutako taldeak dira, txikitasunetik gauza handiak lortzen dituztenak. Horren eredu argi bat, Pasai Donibaneko Bixi-Bixi Kultur Elkartea da. Pare bat asteko egitasmoa behar zuenak, milaka kilometrora dauden bi herri lotzen dituen zubi bilakatu baitzen.
Itziar Goienetxea Bixi-Bixiko kidea defendatzean duenarekiko konprometitzen den horietakoa da, eta bere egin du Mendebaldeko Sahararen aldeko aldarria, eta sahararren egoerarekiko salaketa. Elkarteak duela urte batzuetatik antolatzen duen Gora Herriak egitasmoaren baitan, izan zuen lehen gerturatze bat Mendebaldeko Sahararekiko, eta handik gutxira, lehen bidaia Tindufera 2019an. «Kanpalekuetan egon ostean, Sahara gurekin gelditu da», azaldu du Goienetxeak, «taldetxo bat daukagu, Sahararen aldeko ekimenak egiteko», gaineratu du.
Heldu baino lehen batek irudika dezakeen arren zer nolakoa den egoera, Goienetxeak aitortu du harritu zuela bertan topatutakoak; «ez nuen espero pobrezia hura, baina pobreziarekin batera, ez nuen espero ezta zein pozik bizi diren, haurren irribarre hori...». Honekin batera, azpimarratu duenez, «ez goaz inor laguntzera», eurena bi aldeetako harremanak dira, beti oinarri politiko batekin.
Pasai Donibane ez da herri handiegia, 2.000 biztanle pasatxo. Eta Bixi Bixi, ez da baliabide gehien dituen elkartea, hori dela eta, are ikusgarriagoak dira sahararrekin koordinatuta lortu dituztenak. Eskolak argiztatzea, milaka haur okulista batek artatzea edota saharar emakumeei antisorgailuetarako sarbidea eskaintzea, besteak beste. Azkenaldian, ur biltegiak eraikitzen laguntzea dute helburu.
Udara begirako eskaria
Kanpalekuetara joateaz harago, Goienetxeatarren etxea, Oporrak Bakean programan parte hartzen duten gaztetxoentzako etxe ere bihurtu da. Antolaketa lanak laster abiatuko direnez, Mundu Bat Herrik eskaini dion mikrofonoan harrera familia gehiago behar dituztela adierazi du sanjuandarrak, «edonor animatu daiteke, jar daitezela gurekin harremanetan eta guk azalduko diegu zeinen aberasgarria den».