En directo

Oihana Azkue
NAIZ Irratia. Paraleloan eta Zebrabidea saioetako gidaria
Entrevista
Ander Lipus
‘Antzerkiaren Laberintoan’ lanaren egile

«Sorkuntzan kaosaren printzipioa ezinbestekoa da»

'Antzerkiaren Laberintoan' obra argitaratu berri du Ander Lipusek Susa eta EHAZEren eskutik. Bi liburukitan banatuta, lehenengoan antzerkigilearen bizipenetatik abiatutako bitakora bat osatu du, bigarrenean berriz antzerkigintzari buruzko euskarazko corpus teorikoa.

Audio_placeholder

«Sorkuntzan kaosaren printzipioa ezinbestekoa da»

Loading player...
Ander Lipus
Ander Lipus (Gotzon Aranburu | FOKU)

 «Sorkuntza kaosa da. Ez dago sorkuntzarik kaosik gabe. Eta anabasaren inguruan eraikitzen da dena. Denak balio du. Baina dena ez da edozer gauza. Ezetzaren printzipioak garamatza aurkitu nahi dugun leku horretara. Argi dagoenean zer ez dugun egin nahi, egin nahi duzun horren bila hasten zara. Emaitzak ez du axola. Bideak du dena egiten. Bidean egiten duzu dena. Erabakiak hartzen dituzu. Beharrezkoa da erabakiak hartzea. Bidearen xerka zabiltza. Ez da ezer ikusten eta argia da bilatzen duzuna. Zarata dago eta isiltasuna da bilatzen duzuna. Edo kontrakoa. Argitik ilunera. Isiltasunetik zaratara. Zer da bilatzen duzuna? Eta dena dira galderak. Erantzunik ez duzu. Eta bat-batean, erantzunak aurkitzen dituzu. Galdera berriak pausatzeko. Eta esentziara zoaz. Mamira. Intimoa den hori bestearekin partekatzera. Zeren eta ni bestea naiz. Eta bestea naizelako egiten dut teatroa». Ander Lipusen hitzak dira, Susa argitaletxearen eta Ehazeren elkarlanetik argitaratu berri duen ‘‘Antzerkiaren labirintoa’’ bi liburukiz osatutako obratik hartutakoak.

Hausnarketa hauek abiapuntutzat hartuta 600 orrialde oparoz osatutako bi liburukiak aurkezteko eskatu diogu antzerkigileari.

Sorkuntzarako oinarrizko printzipioa da kaosa, edo kaosetik ateratzeko ahalegina, ordenaren bilaketa, da bide horretan aurrera egiten laguntzen duena?

Ordena hitza ez zait asko gustatzen. Uste dut ordena bilatzen bazabiltza sorkuntzan aurrerapauso gutxi eman ditzakezula. Nire hasierako garaietan behintzat, Bilboko garaietan, sorkuntzan murgiltzen hasi nintzenean, batez ere nik amesten nuen antzerkigintza hori eratzen, kaosaren printzipioa ezinbestekotzat hartu nuen, hala baitziren nire sorkuntza prozesuak, nik uste edozein sortzailerentzat ere hala dela.

Ordena bilatzeko helburuarekin? Ez, uste dut beste printzipio batzuk bilatzen ditugula: kritika, autokritika, zerbait eragitea, gure gorputz eta emozioetan... eta horretarako ordena ez da batere komenigarria. Nahiz eta gero, prozesu horretan, ordenarekin ere noiz edo noiz jolasten duzun; ezinbestekoa da oreka bat izatea ordenaren eta kaosaren artean. Baina berez uste dut sorkuntza prozesuek ez dutela izan behar hain pentsatuak; halako hutsune batera salto egitea bezala izan behar dute, eta salto egiten horretan topo egiten duzu Epikurok aipatzen zuen klinamen horrekin, bizitzaren sorpresarekin. Zer litzateke artea, sorpresarik edo harridurarik ez balego?

Ezetzaren printzipioa ere aipatzen duzu. Ezezkoak ohartarazten digu zer den benetan nahi dugun hori?

Bai. Pertsona moduan eraikitzen zoazen neurrian, gutxika- gutxika erabakiak hartzen dituzu, eta erabaki horiek ez daude beti zure esku: mundu batean bizi gara, jende batez inguraturik... orduan gehiago da esatea ‘‘hau ez dut nahi’’, nahi duzun horrekin topo egitea oso zaila baita, mundu honetan ez baikaude bakarrik.

Ezezkoak zizelkatzen digu nahi dugun hori?

Nik hala pentsatzen dut. Isabel Escuderok bazeukan liburuxka bat ezetzaren inguruan, zinez interesgarria. Bere garaian asko inpaktatu ninduten bere esaerak, bere estetika horren abiapuntuak. Hortik gero sortu nuen ezetzaren estetika edo ezetzaren printzipio hori. Azkenean, Machadok esango lukeen bezala, ‘‘sinistu nahi dut pentsatzen dudan ezer ez dela egia izango’’, ezta?

Gure bidean, batez ere balio duena jolasa da eta jolas horretan ari zarela bidean tranpak jarri behar dituzu. Tranpa horietako bat da ezetzaren bide hori.

Machado aipatzen duzularik, ofizio honetan ere garrantzitsua da gogoan izatea helburua bidea bera dela, bidea egitea, eta ez horrenbeste helmuga?

Bai, zeren gure jolas edo ofizio honetan, emaitzak iristen dira baina ez dira oso ukigarriak, ez dira apenas ukitzen, txikiak dira bere handitasunean. Eta sorkuntza orok dakar beste baten sortzea. ‘‘Antzerkiaren labirintoan II’’ horretan zera aipatzen dut inperfekzioaz: gure lana ez da inoiz perfektua izango, beti dago airean, ezin da eskuekin harrapatu, kultura harrapatu ezin den moduan.

Bestearen begirada gabe «ez garela erabat» ere badiozu. Antzerkigintza zuretzat auto-eraikuntza lan bat ere bada?

Hori aipatzen dut liburuaren hasieran, haurtzaroa gogoratzean eta nola hasi nintzen antzerkiarekin harremantzen. Bazen idazle errusiar bat bere liburuetan askotan aipatzen zuena gizakiak txikitatik ze harreman duen antzerkiarekin: apaintzen gara, makillatu, eskumuturrekoak jantzi, tatuatu... horiek guztiak ekintza pre-estetikoak dira, oharkabean eraikitzen ari gara antzerki mundu bat bestea izateko; bestea azken batean gure ispilua baino ez da.

«Antzerkiaren labirintoan», bi liburukitan banatutako obra argitaratu duzu, 600 orrialde guztira. Nondik nora abiatu zinen proiektu honetan?

Nik uste dut nire ibilbidea aitzakia hartuta hor idatzitakoa badela ispilu bat nik antzerkiarekiko ditudan gogoetak plazaratzeko. Ez da ezer frakzionatua, nire baitatik idatzitakoa da. Ez da erraza izan, ni ez bainaiz idazlea, baina euskaraz antzerkigintzari buruzko gogoeta plaza bat izateko behar horrek eraman nau bi liburukitan banatutako 600 orrialdetako obra hau plazerez idaztera. Hustuta geratu naiz, beteta, orain irakurleari dagokio gozatzea edo liburuarekin haserretzea.

Zergatik bi liburukitan? Banaketa fisiko hori eskatzen zuen obrak?

Nik berez liburu bakar bat egin nahi nuen, labirinto horretan dena nahasirik jarriko nuen. Baina hor edizio lan bat dago. Oier Guillan ibili da edizio lanetan Ehazeko lantalde eder batekin batera, eta eurek argi ikusi zuten bi liburukitan banatzea zela egokiena, adreilu bat ez izateko.

Lehen liburuan gehiago kontatzen da nire koaderno bitakora, nire bizitza aitzakia hartuta nire inguruan antzerkia gehi beste alor batzuek, bai musika, dantza, arte bisualak, bertsolaritza... nigan izan duten indarra azaltzea eta bide horretan azken 50 urte hauetan nire konplize izan ditudanak jasotzea liburu batean ezinbestekotzat jotzen nuen. Eta hori da jaso dudana ‘‘Antzerkiaren labirintoa I’’ lehen liburukian.

Bigarren liburuan, betidanik faltan bota izan dudan zerbaiti erantzutera dator. Nire antzerki teoria guztiak ingelesez eta gaztelaniaz irakurri izan ditut, euskaraz ez dagoelako ezer aktorearen ofizioaren inguruaz. Horregatik ausartu naiz idaztera nire bizipenetatik abiatuta aktorearen teknikaren inguruan, gauzei hitza jarriz. Gauzak modu batean esaten dira, euskaraz ere bai, eta hori jasotzera dator lan hau. Hori dagoeneko Artedramaren laborategian, Aulestin, jarri genuen abian duela urte batzuk, orain teoriaren bitartez jartzea erabaki dut. Aktorearen ofizioari buruzko gogoetak. Azken urteetan plazaratutako artikulu batzuk ere jaso ditut bertan.

Corpus teoriko horren bizkarrezurra osatzerakoan zein izan da abiapuntua?

Kaosa! Ez nekien nola eraiki corpus hori. Nik teoriko handien liburuak irakurtzen ditudanean, horiek eduki ditut pixka bat jomugan, nola kontatzen dituzten euren teoriak. Askotan beraien idatziak irakurtzen dituzu eta ez da erraza ulertzeko, batik bat gure ofizioa oso praktikoa delako, eta horretaz idaztea ez delako samurra... baina begira, musika ere idazten da pentagrametan, badago idazkera bat. Ni urteen poderioz joan naiz guzti horiek jasotzen, eta ohartzen gauzek izen bat dutela; nik ere nire marrazkiak egin ditut, eta nire bidea egin.

Azkenean, teoriko horien jakintza eta nire esperientzia elkartu eta eskuragarri jartzea izan da helburua, betiere jakinda gauzak ez direla matematika hutsa, artea beti dela airean dagoen zerbait.

Oholtza gainean dagoenak edertasuna agertu behar duela, argi bat izan behar duela, diozu liburuan, baina hori nola lortu?

Nik uste dut argi hori lortzeko, zure alde intimoarekin bat egin behar duzula. Zure alde intimo horrek badu zerbait oso humanoa eta ederra eta hori publikoari eskaintzeko gai bazara, jada edertasuna eman diezu. Edertasun hori izan daiteke krudela, zakarra, tristea, patetikoa... baina nik uste benetakoa den hori transmititzen baduzu, lortuko duzula. Uste dut hori nire antzerkigintzan fundamentu oinarrizkoa dela.

 

Jaurlaritza Logoa