En directo
Formatu bereziko diskoa kaleratu du Aimar Cid Luna (Barakaldo, 1987) musikari bizkaitarrak. Sei abesti, beste hainbeste errezitatutako testu eta poesia liburu batek osatzen dute ‘Confesiones de un amor abstracto’. Bost urte dira hau guztia martxan jarri zuenetik, nahiz eta tartean Dientes de Luna taldearekin ere aritu den lanean.
Hau, ordea, zerbait pertsonalagoa da. Jagoba Ormaetxea izan du proiektu hau aurrera eramateko ezinbesteko konplize. Benetako istorioetan oinarritzen diren sei kantuz osatu du diskoa Aimarrek, biluztu egin da erabat eta maitasunaren inguruan izandako bizipen, gogoeta, terapia eta ikasketak kontatu dizkigu kantuz kantu. Azaroan hasi zuen ‘Monstruos y rosas’ aurkezpen biraren bidea goraino bete zen Bilboko Cotton Club aretoan eta abenduan Puerto de Béjarren izan da. Urtarrilean Madrilen, Tafallan eta Zaragozan izango da, eta, atzetik, otsailean Bartzelonan, martxoan Sevillan eta apirilean Valladoliden ditu hitzorduak. Baina ziur gehiago ere etorriko direla tartean.
Diskoa eskuratzeko kontzertuetan bada modurik, baina Aimarrek eskura emateko nahia du, eta, ahal dela kafe bat hartuz. Beraz, badakizue, idatzi Aimarri, eskatu diskoa eta hitz egin maitasun abstraktuaz lasai ederrean.