En directo

Naiz Irratia

«Genozidio bat da eta zenbait kasutan gerra krimenak egiten ari dira»

Benjamin Netanyahu nazioarteko epaitegietara eramatea «egingarria» dela uste du Gernika-Palestina herri ekimeneko Agus Hernanek. Horixe bera da Mundubat fundazioarekin batera martxan duten kanpainaren helburuetako bat, Gazan lankidetza proiektuak bultzatzearekin batera.

Audio_placeholder

«Genozidio bat da eta zenbait kasutan gerra krimenak egiten ari dira»

Loading player...
Ostegunean eman zuten kanpainaren berri Bilbon. Agus Hernan, eskuinetik lehena.
Ostegunean eman zuten kanpainaren berri Bilbon. Agus Hernan, eskuinetik lehena. (Oskar Matxin | FOKU)

Donostian egindako manifestazio jendetsuaren, tokian toki egindako ekintzen eta Gernikan irudikatutako mosaiko ikusgarriaren ostean, palestinarrekiko elkartasunean indarrak biltzen dihardu Gernika-Palestina herri ekimenak, Gazak bizi duen sarraskiaren aurrean. «Genozidio bat da eta zenbait kasutan gerra krimenak egiten ari dira», azaldu du Agus Hernan ekimeneko bozeramaileak. Erakundeek eta gobernuek kale egiten dutenean, herritarren txanda da.

20.000 lagunen babesaren premia dute, funtsak bilduz hiru helburu nagusi sustatzeko. Lehena, Benjamin Netanyahu Israelgo gobernuburua Naziorteko Zigor Gortera eramatea; «Zigor Gortearen fiskal nagusia arrastoak biltzen dabil, beraz oso egingarria da», azaldu du Hernanek. «Jakin badakigu bide luzea izango dela», onartu du.

Bigarren helburua, dagoeneko eskasa zen eta urriaren 7az geroztik txikituta gelditu den Gazako azpiegitura berreskuratzea izango da. Hernanen esanetan, berreraikitze fasea iristen denean, «oso garrantzitsua izango da herritarrok laguntza ekonomikoa bideratzea».

Kanpainaren azken helburua etxera begirakoa da, Palestinarekiko elkartasuna bizirik mantentzeko, «jendeak duen ezinegona elkartasun aktibo bihurtu dadin», adierazi du herri ekimeneko ordezkariak.

Onartezina dena, normalizatuta

Agus Hernan Naiz Irratian izan denerako, ia 22.000 pertsona hil dituzte Palestinan, 55.000 baino gehiago zauritu dituzte, gehienak haurrak, eta milioi eta erdi herritar baino gehiago errefuxiatu bilakatu dira. Emandako zenbakiez hausnartzera deitu du Agus Hernanek: «Badirudi hildakoak anonimoak direla, baina izen abizenak dituzte».

1948tik abian den okupazioan, etengabe palestinarren minarekiko «etsipen sentsazio bat» inposatu nahi izan dela dio Hernanek, «eta ezin dugu onartu –aldarrikatu du–, haiek estatistika soiletan bihurtzea».

Jaurlaritza Logoa