En directo
Iritsiko da edota iritsiko zaie helbidea helarazi dietenei. Izan ere, postal bat izan dute salmentan aurtengo Durangoko Azokan. Modu bitxia da disko bat helarazteko, baina aldi berean taldearen izaerarekin bat egiten duena. Bidaietako geldialdietan sortu izan ditu kantuak Iñigo Asensiok eta horrela sortu zen 2021eko ‘Bagoi hutsak’.
Oraingoan, ordea, bizitzaren bidaian gertatzen diren ezusteko gertaerak izan dira kantuen sorburua. Hala, diskoaren izena bera ere hortik joatearena, ‘Ezusteko kantak’. Momentuz, lau abesti dira, bosgarren baten lagina aurkeztu zigun MusikHaria saioan Iñigo Asensiok, eta hori osatzen duenean helaraziko die postala aurretik eskaria egina dutenei.
Suizidioaren gaia, heriotzaren atariak batzuei eta besteei sortzen dizkiguten beldurrak, Palestinan ematen ari den zapalkuntza edota bizi dugun gizarte artifizialari egindako kritika topatu ditzakegu diskoan.
Zuzenean aurkezpen batzuk egin ditu dagoeneko, baina, momentuz bereziena, bihar, abenduak 27, Donostiako DabaDaba aretoan izango da. Talde osoarekin bertan aurkeztuko baitu postalen kolekzioko azkena Iñigo Asensiok bere taldearekin, iluntzeko 20:00etatik aurrera.