En directo

Oihana Azkue
NAIZ Irratia. Paraleloan eta Zebrabidea saioetako gidaria

'Euskelelea' eta 'Subh' Erlearen lehen eztiak

Erlea zigilua sortu dute Miren Zeberio eta Enrike Solinisek beren proiektuak argitaratzeko. Haurrei zuzendutako 'Euskelelea' ipuina eta diskoa, eta helduentzako 'Subh' disko liburua dira lehen argitalpenak. Paraleloan izan dira lan hauek aurkezten.

Audio_placeholder

'Euskelelea' eta 'Subh' Erlearen lehen eztiak

Loading player...
Enrike Solinis eta Miren Zeberio
Enrike Solinis eta Miren Zeberio (Mattin Zeberio)

'Erlea' jarri diote Miren Zeberio eta Enrike Solinisek elkarrekin sortu duten zigiluari. Ez da ausaz aukeratutako izena, erleen eta kultura, musikaren artean antzekotasun handiak ikusten dituztelako. Biak dira ezinbestekoak gure egunerokoak aurrera egin dezan, munduak funtzionatu dezan, gure bizitzak elikatu eta gozatzeko... baina aldi berean biak daude arriskuan, ez ditugulako behar bezala eta behar adina zaintzen.

'Euskelelea' izeneko proiektua izan da argitaletxe propioarekin gorpuztu duten lehena. Enrikek Portugalera egindako bisita batean du sorrera 'Euskeleleak', bertan jakin baitzuen, garai batean bertan ibiltzen ziren marinel bizkaitarrek «gitarrico» moduko bat izaten zutela sarri lagun, eta mundura egindako itsas-bidaiei esker musika-tresna hori bazter desberdinetara hedatu zela, lekuan lekuko izena hartuz, hara nola Hawaiin ukelelea.

Hasieratik argi izan zuten istorio horretatik abiatuta zerbait egin nahi zutela haur eta familiei zuzenduta. Luthier lagun bati eskatuta, euskelelea sortu ere sortu dute: euskal pilotako palaren itxura duen lau sokako gitarratxoa. Aparteko bidelagunak hartuta, Juan Kruz Igerabide idazlea eta Irrimarraren ilustrazioak, diskoa eta liburua etorri dira. Diskoan narrazioak eta abestiak uztartzen dira, Maika Etxekopar da  kontalari eta ahots nagusi, baina kantu lagun ditu Leire Berasaluze eta Lore Zeberio Larraza ere. Euskal Barrok  Ensebleren eskutik dator berriz musika (Enrike Solinis eta Miren Zeberiok partekatzen duten musika taldea). Liburuan hitzek eta irudiek pisu handiagoa dute, baina kantuen partiturak ere jaso dituzte. Zuzenekoari dagokionez saioen formatua agertoki eta testuinguru bakoitzera egokitzen saiatzen dira, eta asmatu dute horretan, egindako saioetan publikoarekin lortutako hartuemana bikaina izan baita.

Hasieratik harrapatzen du bat 'Subh'-en istorio musikatuak ere. Ikerkuntza lan mardul baten ondorioa da disko liburua, Al-Andalus gobernatu zuen gatibu baskoiaren istorioa hitz eta doinuz jasotzen duena. Erdiarora garamatza 'Subh'-ek, aparteko emakume honen bizipenak eta gora-beherak irudikatu dituzte, garaiko historia liburuetatik jasotako informazioaz baliatuz, Granadako Unibertsitateko Manuela Cortés García katedradunaren laguntza izan dute horretan. Eta garaiko balizko musikaren doinuak irudikatu ditu Enrike Solinisek. Euskal Barrok Ensemblek doinuratu ditu konposizioak disko honetan ere, eta besteak beste Julio Sotok jarritako bertsoak ere jasotzen ditu bertsolariaren ahotsean.

Hauek Erlearen lehen ezti-poto gozoak, baina erleen modura Miren Zeberiok eta Enrike Solininisek ere ez diote lan egiteari uzten, etorriko dira gehiago ere.

 

Jaurlaritza Logoa