En directo

Zuriñe Iglesias
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva
Entrevista
Reyes Azkoitia
Pilotari ohia

«Faboritoa Aldai da, baina beti egoten da zirrikituren bat sorpresarako»

Master Cupeko Lau eta Erdiko finala jokatuko dute igande honetan Amaia Aldaik eta Goiuri Zabaletak Durangon (12.00etan, ETB1). NAIZek Reyes Azkoitiarekin batera aztertu du finala. Dimoztarra kaiolako hirugarren txapelaren bila joango da, eta leitzarrak estreinako finala izango du.

Audio_placeholder

REYES AZKOITIA

Loading player...
Reyes Azkoitia iazko artxiboko irudi batean.
Reyes Azkoitia iazko artxiboko irudi batean. (Jaizki FONTANEDA)

«Faborito nagusia Amaia Aldai da, baina beti egoten da zirrikituren bat sorpresarako», lerroburu hori eman du Reyes Azkoitiak (Azkoitia, 1952), Master Cupeko Lau eta Erdiko finalaren atarian. NAIZek pilotari ohiarekin aztertu ditu finaleko bi aurrelariak; «emozio handiko» finala izatea nahi du, «orekatua» eta «onenak irabaz dezala».

Azkoitiarra Abadiñoko frontoira joan zen iragan asteazkenean jokatu ziren finalerdiak ikustera. Ez zuen «espero» Goiuri Zabaleta finaleraino iristea, baina «hor dago»; bai, ordea, Amaia Aldai, baina ez hain «erraz». Dimoztarrak nagusitasun handiz irabazi zion Miriam Arrillagari, 22-3. Leitzarrak, aldiz, hasieran partida erraz joango zela bazirudien ere, amaierarako sufritu egin behar izan zuen Leire Garai azpiratzeko, 22-19.

Zabaletaren eta Garairen arteko partidan, Azkoitiak gasteiztarra jotzen zuen faboritotzat «beteranoetako bat delako, hari irabaztea oso zaila delako, eta Olatzi [Arrizabalaga] irabaztetik zetorrelako (22-14)». Partida «oso gogor» joan zela adierazi du, eta nabarmendu, leitzarrak piloteoan «asko» hobetu duela, eta «patxadaz» jokatu zuela.

«Goiuri [Zabaleta] gaztea izan arren, indarra hartzen ari den heinean, gora eta gora egiten ari da. Finalerdian uste dut Garairi baino hobeto atera zitzaizkiola gauzak, abantaila handia hartu zuen, eta hori baliatuta lortu zuen irabaztea. Baina, batez ere, piloteoan oso serio ikusi nuen. Orain arte tantoak bukatzera oso azkar joaten zen, eta asmatzen baduzu oso ondo, baina ez baduzu asmatzen, zure kalterako izaten da. Eta finalaurrekoan oso goian ikusi nuen, uneoro buruan zuen piloteoan jokatzea, eta uste dut partida horregatik eraman zuela».

«Zabaleta gaztea izan arren, indarra hartzen ari den heinean, gora eta gora egiten ari da»

Aldiz, Aldairen eta Arrillagaren arteko demak ez zuen gorria beste kolorerik izan; Azkoitiaren hitzetan, aginagarrak «apenas» jarri zuen «erresistentziarik»: «Badakigu Amaia [Aldai] txapeldun handi bat dela, indartsuena hura dela eta fisikoki gogorrena. Errematean asko baliatzen du bere jokoa, baina pentsatzen nuen Miriamek [Arrillagak] kontra gehiago egingo ziola».

Bere ustez, Arrillagari hauxe gertatzen zaio: urte osoan partida oso gutxi jokatzen dituela ezker paretan, eta gero partida hauetan, tentsio eta exijentzia handikoetan, kosta egiten zaiola mailari eustea. «Hala ere, finalaurrekoan eman zuen baino goragoko maila du berak».

Zabaletaren aukera, Aldai partidatik irtetea

Goiuri Zabaleta eta Leire Garai, pasa den asteazkenean, Abadiñoko frontoian Master Cupeko finalerdietan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Finalari begira Aldai da ezbairik gabe faboritoa, «bai niretzat, baita beste edonorentzat ere»: «Indartsuena bera da, fisikoki berak izango du erresistentzia gehien, eta gero aireko jokoa asko-asko hobetu du. Oso kontrario gogorra da banan-banakoan. Berari irabaztea zaila da».

Hori bai, ahulguneren bat ikusten dio iazko txapeldunari, eta zirrikitu hori aprobetxatu beharko du Zabaletak. «Amaiak arriskua du batzuetan partida zailtzen bazaio, agian neurketatik irteten dela. Uste dut Goiurik irabazteko aukerak hortik etor daitezkeela. Baina horretarako estutu egin behar duzu, eta uste dut gaur egun Amaiari estutzea oso zaila dela».

Aldai bi urtez jarraian izan da txapeldun, eta Azkoitiak nabarmendu du hori «zerbaitengatik» dela. Hala ere, final bat denez, pilotari ohiak esan du partida «jokatu egin behar dela, eta jokatu aurretik, ezin dela esan irabazita dagoela».

«Indartsuena bera da [Aldai], eta gero aireko jokoa asko-asko hobetu du. Oso kontrario gogorra da banan-banakoan»

Zabaletak irabazteko, Azkoitiarrak uste du partidak norabide hau hartu behar duela: «Goiuriri hasieratik gauzak ondo ateratzea, eta aldetxo bat hartuta, Amaia partidatik irtetea edo horrelako zerbait. Oso neska indartsua da, eta teknikoki asko hobetu du. 22 urteko neskatila bat da 14 urteko baten aurka. Orain, horrelako pilota batekin indarra asko antzematen da».

Belaunaldi berriak, ate joka

Aldai txapeldun bat dela jakin badakigu, baina, nola jokatzen du leitzarrak? Haren bertuteak aletu ditu Azkoitiak, eta bereziki haren kalitate teknikoa nabarmendu du.

«Iaztik esaten genuen, izugarrizko kalitatea ikusten zitzaion, esku mutur ederreko neskatila da. Finalerdian ezkerrarekin bota zuen lehenengo dejada, sekulako detaile teknikoa da, eta alde horretatik ikusten zen oso jantzita zetorrela. Piloteoan gora egin du, tantoa erraz bukatzen du beti, eta finalaurrekoan ikusi zen tantoa azkar bukatzeko tendentzia hori aldatu zuela, eta kontrako joko hori egiten asko hobetu duela».

Amaia Aldai eta Miriam Arrillaga, pasa den asteazkenean, Abadiñoko frontoian, Master Cupeko Lau eta Erdiko partidan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Atzetik ateak joka dagoen belaunaldi berri baten aurpegia da Zabaleta, baina ez bakarra. Enara Gaminde atzelaria ere aipatu du Azpeitiak. «Lau eta erdian jokatzeko datorren belaunaldi berria ona da. Gaminde, esaterako, atzelaria izan arren, ondo aritzen da kaiolakoan. Mendizabal ere maila handian jokatzen ari da. Gaztetxoen artean punta-puntan Goiuri eta Gaminde ipiniko nituzke».

Bukatzeko, Azkoitiak nabarmendu du Master Cupen, eliteko txapelketaz gain, beste lau ere jokatu direla: bi pilota gozoan eta beste bi mistoan. «Nesken pilota abiadura handia hartuta dago eta denek dute jokatzeko aukera. Nik pilota txikitatik nuen gustuko, eta nik ez nuen aukera hau eduki. Oraingoek, behintzat, aukera dute eta aprobetxa dezatela».

Jaurlaritza Logoa