En directo
«Kantuak daude eta destilatutako kantuak daude. Presaren eta istantearen emaitza direnak eta tantaketa luzearen emaitza. Bigarren taldean kokatuko nituzke disko honetakoak, tentuz eta tantoz tanto egindako lanaren fruitua baita Betazalak» Harkaitz Canoren hitzak dira, Xabi San Sebastianen azken lanari buruz. Eta horrelaxe ondu du musikariak 'Betazalak', artisau lan bat izan da hitzez hitz, doinuz doinu, eskuz eta bihotzez eraikia.
Musikariaren Irlanda, Eskozia edo Ipar-Ameriketako folk doinuen entzunaldien zertzelakak dituzten 10 kantuk osatzen dute diskoa, erroan edo ariman beharbada, Xabier Leteren begirada kritikoa dutenak (Leteri buruzko 'Loreak eta zauriak' ikuskizunarekin buru-belarri ibili da azken urteetan San sebastian).
Doinuak beste harrapatzen gaituzten hitzak jasotzen dituzten kantuak dira, Beñat Gaztelumendi, Harkaitz Cano, John Milton, Iñigo Astiz eta Xabi San Sebastian Berak sortuak. Doinutik hitzera egindakoak dira batzuk, hitzetik doinura besteak, eta bada donutik hitzera eta hitzetik beste doinu batera bidaiatu duen kanturik ere: Iñigo Astiz-en hitzak jasotzen dituen 'Lerro etenak' zoragarria kasu.
Lezoti estudioan grabatutako diskoan ametsetako banda izan du lagun Xabi San Sebastianek:Karlos Aranzegi baterian, Nando Neira koontrabaxua eta baxuarekin, Quico Pugès txeloarekin, Arkaitz Miner biibolinarekin, Satxa Soriazu teklatueta, Pello Gorrotxategi eskusoinuarekin eta Nahia Valleren ahots ederra Konpai kantuan . Xabi San Sebastian bera entzungo dugu abesten, baita gitarrak eta ukelelea jotzen ere.
Durangoko azokan izan du diskoa zuzenean aurkezteko aukera eta gozo hartu du publikoak. Data berrien zain geratuko gara, larunbat honetako emanaldi berezira joaterik izango ez dugunok (bere haurraren ikastolan emanaldia eskainiko du). Eta zuzenekoak iritxi bitartean, egun busti eta hotz hauetan bidaiatzeko, edo egun busti eta hotz hauetatik bidaiatzeko?Bietara ere, lerroz lerro lagunduko gaituen soinu banda.