En directo

Bigarren Kafea

ANDER ZUBILLAGA: «Nire kantak kaleratu nahi nituen, nirea zen zerbait, neretzat egina»

'Itsasoan Elurra' izena du Ander Zubillagaren bakarkako lehen lanak. Gitarra erdigunean duen diskoa, egilea bera ere horixe baita, gitarrista. Estilo eta influentzia ezberdinek eraman dute musikari tolosarra lan hontaraino, eta gurean aurkeztu du. 

Audio_placeholder

ANDER ZUBILLAGA: «Nire kantak kaleratu nahi nituen, nirea zen zerbait, neretzat egina»

Loading player...

Laguna dugu, etxekoa, eta poza ematen du horren ibilbide musikal luzea duen musikariak bere lehen lan pertsonala kaleratu izanak. Nabari da atzean duen lana eta mimoa, eta ereindakoa ez dakit jasoko duen baina gu eta gure barruak goxatu ditu beste behin.

Baina nolakoa izan da prozesua? Horixe galdetu diogu. «Proiektu askotan parte hartu izan dut, baina hau bezalako barruko nerbiosismo hau ez dut izan orain arte. Disko hau nik buruan beti nuen, banekien nire abestiak kaleratu nahi nituela, nahiz gutxi izan, baina zerbait nirea zena, niretzako egina», aitortu du Zubillagak. 

Familia ere motibazio iturri izan dela aipatu digu, eta seme alaben jaiotza ere bultzada nagusi izan da Anderrentzat abestiak biltzeko adorea batzeko orduan. «Erabaki nuen nere bigarren seme den Elur jaio zenean, bukatzeko neukan abesti bat amaitzea, ,eta bideo batekin kaleratzea, pentsatu gabe diskoa etorriko zela, eta motibazio zikloak bideratu ninduen urtetan gordetako abestiak grabatzera» azpimarratu du musikari tolosarrak. 

Urteetako jardun horretan beti izan du gitarra bidelagun, eta gaur ekarri duen Gretsch gitarra berezia ere horren adierazle da. «Urte dexente daramatzat gitarra jotzen, elektrikarekin hasi nintzen, asko aritutakoa naiz soloak eta abar egiten, baina eboluzionatzen zoaz, kontserbatorioan ere ikasi nuen estilo asko joaz eta denetatik ikasten da asko» adierazi du Zubillagak.

Irakaslea ere bada Ander, badu akademikoa den ibilbidetik, baina auto-ikasketa ere bereizgarri dela esan digu eta berak bide horri ere gogor ekin diola. Halaxe azaldu digu: «Kontserbatorioa apustu bat izan zen, honetara dedikatu nahi nuelako, berdin zitzaidan titulazioa, ikasi nahi nuen. Baina egia da, irakasle batek ez zaituela kitarra-jole bikain bilakatuko, bidea eta tresnak emango dizkizu, baina norberak egin behar du garapena, kuriositateak asetzen eta praktikatzen».

Bakarkako proiektua izanik, diskoa grabatzerako orduan laguntza izugarria eduki duela kontatu digu. «Zorte handia izan dut lagun eta musikari ederrak egon baitira nire ondoan, gozada izan da motibatuta zeudela ikustea eta asko transmititu dit horrek».

Zuzenekoetan bakarrik ibiliko da, bidelagunen aportazioak tresna eta baliabide ezberdinekin defendatuz. «Diskoa taldean sortu dut, baina udaran etxean pasa dut bakarrik jotzen, hainbat gailu eta eta looperrarekin jolasten, eta prestatu dudan kantu sorta bakarka defendatuko dut, kitarra nere mugetara eramanez, erritmoak sortuz...». Hala eta guztiz ere aukerak ere izango dira Ander Zubillagaren proiektua banda formatuan ikusteko ere. Berandu baino lehen.  

Amaitzeko, aipatu nahi izan du ere familiaren babesa, norbere proiektua aurrera emateko inguru sano eta eraikitzaile bat izatearen garrantzia. «Dena zor diot familairi. Erabaki nuenetik hau zela nire bidea, nire pasioa eta bizitza, ahalik eta ondoen antolatzen saiatzen gara. Egunean ez dudan denbora gauean aurkitzen dut maiz, eta denen laguntzarekin eta bakoitzaren esfortzuarekin lortu dugu disko hau ateratzea», aitortu du Zubillagak. 

Jaurlaritza Logoa