En directo

NAIZ irratia

NAIZ irratiak zuzenean eskainiko du Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala

Urriaren 7an Iruritan hasitako bidea bere helmugara iristear da. Larunbat honetan, abenduak 2,  jokatuko da Nafarroako Bertsolari Txapelketa, eta NAIZ irratiak zuzenean eskainiko du finala 16:30etatik aurrera. Paola Oskoz kazetaria eta Ekhiñe Zapiain bertsolariak aurkeztuko dute saioa.

Nafarroako Txapelketaren finalean arituko diren zortzi bertsolariak, gaur Anaitasunan.
Nafarroako Txapelketaren finalean arituko diren zortzi bertsolariak, gaur Anaitasunan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Eneko Lazkoz, Joanes eta Xabat Illarregi anaiak, Josu Sanjurjo, Julio soto, Saats Karasatorre, Sarai Robles eta egungo txapelduna de Saioa Alkaiza Iruñeko Anaitasuna kiroldegiko oholtzara igoko dira larunbat honetan Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala lehiatzeko, eta NAIZ irratiak zuzenean eskainiko du finala arratsaldeko 16:30etatik aurrera.

Nafarroa bertsolaritza osasuntsu eta anitz agertu dela nabarmendu du Nafarroako Bertsozale elkarteak,eta gaineratu  zortzi finalisten argazkiak ere hori islatzen duela. Orain bi urte bi finalista berri izan baitziren, eta aurtengoan beste bi berri daude, eta hori transmisioan etengabe egindako lanaren fruitu dela nabarmendu du elkarteak.

Alaitz Rekondo Lesakarrak jarriko dio aurten txapela txapeldunari. Bertsozale Elkarteak lesakarraren lana aitortu eta eskertu nahi izan du txapela jartzeko izendatuta.Bertso munduaren aurpegi ezberdinak ongi ezagutzen ditu Alaitz Rekondok. Nafarroako Bertsolari Txapelketan hainbatetan kantatu du, eta gai jartzaile lanetan 21 urte daramatza. Horretaz gain, hamaika urte egin ditu Nafarroako Bertsozale Elkarteko Lehendakari bezala, pasa den otsailean utzi zuen ardura eta Nerea Bruñok hartu du lekua.

Larunbateko finalak bi atal izango ditu. Lehen atala zortzi bertsolariek jokatuko dute. Bigarren atalera, aldiz, lehen atalean puntuaziorik altuena lortzen dutenak pasako dira, eta haiek jokatuko dute buruz burukoa. Bi atalak batuta puntuaziorik altuena lortzen duen bertsolariak jantziko du txapela.

Gai jartzaileak Ainhoa Larretxea eta Ander Aranburu izango dira eta epaimahaia Aimar Sagastibeltzak, Amaia Telletxeak, Joseba Beltzak, Mikel Beaumontek, Nere Bruñok eta Saioa Mitxelenak osatuko dute.



NAIZ irratiko ZUZENEKOA

16:30etan hasiko da NAIZ irratiko emankizuna Iruñeko Anaitasunetik, finala baina ordu erdi lehenago. Paola Oskoz kazetari lesakarra ariko da aurkezle lanetan eta ondoan izango du Ekiñe Zapiain bertsolari beratarra. Zapiainek parte hartu du edizio honetako Txapelketan eta finaleko ataritan geratu da Vianan eta Altsasun kantatu ondotik. Saioa FM bidez eta streaming bidez zabalduko da.

Non entzun?

Internetez NAIZ Irratia zuzenean

FM frekuentziak:

Donostia 93.8
Urola 91.8
Goierri 102.2
Legazpi 94.6
Bilbo 92.2
Gernika 96.7
Durango 97.4
Gasteiz 91.5
Bortziriak 103.1
Leitza 95.1

Jaurlaritza Logoa