En directo

NAIZ Irratia
Entrevista
Unai Irigarai
Aurizko alkatea

«Despopulazioari aurre egingo diogu gazteak herrian gelditu daitezen»

Auritzek, Nafarroako beste 37 herrik egin moduan, udal hauteskundeak errepikatu ditu igande honetan. 104 boto eskuratuta alkate berria da Unai Irigarai. Gobernantza parte-hartzailea, herritarren bizimodua errespetatuko duen turismo jasangarria eta etxebizitza izango dira udal berriaren lehentasunak.

Audio_placeholder

«Despopulazioari aurre egingo diogu gazteak herrian gelditu daitezen»

Loading player...
Unai Irigarai, Auritzeko alkate berria
Unai Irigarai, Auritzeko alkate berria (Idoia ZABALETA | FOKU)

Nafarroako 37 udalerritan errepikatu behar izan dituzte hauteskundeak igande honetan. Horietako bat da Auritz eta bertako alkate berria da Unai Irigarai, 104 boto eskuratu baititu Agrupación Independiente Aranandi hautagaitzak. NAIZ Irratian aritu da hauteskunde jardunaldiaz eta herrian dituzten erronkez hizketan.

Nolako balorazioa egiten duzu hauteskunde jardunaldiaz?

Positiboa, herriko taldeak irabazi zituelako hauteskundeak. Nabarmentzekoa da bost hautagaietatik hiru gazteak garela, lehendabizikoz aurkezten ginenak, eta herriaren babesa jasotzea pozgarria izan da.

Escaños en blanco hautagaitzak bi boto jaso ditu. Zer iruditzen zaizu proposamena Auritzen aurkeztu izana?

Testuingurutik kanpo zegoela iruditzen zait eta herriak ikusi du horrelako hautagaitza batek ez zuela zentzurik gurea bezalako herri txiki batean. Horregatik, bizkarra eman diete horrelako taldeei. Aipatu nahiko nuke Urrotzen edo Areson hautagaitza bakarrak zirela eta, Auritz bezalako herri txikiak izanik, ez duela inork bozkatu.

Hain zuzen, Urrotzen azkenean gestora bat izendatu beharko du Nafarroako Gobernuak. Auritzen, ordea, belaunaldi erreleboa egon da; zerrendako bi hautagaik 23 urte dituzue. Esanguratsua da askotan politika ez delako gazteriarekin lotzen.

Egunotan errepikatu izan dugun kontu bat da, herriko jendearekin. Balioa eman behar zaio, ikusita Udalean zegoen jendea urte anitzez egon dela ardura horietan. Ikusi genuen bazegoela aukera eta beharrezkoa zela gazteak sartzea Udaletxean, gazteek ere ardura hartzeko. Horrela, hiru gaztez osatutako zerrenda aurkeztu genuen, erakusteko gure momentua zela eta herriak behar zuela gauzak egiteko modu berriak eta ideia berriak txertatzea. Gure herriak eta eskualdeak dituen erronkez arduratzeko gai zen talde bat aurkeztea beharrezkoa zen.

Zeintzuk izango dira lehenbiziko erronka eta eginbeharrak?

Kontuan izan behar da Auritz bezalako 200 biztanleko herri batek ez daukala gaitasun ekonomiko handirik. Erronka handienetako bat gauzak egiteko modua aldatzea izango da, Batzarrea indartuz eta auzolana bultzatuz, gobernantza eredu parte-hartzaile batera bidean. Horrez gain, egunero suertatzen diren erronkei aurre egin behar izango diegu. Hala nola, frontoiko teilatua konpontzeko daukagu, kultur etxea zaharberritu beharra dago, bideak eta errepideak konpondu behar dira...

Eredu aldaketa izango da eginbehar nagusia, batez ere eskualdeak eta herriak berak dituen beharrei aurre egiteko. Besteak beste, despopulazioari aurre egingo diogu, gazteak herrian geratzeko. Horrek esan nahi du etxebizitza publikoa indartzea eta lana bermatzea, gazteak herrian geratu ahal izateko eta bizi proiektuak hemen garatu ahal izateko.

Hauteskundeak errepikatu behar izan dituzten herri askoren faktore amankomuna da despopulazioa?

Bai, despopulazioa eta geroz eta gizarte indibidualistago batean bizi garela. Noski, politika da eta politika egiteko aurkeztu gara, baina horrelako herri txikietan hautagaitza aurkeztea bada gehiago konpromisoa, begirada kolektibo eta komunitario bat izatea, eta garaiotan horrelako balioak gainbeheran daude. Horrelako konpromisoa izateak eta begirada jakin hori izateak erakusten du, nahiz eta askotan esaten den gazteak ez daukagula interesik politikan, badela gure garaia eta badaukagula konpromisoa.

Auritz bezalako herri txiki batean badago konpromisoa gazteen aldetik, ez bakarrik Udalean egoteko, baita herrian dauden bestelako elkarteetan parte hartzeko ere.

Despopulazioarekin oso lotuta dago non kokatzen diren gazteenentzako ikasketa zentroak. Nolakoa da egoera Auritzen alor horretan?

Txarra, Pirinio guztian bezala. Auritzen azken hamar urteetan ez da jaiotzarik izan eta egon direnek Iruñera alde egin dute, beraz egoera ez da ona. Gero eta herri eta eskualde zaharkituagoak dauzkagu, eta hemendik bi urtera jaiotzarik ez badago, herriko ikastetxea itxiko dute. Egoera honi buelta ematea da erronka handienetako bat.

Jakin badakigu lan hau bakarrik egitea ezinezkoa izango dela eta behar-beharrezkoa dugu Pirinioetako beste udal eta kontzejuekin batera lan egitea Pirinioetako mahaiaren bitartez. Elkarlanean lortuko dugu datu hauei buelta ematea.

Turismoa beste erronketako bat izango da.

Turismo jasangarri baten alde egingo dugu lan, herriko enpresa eta turismo elkarteekin elkarlanean. Kontuan izan beharra dago Auritz eta eskualde osoa landa ingurunea dela eta ekonomiaren oinarria abeltzaintza eta nekazaritza direla. Horregatik, errespetuzko turismo baten alde egin nahi dugu lan, balioa emango diona bizitzeko modu honi, inbasiboa izan ez dadin.

Azken urteetan turismoak gorakada izan du eta bada motore ekonomiko garrantzitsua, ez gaude horren kontra. Hori bai, kontuan izan behar da non gauden eta zer nolako kaltea eragin dezakeen gehiegizko igoerak.

Jaurlaritza Logoa