En directo
Lasaitasunean, isiltasunean, andere misteriotsu batek begitara begiratzen zaitu. Urazal misteriotsu bat dira bere begiak eta barnera begiratuz gero, izarren eta ilargiaren misterioak antzeman ditzakezu. Bere atzean, oihal fin batek estaltzen du barne mundurako bidea.
Zuk, bidaiari, uste duzu ez duzula baimenik sartzeko eta bertan zer dagoen zure begiez ikusteko. Andereak ez dizu sartzerik galarazten, kontua da, ez dakizula nola, ezin baita arrazionaltasunetik inkontzientearen mundu irrazionala ulertu.
Nonbait irakurri diegu, honakoa esaten: «Ez da egon emanaldirik ez duguna inprobisatu. Jendea ez da konturatzen, baina zuzenekoetan inprobisatzen dugu. Paperak galtzea gertatu izan zaigu, adibidez, eta emanaldian galdu ditugula esaten dugu, baina jendeak ez daki egia den, ala ez».
Nolabait, guri ere antzera gertatzen zaigu Alde Erantzizen. Zer egongo ote gidoian idatzia, zer buruak ahora bapatean ekarria? Zer egia, bizipena, eta zer fikzioa? Bizipenetik eta fikziotik edaten dute/dugu interesatzen eta gurutzatzen zaizkigun/zaizkien kontuak zuekin elkarbanatzeko.
Behin, iraultza txikiak pentsatzen eta pizten aritu ginen batean, txosnako barraren atzetik entzun genituen. Gure lehen aldia zen. Badakizue, hitzak laban eta luma, bat ala beste, edota biak batera! iltzatzen zaizkizunean? Halakoxea izan zen. Barre eta negar egin genuen. Marabillosoa izan zen.
Gauzak hamaika eratan esan daitezke, baina poesiak badu bakoitzaren murruak higatu eta norbere kartografietako ur uherretara igarotzeko gaitasuna. Gauzak esateko haien modua, poesia da.